Patricia Highsmith (Fort Worth, Texas, AEB, 1921ekourtarrilaren 19a - Locarno, Suitza, 1995ekootsailaren 4a) eleberrigile estatubatuarra zen, oso ezaguna idatzitako suspense lanengatik. Horietatik bi dozena inguru obra zinemara eraman dira. Strangers on a train/Ezezagunak tren batean, hiru aldiz zinemaratu da, 1951nAlfred Hitchcockek berak zuzenduta. Tom Ripley da bere pertsonaiarik ezagunena eta eleberri askoko protagonista. Hala ere, Highsmithek kontakizun labur asko idatzi zituen, makabroak, satirikoak edo umore beltzez zipriztinduak.
Biografia
Mary Patricia Plangman izenarekin munduratu zen, Fort Worth herrian, Texasen. Bere gurasoak bereizi egin ziren Patricia jaio baino bost hilabete lehenago, eta ez zuen bere aita ezagutu hamabi urte bete arte. Dibortzioaren ondorioz, Patricia eta bere ama Greenwich Villagera joan ziren bizi izatera, New Yorkera. Haurtzaroko lehen urteetan Willi Mae bere amamak hezi zuen. 1924an Patriciaren ama Stanley Highsmithekin ezkondu zen, eta alabak ere haren deitura hartu zuen.
Ama-alabek harreman korapilatsua izan zuten, baita Patriciak eta bere aitaordeak ere. Eleberrigileak adierazi zuenez, bere amak aitortu zion bere haurdunaldian saiatu zela abortatzen turmentina edanda. Highsmithek sekula ez zuen gainditu maitasun-gorroto harreman hori, eta nolabait ispilatu zuen The Terrapin ipuin laburrean, non gazte batek sastakatzen duen bere ama.
Oso goiz erakutsi zuen idazle izateko gogoa; irakurle amorratua zen, eta kezkatuta zegoen errua, gezurra eta krimenarekin, geroago bere idazlanetako oinarri ezinbestekoak. Zortzi urte zituela, Karl Menningerren liburu bat aurkitu zuen, Gizakiaren burua, eta liluratuta geratu zen liburuak kontatzen zituen buruko gaixotasun eta egoera bereziekin.
Hamasei urte zituela hasi zen idazten zirriborroak eta ideiak bere lanetarako, baita egunkariak ere. Material hori guztia Bernan gordetzen da, Suitzako Literatura Agiritegietan.
1942 Lizentziatu zen Barnard Collegen, non ikasi baitzuen literatura ingelesa, latina eta greziera.
1943 Hasi zen lanean Fawcett argitaletxean, non egiten baitzituen laburpenak komikietarako. Garai hartan konturatu zen lesbiana zela. Orduan hasi zen idazten bere lehen eleberria, The click of the shutting, inoiz argitaratu gabea.
1945 Bost hilabete egin zituen Mexikon, eta han sortu zituen Plazan izeneko ipuin liburua eta Autoa. Urte hartan argitaratu zuen bere lehen ipuina Harper’s Bazaar aldizkarian.
1950 Argitaratu zuen bere lehen eleberria, Ezezagunak tren batean, eta hurrengo urtean famatu egin zen Alfred Hitchcock-ek hura zinemaratu zuenean.
1963AEBetan gaizki hartu zituzten haren istorioen ezkortasuna eta analisi etikoen krudelkeria materialista. Eta zelan haren ideia ia komunistak gaizki ezkontzen ziren hango eliteen bizimoduarekin, Europara aldatu zen. Ingalaterran bizi izan zen, Frantzian, eta, azken urteetan, Tegna izeneko herrian, Suitzan, non hil zen 1995eko otsailaren 4an.
Bizitza
Beautiful Shadow/Itzal ederra biografian kontatzen duenez, bere bizitza oso gorabeheratsua izan zen; alkoholikoa zen, eta inoiz ez zuen izan harreman iraunkorrik. Bere garaikide askok misantropotzat jo zuten, ez baitzuen nahi izaten jendearekin harremanik izaterik. Jakina zen nahiago zuela animalien konpainia, jendearena baino. Behin esan zuen: “nire irudimenak hobeto egiten du lan ez dudanean jendearekin hitz egin beharrik”.
30 liburu baino gehiago idatzi zituen, tartean eleberriak, ipuin bildumak, saiakerak eta bestelako testuak. Material asko utzi zuen argitaratu gabe.
Lana
Patricia Highsmithen lana gai jakin batzuen inguruan bilbatzen da: errua, gezurra eta krimena, eta bere pertsonaiak, oso ondo marraztuak, psikopatiaren inguruan dabiltza, ongiaren eta gaizkiaren artean. Hori oso nabarmen agertzen da Ezezagunak tren batean lanean, gerora Alfred Hitchcockek zinemaratu zuena, Raymond Chandlerrek gidoia moldatuta.
Bere lanetan errealitatea ezkor eta iluna agertzen da, gizakia bera bezala. Inoiz agertzen dira erreferentzia homosexualak; Carol adibidez, atzera bota zuten argitaratzaileek lesbianismoa agerian agertzen zelako. Hala ere, 1953an argitaratu zuen Claire Morgan gaitzizenarekin, eta milioi bat ale saldu zituen. Bere azken eleberrian ere, berriro agertu zen homosexualitatea.
Highsmith nabarmendu zen bazterreko pertsonaiak sortu zituelako: eztabaida bilatzen du, eta anbiguotasun moralak erakartzen du; bere pertsonaiek hipokrisia soziala baliatzen dute.
Tom Ripley
Berak sortutako pertsonaia da Tom Ripley, polizia eleberrietako pertsonaiarik ezagunenetako bat, nahiz eta ez den ez detektibe ez eta polizia, baizik eta iruzurgile, lapur eta noizbehinkako hiltzaile. Ohi ez bezala, poliziak ez du harrapatzen, eta berak gora egiten du gizartean. Ripleyri eskaini zion eleberri sorta bat. Lehen aldiz agertu zen Ripley trebea eleberrian, zeina idatzi baitzuen idazlea lehen aldiz etorri zenean Europara.
Highsmith eta zinea
Highsmithen lanak hogeita hamahiru alditan egokitu dira zinema eta telebistarako. Nabarmenenak hauexek dira:
Strangers on a Train , (1950). Ezezagunak tren batean