Zuria
|
Kolore koordenatuak
|
Hamaseitarra
|
#FFFFFF
|
RGB
|
(r, g, b)
|
(255, 255, 255)
|
CMYKN
|
(c, m, y, k)
|
(0, 0, 0, 0)
|
HSV
|
(h, s, v)
|
(-°°, 0%, 100%)
|
Zuria (halaber, txuria edo xuria) argi ikusgaieko koloreen nahasketa da. Gorputz batek espektro ikusgaieko argi guztia islatzen badu, horrek duen kolorea da. Batzuetan kolore akromatikotzat hartzen da, beltzarekin batera.
Isaac Newtonek aurkitu zuen beira batetik argi zuri bat pasatutakoan, kolorea sortzen duten beste kolore guztietan deskonposatzen zela ikustean. Fenomeno horrek dispertsio izena du.
Etimologia
Adituen ustez,[1] zur erroa eta *-i partizipio-atzizkia bereizi behar dira hitzaren osaeran, inguruko erdaretako zenbait kolore-izenetan ere gertatzen den bezala (ikus gaztelaniazko morado, anaranjado edo frantsesezko rosé partizipioak). Ez da harritzekoa, kontuan hartuta adjektiboak sortzeko ohiko baliabidea dela partizipioena (ikus euskaran bertan gorri eta hori kolore-izenak).
Erroak lotura zuzena bide du egun ere erabiltzen den zur «zuhaitzen gaia, lantzeko egurra» hitzarekin. Hitzaren adierak eta zuritu «kolore zuria eman/hartu; azala kendu» eratorriarenak kontuan hartuta (bi partizipio markarekin, baltzitu «belztu», hotzitu «hoztu» eta abarrek bezalaxe), jatorrizko esanahia «zuritua, azalik gabea» izan liteke, eta handik «(egur) zurituaren kolorekoa» (Azkuek como la madera dio) > «kolore argiko, zuri». Era berean, «ahul» eta «alfer» adierak azal gogorrik ez izatearekin lot daitezke, eta «faltsu», beharbada, pertsonaren «(ustezko) garbitasunarekin», zuritu «garbitu» (> «hutsegitea justifikatu, errugabetu») esanahiari lotuta.
Kulturan
Zuriak esanahi asko izan ditu historian zehar. Ezagunena bakearen kolorea da: hortik dator borroka baten ondoren amore ematen dutenek bandera zuria erakusteko ohitura.
Politikoki joera kontserbadoreak dituztenen koloretzat hartzen da. Bereziki Errusiako Iraultzan Armada Gorriaren aurka eta tsarismoaren defentsan borroka egin zutenek Armada Zuria osatu zuten. Lotura horrek Gerra Hotzean zehar ere iraun zuen.
Mendebaldeko kulturetan emakumeek zuriz jantzita ezkontzeko ohitura daukate: koloreak birjintasuna eta garbitasuna adierazten ditu, gizarte tradizionalaren arabera emakumeak gorde beharreko oinarrizko balioak.
Gaur egun emakumeen aurkako eraso matxistak salatzeko lazo zuriak erabiltzen dira.
Euskal Herriko ikurrinak gurutze latindar zuria du. Sabin Aranak zioenez, horrek Jainkoa gauza guztien gainetik dagoela adierazten du.
Erreferentziak
- ↑ Lakarra, Joseba A.; Manterola, Julen; Segurola, Iñaki. (2019). Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200). Euskaltzaindia, 670 or. ISBN 978-84-946477-8-9..
Ikus, gainera
Kanpo estekak