Khalidi liburutegia (arabieraz: المكتبة الخالدية, al-Maktaba al-Khālidiyya) Jerusalem hirian dagoen liburutegi eta artxibo famatua da. Palestinarren eskuizkribu bilduma handiena du bai eta munduko arabierazko eskuizkribuen bilduma pribatu handienetako bat ere[1].
Jerusalemgo Hiri Zaharraren barnean dago eta 1900. urtean ireki zituen ateak otomandarrak agintean zeuden garaian. Israeldarren okupazioak liburutegia itxi eta 50 urtetara berriz ireki zituen ateak, 2018ko abenduaren 15ean[2].
Ezaugarriak
Bildumak
Khalidi familiak mendeetan bildu zituen liburu eta eskuizkribuak gordetzen ditu, hala literaturaren ingurukoak nola agiri historikoak. Gaur egun palestinarrek Sortaldean eraikitako liburutegirik handiena da eta Jerusalem hiri osoan dagoen eskuizkribu bilduma pribatu handiena.
1.200 eskuizkribu preziatu ditu; 18 pertsieraz idatziak, 36 turkieraz eta gainerakoak arabieraz. Londresko Wellcome Institutuko Dr. Laurence I. Conrad katalogo osatua prestatzen ari da. Oraindik ordea badira 5.500 bolumen inprimatutik gora katalogatu gabeak[1], eta oraindik zenbatu ez diren agiri eta gutun ugari[3].
Liburutegian dagoen dataturiko eskuizkribu zaharrena Ali al-Qabisik idatzitako Hadith bilduma da (Mahoma profetaren esanak eta pasadizoak biltzen dituena). 1027an egindako kopia da gordetzen dena, idazlea hil eta 15 urtera egindako kopia hain zuzen ere[4]. Muhammad ibn Durayden istorioen zati batzuk ere gordetzen dira, X. mendekoak izan daitezkeenak, baina datatu gabe dirautenak oraindik[4].
Eraikina
Liburutegia hartzen duen eraikina Jerusalemgo Hiri Zaharrean kokaturik dago. Mamelukoen garaian eraiki zen, 792 AH / K.o. 1389 urtean[5]. Amir Husam al-Din Barkah Khan izeneko khwarezmiar agintari militarra eta haren bi semeen hilobia zen. Haren alaba Baibars I.a sultanarekin ezkondu zen eta semea Al-Said Barakah sultana izan zen.
Historia
Hastapenak
Khalidi istoria luzeko familia izan zen, Otomandar garaiko Jerusalemen erlijio, intelektual eta kultural bizitzan eragin handiena izan zuen familia hain zuzen ere[6]. Horrela otomandar zein arabiar gizartean eta Palestinako liburutegi handiena biltzeko gai izan zen. Khalidi familiaren belaunaldi bakoitzak ekarpen handiak egin zizkion bildumari.
Lehenengo bilduma Sun Allah al-Khalidik sortu zuen 1726an hil arte jaso zituen agiriekin. Sun Allah al-Khalidi Jerusalemgo Erlijio Gorteko idazkari nagusia zen. Habiz bat ezarri zuen lursail zabalen trukean 85 eskuizkriburen betirako zaintza ordaintzeko.
Lawrence Conrad historiagile britainiarraren arabera Khalidi patriarkek beren eskuizkribu bilduma aktiboki eraiki zuten Kairo, Damasko eta Istanbulgo Erdi Aroko literatur merkatuetan negoziatuz.
Liburutegiaren sorrera eta Khalidi familiaren zaintza
Hajj Raghib al-Khalidi (1866-1952) izan zen Khalidi liburutegia instituzio publiko bihurtu zuena amonak utzitako dirua erabiliz[7]. Khalidi familiak greziarren eta abbastarren tradizioaren oinordeko ikusten zuen bere burua eta liburutegia sortu nahi izan zuten bildutako jakintza zabaldu zedin. Liburutegiaren irekierak greziar eta mediterraneoko arabiar liburutegi handiekin harremanak eratzea ekarri zuen, eta bide batez kulturaren garapena eta aberastasuna eragitea[7]. Liburutegiaren kanpoaldean seinale bat ezarri zen, soilik mendebaldeko instituzioek egiten zuten antzera, honako esaldi hau idatzita zuena frantsesez eta arabieraz: "barruan liburu preziatuak daude"[8], Koran liburuari (98:3) egiten dio erreferentzia[4].
Liburutegia pribatua zen, Khalidi familiak eratu eta kudeatzen baitzuen, baina publikoari irekia zegoen. Ateratako lehenengo katalogoak hori adierazi nahi zuen: "irakurri nahi duen edozein pertsonari irekita dago". Liburuak halabaina ezin ziren eraikinetik atera[8]. 1941. urtean Shaykh Khalil al-Khalidi hil zen arte Khalidi familia izan zen liburutegiaren kudeatzaile bakarra. Ondoren Ahmed Samih al-Khalidik Stephan Hanna Stephanekin batera eraman zuen liburutegia, harik eta Nakbaren erruz alde egin behar izan zuten arte.
Nakba eta Sei Eguneko Gerra
1947-1948 urte arteko istiluetan Khalidi liburutegiak aurrera jarraitu zuen, nahi eta garai haietan Jerusalemgo palestinar liburutegi gehienak Israelgo Liburutegi Nazionalaren barnera igaro ziren[9].
1967an Sei Eguneko Gerran eta ondoren Israelek Ekialdeko Jerusalem okupatu zuenean Khaled liburutegia itxi egin zen[9]. Ondoko eraikina, hura ere Khalidi familiari zegokiona, Israelgo Defentsa Indarrek (IDF) okupatu zuten eta yeshiva bihurtu zuten, judu ortodoxoekTora eta Talmud ikasteko eskola hain zuzen ere. Luze jo zuen lege auzi bati esker liburutegia bera ez zen konfiskatua izan. Shlomo Goren, IDFko rabino militarra, saiatu zen bilduma guztia erosten baina Khalidi familiak uko egin zion saltzeari[3].
1967tik aurrera ikerlari espezializatuek baino ez zuten izango aurkerarik Khalidi liburutegian sartu eta eskuizkribuak ikusteko.
Liburutegiaren berreskuratzea
1987an Herbehereetako gobernua nabarmendu zen Khalidi liburutegiaren etorkizuna segurtatzeko orduan eta diru laguntzak eman zituen eskuizkribuen kontserbaziorako eta liburutegia dagoen eraikina berriztatzeko[3]. Haren harira UNESCO, Ford Fundazioa, Arabiar Fundazio Ekonomiko eta Soziala (Kuwaiten egoitza duena) eta beste hainbat hasi ziren donazioak egiten[1]. Wellcom Trust elkarteko Tony Bishek 12.000 eskuizkriburen kontserbazio lanak zuzendu zituen[10]. Lanak hasi eta gutxira liburutegiko loftek 29.000 pieza, sekzio eta folio aurkitu ziren[10]. Liburutegiaren eraikinaren berritatze lanak bi fasetan burutu ziren, 1991–1994 eta 1995–1997. Mamelukoen garaiko eraikina berriztu zen, alboak eraikin berria altxatu zen Khalidi familiaren artxibategia gordetzeko eta apalategi eta altzari modernoak instalatu ziren[6].
1989. urtean Friends of the Khalidi Library (FKL) irabazteko asmorik gabeko erakundea eratu zen Massachusetts estatuan eta ordutik hark zuzendu ditu liburutegiarentzako laguntzak. Walid Khalidi da erakundeko lehendakaria, palestinarren exodoaren inguruan asko idatzi duena[11][12]. 2018ko abenduaren 15ean ireki zituen berriz ateak 50 urteren ondoren[2].
Katalogoak
Khalidi liburutegiko webgune ofizialean historian egin diren bost katalogoak ikusgai daude eta PDF artxibotan deskarga daitezke. Horien artean 1900. urtean egin zen katalogoa ere badago. Egin den katalogo berriena 2006an egin zen, arabierazko eskuizkribuak soilik osatzen dute katalogo hori[13].