CRO Orio Arraunketa ElkarteaOrioko (Gipuzkoa) arraunketa talde historikoa da. Orioko arraunlariak Kontxako Bandera gehien lortu dituztenak dira, 35 hain zuzen ere; 32 gizonezkoek eta 3 emakumezkoek[1]. Aulki mugikorrean zein tostako arraunean aritzen da.
Historian zehar erreferentziazko trainerua izan da, 1901. urtean Kontxan lehen aldiz nagusitu zenetik hamarkada guztietan eskuratu baititu Kontxako Banderak eta Espainiako txapelketak. 1965. urtean Club de Remo Olímpico Orio sortu zen aulki mugikorra lantzeko eta urrezko domina ugari eskuratzeaz gain Nazioarteko lehiaketa ospetsua antolatu izan du Oria ibaian[2]. Hala ere tostako arraunketa nagusitu zitzaion olinpikoari, herriak duen arraunketa tradizio luzearen eraginez[3].
XXI. mendean beste talde batzuk gailendu zaizkio Oriori, hala ere Kontxako bi Bandera eta TKE Liga bat irabazi ditu[4]. Harrobia asko lantzen duen elkartea da eta B traineru indartsua du.
2010. urtean emakumezkoen trainerua osatu zuen eta urtez urte maila igotzen joan zen harik eta 2018an estropada nagusiak lehiatzeko trainerua eratu arte. Dagoeneko Kontxako 3 Bandera[5], 3 Euskotren Liga[6] eta Zarauzko 4 Ikurrina eskuratu ditu, besteak beste.
Uniformea
Orioko arraunlarien kolore bereizgarria horia da, elastikoetanbeltzarekin konbinatuta. Traineruaren kolorea ere horia da, hala ere traineru berdearekin, urdinarekin edo beltzarekin ere aritu dira oriotarrak.
Historia
Orioren historia oso luzea da benetan, izan ere XX mendea hasi zenetik hamarkada guztietan irabazi baititu Kontxako Bandera eta Espainiako Txapelketa.
XIX mendea
Orioko traineruaren lehenengo erreferentzia ofizial idatzia 1879. urtekoa da, Donostiako Kontxako Estropadetan izan zen eta bigarren postua lortu zuen Donostiako traineruaren atzetik.[7]
Urte haietan sarritan hartu zuen parte Kontxan eta hirugarren ere gelditu zen 1890 eta 1895ean. Hala ere Getaria eta Donostia ziren garai hartako trainerurik onenak.
Gerra aurreko urteak
Mende berria bikain hasi zuen, izan ere 1901ean lortu baitzuen Oriok Kontxako Estropadatan lehen garaipena[8]. 1909 eta 1910an ere txapeldun gelditu zen eta 1911ean bigarren. Urte haietan ez zen urtero jokatzen Kontxa, eta beraz izandako ekitaldien erdietan nagusitu zela esan daiteke. Patroia Manuel Olaizola zuen Oriok, eta beronekin 1916 eta 1919ko ekitaldiak ere irabazi zituen[8]. 1909ko Miarritzeko bandera bat ere badago klubean.
20. hamarkada pasaitarrena izan zen baina hala ere bi garaipen iritsi ziren Antonio Maria Urangaren gidaritzapean[9]. 30. hamarkadan sanpedrotarrekin lehia handiak izan zituen eta 1933 eta 1934ko Kontxak bereganatu zituen[10]. 1935erako ere faborito argia zen, are eta gehiago traineru iraultzailea ekarrita, baina Domingo Mitxelenaren arraunlariek ezin izan zuten Gerra aurreko azken estropada irabazi, lehen jardunaldian trainerua urperatu egin baitzen.
Urte hauetan Bizkaian ere estropadak jokatu zituzten eta lau garaipen eskuratu zituzten.
Gerra osteko urteak
1939an Donostian eta Bilbon gailendu ziren. Donostian Uranga zen patroi eta inprobisaturiko estropada leku berezian jokatu zen, Bilbon aldiz Ramon Solabarrieta izan zuten gidari.
40. hamarkada bikain hasi zuten baina 1944tik aurrera traineru berria azaldu zen, Pedreña, eta borroka latzak izan zituzten kantabriarrekin eta baita Hondarribia eta Kaikurekin ere. 1943an Kantauriko Txapelketa eratu zen. Donostia, Bilbo eta Santanderko estropadetako denborak batu eta Orio gailendu zen[11]. Hurrengo urtean Espainiako txapelketa hasi zen jokatzen eta hau Pedreñak irabazi zuen[12]. Hamarkada honetan Oriok 3 Kontxa eta Espainiako txapelketa bat irabazi zituen.
1949an Espainiako Txapelketa irabazi zuen Zierbena faborito zen Kontxako Bandera 1950ean irabazteko. Gipuzkoarrek aurre egin nahian selekzio bat egin eta traineru indartsu bat osatu zuten, bertan oriotarrak ere izan ziren noski. Azkenean Donostiaren izenean joan zen Esperanza traineruak aurre hartu zien bizkaitarrei.
Hamarkada berriarekin talde aldaketa handiak izan ziren. Kantabriar eta bizkaitarren traineruak ia desagertu egin ziren. Kontxako Banderan gipuzkoarrak baino ez ziren aritzen, 1954 eta 1959ko sestaotarren agerpenak eta garaipenak salbu, eta Kontxaz gain Coruñako estropadak baino ez zen jokatu, urte batzutan Espainiako Txapelketarako ere balio izan zuena.
Orio hamarkadaren lehenengo zatian nagusitu zen Inazio Sarasua patroi zuela. Kontxa 5 aldiz[13] eta Espainiako Txapelketa beste hirutan irabazi zuen. Aipatzekoa da Aginaga izenean beste bi Kontxa irabazi zirela, Oriotarren palmaresean agertzen ez direnak hala ere.
Orio Arraunketa Elkartea
1964ean Klaudio Etxeberria "Gorria"rekin Kontxako Bandera irabazi ondoren 1965ean aulki mugikorrean aritzeko asmoz Club de Remo Olímpico de Orio sortu zen[3]. 1967an aulki mugikor eta tostako arraunlariak erabiliz Kontxan bigarren gelditu ziren eta 1970tik aurrera arraunketa olinpikoaren teknikak aplikatzean Orioren "urrezko aro" handiena iritsi zen, sei urtetan 5 Kontxa eta 5 Espainiako Txapelketa irabazi baitzituen. Juan Lizarralde "Altxerri" zen traineruaren gidaria[14].
Ordutik aurrera arraun klubek Orioren bidea jarraitu zuten eta teknika eta entrenamenduetan aldaketa handiak izan ziren. "Altxerri" handiaren azken garaipena 1983ko Kontxa izan zen. Hamarkada istilutsua izan zen oriotarrentzat, 1983an Kontxako sailkapen estropadan klub indartsuek boikota egin zioten Oriori, eta beraz bost traineruren artean jokaturiko banderaz jabetu zen. 1986an ere istilu berriak izan ziren Euskadiko Federazio sortu berriarekin, ondorioz ezin izan zuen Euskal Herrian jokaturiko estropadetan parte hartu, eta hiru estropada bakarrik jokatu zituen, Espainiako Txapelketa eta Conde de Fenosa Bandera irabaziz.
Istilu hauek eragina izan zuten taldean eta hurrengo urteetan emaitza kaskarrak izan zituen Oriok.
Jose Luis Kortaren itzulera
1990 urtean Kontxan sartu ez izanak min handia egin zuen herrian eta hurrengo urterako Jose Luis Korta fitxatzea erabaki zuen zuzendaritzak. Jose Luisen lehen garaipenak Oriorekin izan ziren 70. hamarkadan eta ondoren Lasarte, Kaiku eta Zierbenarekin emaitza bikainak izandakoa zen. Berehala igo zuen trainerua San Juan eta San Pedroren mailara eta 1992an Kontxako Bandera irabazi zuen[15]. Hamarkada hartan 4 Kontxa, 3 Euskal Liga eta 4 Espainiako Txapelketa eskuratu zituen besteak beste[16]. Urte haietan "Txiki" Larrañaga zarauztarra izan zen patroi Kanpa traineruan. 1998ko denboraldia amaitu berritan auto istripuz hil zen[17]. Emakumezkoen traineruak haren izena darama.
Gainontzeko arraun modalitatetan ere nagusi izan zen, hala batel eta trainerillatan, eta baita aulki mugikorrean ere.
XXI mendea
Kantabriar klubak diruz indartu eta Kantauri osoko klubek parte hartzen duten TKE Ligaren sorrerak baldintzatu du azken garaia. Oriok etxeko jendearen aldeko apustua egin du eta emaitza onak izan ditu, tartean 2000, 2007 eta 2017ko Kontxako Banderak. 2019an azkenean lortu zuen bere aurreneko TKE Liga irabaztea ere[4].
2011 denboraldian deskalabru handia gertatu zen Oriok goren maila galdu eta KAE Ligara jaitsi baitzen. Are eta mingarriagoa izan zen jakitea TKE Ligan mantendu ziren elkarteen artean 14 arraunlari oriotar zeudela[18]. Entrenatzaile posturako Igor Makazaga fitxatu zuen eta Oriok 2012ko KAE Ligan jokaturiko hamabi estropadak irabazi zituen eta TKE Ligara itzuli zen, oso maila onean gainera. 2013an denboraldi bikaina osatu zuen Ligan hirugarren eginez eta honetaz gain bi urtez kanpoan egon ondoren berriz lortu zuen Kontxako Banderarako sailkapena eta bigarren postuan gelditu zen Hondarribiarengandik segundu eta erdira. 2014 denboraldian TKE Liga irabazteko lehian aritu zen eta lau bandera irabazita bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Kontxako Banderan 4. postuan gelditu zen. 2015ean ez zen Ligarako lehian egon baina hirugarren egin zuen eta bi bandera eskuratu zituen. Kontxako banderan ere hirugarren egin zuen.
Zikloa amaitua zela eta, 2016an entrenatzaile aldaketa egin zuen eta gazteekin lan egiteko asmoarekin ekin zion denboraldiari, baina espero baino maila baxuagoa eman zuen eta Ligan ohorezko txandatik kanpora ibili zen.
2017an ziklo berri bati eman zion hasiera. UrdaibaitikJon Salsamendi entrenatzaile oriotarra eta Gorka Aranberri patroi zarauztarra fitxatu zituen. Ligan hirugarren egin bazuen ere Kontxako Bandera irabazi zuen[19], bai eta Zarauzko Ikurrina ere. Esan liteke urte honetan Kontxako bi bandera eskuratu zituela, bata bulegotan berreskuratu zuena (1939koa) eta bestea urteari zegokiona uretan irabazitakoa[20]. Lehenengo aldia izan zen gainera bigarren jardunaldian erremontatuz Kontxako Bandera irabazten zuena. 2019ko denboraldia bikaina izan zen, aurreneko TKE Liga irabazi zuen[4] eta Kontxako Banderan bigarren egin zuen. 2020 denboraldia ongi hasi zuen baina amaieran 4. postuarekin konformatu behar izan zuen Kontxan eta Ligan. 2021ean eskifaiaren berrikuntza izan zen eta bigarren txandak jokatzen hasi bazen ere amaiera aldera emaitzak hobetu eta azken estropadan Ligako hirugarren postua lortu zuen. 2022an Ligako lehenengo estropada irabazi zuen, denboraldian ordea laugarren trainerua izan zen Ligan eta Kontxan.
2023an arraunlari aldaketak izan zituen eta Ligako estropada gehienetan ohorezko txandatik kanpora ibili zen. Bosgarren postuak egin zituen Kontxan eta Ligan. Eguraldi aldaketak lagunduta Ligako estropada irabazi zuen Ondarroan. 2023ko udazkenean zuzendaritza berritu zen eta 2024a trantsizio urtetzat jo bazuten ere espero baino maila hobea eman zuen eta Ligako txanda nagusian aritu zen denboraldiaren zati gehienean.
2024 urtea amaitzerakoan entrenatzaile berria ekarri zuen, azken Ligak irabazi dituen Iker Zabala bermeotarra eta haren eskutik Gorka Aranberri patroia itzuli zen Oriora[21].
2010. urtean emakumezkoen trainerua atera zuen. Nadeth Agirre izan du patroi ordutik eta puntako trainerua izatera iritsi da. 2013an Euskotren Ligan aritzeko sailkatu zen eta 2014an egin zuen debuta Kontxako Banderan. 2018an dagoeneko estropada nagusiak lehiatzeko trainerua bihurtu zen eta 2019 eta 2022 artean hirutan irabazi du Kontxako Bandera[5] eta Euskotren Liga[6].
Izenak
1890etik 1932ra Orioko arraunlariak herriaren izenean aritzen ziren, ORIO. Udaleko batzordea edota Arrantzale kofradia arduratzen zen garai hartan Orioko trainerua antolatzeaz. 1933tik 1964ra Emen-Gatoxtik-ORIO izenarekin lehiatu ziren[22].
1965eko ekainean sortu zen Arraun Kluba. Club de Remo Olímpico de Orio izena hartu zuen[3]. Urte hartan bertan hasi ziren aulki mugikorra edota arraunketa olinpikoarekin (Outriggers-ak).
1986an Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Elkarteen Erregistroan eman zuen izena Arraun Klubak, eta izen ofizialari “Arraunketa Elkartea” izena erantsi zitzaion. Horrela, gaur egun Arraun Klubaren izen ofiziala hau da: Club de Remo Olímpico ORIO Arraunketa Elkartea. Laburtuta: C.R.O. ORIO A.E.
Arraun munduak enpresen babesa jasotzen hasi zenetik Orioko arraun klubak hainbat laguntzaileren babesa jaso du. Babesle nagusien izenak taldearen izenetean aipatu dit klubak, besteak beste: Camping-Orio, Orio-Cinzano, Orio-Cepsa, Hondartza?-Orio, Orio-La Gula del Norte, Otsein-Orio, Candy-Orio, Candy-Orio-Isabel, Candy-Orio-Grupo Eibar, Babyauto-Orio...
Tradizioz Orioko Traineruaren izena San Nikolas izan da, udalerriko Patroiaren izenean. Azken urte hauetan, ordea, Orioko traineruak beste izen batzuk hartu izan ditu, Kanpa[23] eta Txiki[24] hain zuzen ere, Asier Gaztañazpiren eta Juanmari Larrañagaren izenean, istripuz hildako arraunlariaren eta patroiaren omenez, eta Mirotza, oriotarren ezizena dela eta. 2013an berreskuratu zuen San Nikolas izena[24].
Sarritan izan du plantila handia Oriok eta ondorioz bi traineru uretaratu izan ditu. 90. hamarkadan Itxaso Arraun Elkartea izena erabili izan zuen eta garaipen batzuk lortu izan zituen, hala nola:
Ligak eratzearekin batera Orio-B taldea sortu da eta KAE Ligan aritu da. 2008an hasi zuen ibilbidea KAE 2. mailan. Urte hartan estropada guztietan bigarren egin zuen Astilleroren atzetik eta KAE 1. mailara igo zen. 2011an 2. mailara jaitsiarazi zuten Oriok TKE maila galdu zuelako, hala ere bigarren egin eta play-offa jokatu ondoren mailaz igo zen. 2013an hainbat arraunlarik Orioren talde haundian egin zuten arraun eta sufritu ondoren mantentzea lortu zuen. Hurrengo urteetan arazo handirik gabe eutsi zion mailari baina 2017an jeitsiera play-offak jokatu zituen eta KAE 2 Ligara jeitsi zen. 2019an KAE 2 Ligako txapelduna izan zen eta mailaz igo zen. Hiru urte egin zituen KAE 1 Ligan.
2023an KAE 2 Ligan nagusitasun osoz aritu zen, estropada guztiak bat ezik irabaziz, eta KAE 1 ligara igo zen[27]. Hurrengo urtean ordea talde nagusiak eraberritze prozesu bat izan zuen eta B traineruko arraunlari asko hartu zituen. KAE 1 Ligako azken postuan gelditu eta maila galdu zuen.
2010ean Oriok emakumezkoen trainerua atera zuen. Nadeth Agirre da patroia eta 2013 denboraldian Euskotren Ligarako sailkatu zen eta laugarren amaitu zuen. 2014an sailkapen estropadan 5. egin eta ez zuen Ligan sartzea lortu. Gipuzkoako Ligan laugarrena izan zen.
Lehenengo denboraldian Kontxako Banderara sailkatzear egon zen, bosgarren egin baitzuen sailkatze estropadan. 2011an eta 2012an aldiz seigarrena izan zen. Azkenean 2014an lortu zuen Kontxako Banderarako sailkatzea.
2015ean berriz ere Euskotren Ligan sartu zen eta Euskadiko Txapelketa irabaztear egon zen, Zumaiak bi segundoko aldea baino ez baitzion atera. 2016an mailaz igotzen jarraitu nahian entrenatzaile berria eta traineru berria ekarri zituzten. Kontxako Banderan eta Euskotren Ligan hirugarren egin zuen, aurrenekoetatik gertu zegoela erakutsiz, Gipuzkoako Ligan bigarren postu batzuk ere lortu baitzituen eta Kontxako lehenengo jardunaldian ere hiru segundutara gelditu baitzen. 2017an hirugarren postuan egonkortu zen baina Kontxako itsaso txarrean ez zen moldatu eta 5. postuan gelditu zen.
Puntako taldea
2018an San Juani aurre egiteko moduko taldea osatu zuen. Pasaitarrengandik oso gertu ibili bazen ere Euskotren Ligako banderarik ez zuen lortu. Hala ere Ligako eta Kontxako bigarren postuak eskuratu zituen.
2019 urtean denboraldi bikaina osatu zuen. Liga Nagusia irabazi zuen, eta bertako estropada guztiak, bat izan ezik. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketak ere eskuratu zituen. Denboraldia bukatzeko aurreneko Kontxako Bandera ere eskuratu zuen, nagusitasun handiz gainera[28]. 2020an bigarren aldiz irabazi zuen Liga, bi estropadaren faltan matematikoki lortuz eta Kontxan ere lehen jardunaldian distantzia txikia atera arren bigarren egunean nagusitasun handiz irabazi zuen Bandera. 2021ean Ligan bigarren egin zuen irabazlea izan zen Arraun Lagunak taldearekin puntutan berdinduta, baina garaipen kopuru txikiagoarekin. Bandera garrantzitsuak eskuratu zituen ordea, Coruñakoa eta Zarauzkoa besteak beste. Kontxako Banderan lehia estua izan zuen Arraun Lagunakekineta aurreko urtetako errekorra hautsi arren donostiarrek hartu zioten aurrea. 2022an ere lehia Arraun Lagunakekin izan zuen. Denboraldiaren hasieran banderak bina garaipen txandakatu zituzten baina ondoren Orio izan zen nagusi Euskadiko txapelketa ezik bandera guztiak irabaziz, tartean Kontxakoa. Horrela hirugarren Kontxa[5] eta Euskotren Liga[6] irabazi zituen.
2023an puntan ibili zen eta hainbat bandera irabazi ditu, baina titulurik, Ligarik eta Kontxako banderarik ez zuen lortu. 2024an hirugarren egin zuen Ligan. Kontxako Banderara juxtuan sailkatzea lortu zuen, 84 ehunenekorengatik[29]. Ondoren hirugarren postua berretsi zuen banderan.
2013ko martxoaren 1ean Arraunetxea inauguratu zuten. Arraunketaren eta piraguismoaren teknifikazio zentru modernoa da. Hiru solairu ditu, eta guztira 6.000 m²-ko azalera dauka. Gimnasio erraldoia du, 1.000 m²-koa 38 ergometrorekin eta 242 metro luzerako fosoarekin. Honetaz gain aipatzekoak dira fisioterapia, balorazio eta errekuperazio gelak, mediku kontsulta eta hipoxia zerbitzua.
Bibliografia
Orio en el Remo, 75 años de historia, Luis Azcue Aldaz
Oriotarren iraultza (1965-75) La revolución oriotarra. Manu Etxeberria Sedano
Gora arraunak, historia del remo vasco, Gorka Reizabal