Teresa Herrera Bandera (galizieraz: Bandeira Teresa Herrera) A Coruñan urtero jokatzen den estropada da. Gaur egun Galiziako Traineruen Ligaren barnean sarturik badago ere sona handiko bandera da, bi jardunalditara jokatzen dena.
Egitura
Bi jardunaldi dituen Galiziako estropada bakarra da. Hasierako urteetan bi jardunaldietako denborak batzen ziren. Gaur egun lehenengo jardunaldian Galiziako ligatako traineru guztiek hartzen dute parte eta gizonezkoen hamar traineru onenak eta emakumezkoen bost onenak sailkatzen dira bigarren jardunaldirako. Bigarren jardunaldiari "Finala" esaten zaio, traineruak hutsetik hasten baitira berriro.
Historia
Lehenengo ekitaldietan euskal traineruak izan ziren nagusi. 2001 arte Teresa Herrera Saria jokatu zen eta 2002tik aurrera Bandera ematen zaio irabazleari. Bi aldiz jarraian edo hiru aldiz txandakatuta irabazi behar da Bandera bera eskuratzeko.
2007 urteko ekitaldian itsaso zakarra zen eta olatu batek Chapelaren trainerua bitan zatitu zuen. Momentu larriak bizi izan ziren eta bost arraunlari ospitalizatu beharra izan zen[1].
2019 urtean lehenengo jardunaldia Ligako jardunaldia izan zen eta aldi berean iganderako sailkapen estropada ere bai. 2. jardunaldian Bandera bera jokatu zen. Horrela beraz, emakumezkoen estropadan Ligan ez zebilen Náutico de Riveirak igandean bakarrik jokatu ahal izan zuen, eta bandera eraman ere bai.
2020an estropada bertan behera gelditu zen COVID-19 pandemiaren erruz, hainbat taldetan positibo emandako arraunlariak baitzeuden[2].