Cocteau Paristik gertu dagoen herri txiki batean jaio zen, Maisons-Laffitten. Familia burgesa zen, ez zuten diru premiarik. Hiru neba-arrebatan gazteena izan zen Jean. Hamar urte inguru zituenean, aitak, abokatu eta pintore zaletua zenak, bere burua hil zuen. Ordutik aurrera amak larregi mimatu zuen Jean, haren kutuna bilakatu zen eta. 1900. urtean Fénelon lizeoan sartu zen ikasle eta handik lau urtera bota zuten, diziplina ezagatik. Concordet lizeoan jarraitu zuen ikasten, erdipurdiko emaitzak lorturik. Ez zuen batxilergoa ere eskuratuko. Hamabost urterekin etxetik alde egin zuen eta hor zehar ibili zen edozelako lanak egiten.
Poeta gaztea
Bere burua poetatzat zeukan gaztetatik eta hemeretzi urterekin La Lampe d'Aladin (Aladinoren lanpara) poesia-liburua eman zuen argitara. Zegoeneko ezaguna zen giro bohemioan eta artista trebetzat zeukaten. 1909an Parisa joan zen bizitzera eta sasoi horretakoa da Madeleine Carlier aktorearekin izan zuen harremana.
Sergei Diaghilev dantzari errusiarrak eskatuta Parade emankizuna sortu zuen Cocteauk; dekoratuak Pablo Picassorenak ziren eta musika Erik Satierena. Ikuskizuna 1917an antzeztu zen lehen aldiz, eta ez zuen oso harrera ona izan. Guillaume Apollinairek lana deskribatu zuenean surrealismo berba erabili zuen, eta itxura baten, hor da terminuaren jatorria.
Raymond Radiguet
Raymond Radiguet poeta 1918an ezagutu zuen Cocteauk eta ordutikoa da euren arteko adiskidetasuna: lankide, oporretan bidaide… Cocteauk Raymonden lana sustatu zuen garaiko giro artistikoan eta baita haren hainbat lan argitaratzea lortu ere. Bestetik, 1920an-edo Marcel Proust, André Gide eta Maurice Barrès idazleekin bat egin zuen hainbat ekimen sortzailetan.
1923an Radiguet hil egin zen eta Cocteauk ez zuen jakin lagunaren heriotza onartzen. “Ez dut sekula idatziko” esan ei zuen. Opioari ekin zion, eta nahiz eta askotan sendatzen saiatu, hil artean drogak hartu zituen Jeanek. Hiletara joan barik, Paristik ihes egin zuen eta Monte Carlora bidean abiatu, Diaghilev lagunarekin. Baieztatzerik ez badago ere, zenbaiten arabera maitasunezko erlazioa zen Raduguet eta Cocteauren artekoa, eta heriotza horrek eragin zion opiorako joera. Inoiz Cocteauk berak esana da ez zegoela loturarik laguna galtzearekin eta drogarekin zaletzearekin: une berean gertatu ei zen, beste barik. Dena den drogatzeak egundoko zirrara sortuko zuen bere artelanetan. Esaterako ''Les Enfants Terribles'' (Ume Terribleak) eleberria, beharbada idatzi zuen bikainena, aste betean osatu zuen, opioa bapo hartuta.
La Voix Humaine
Cocteauk sortzen jarraitu zuen eta hona haren hiru antzezlan garrantzitsu: Orphee (1926), La Voix Humane (1930) eta La machine infernale (1934). Lehenengo hura zinemara egokitu zuen 1950ean, arrakasta handiz. La Voix Humane lanak sorburu du ordurarteko antzezlanetan Cocteau lar zentratu izana idazle eta zuzendariaren ikuspuntuetan: kexu hori egin zioten bere aktoreetako batzuek eta propio haien luzimendurako sortu zuen lan hori. Ordu betez emakume bat telefonoz berbetan entzun ahal dugu taula gainean: beste aldean haren maitale izandakoa, hirugarren batekin ezkontzekoa prest. Izenburuak Vox Humana saioari egiten dio erreferentzia: XVI. mendean hainbat ahalegin egin zituzten elizetako organo egileek pertsonen ahotsa imitatuko zuen soinutresna bat sortu nahian; ezinean jardun zuten, antza. La Voix Humaine antzezlanak agertutako planteamenduak jarraipena izango zuen beste artista batzuek sortuko dituzten bertsioetan: horien artean aipatzekoa da Roberto Rossellinik Italian zuzenduriko filma, La Voce Humana, Anna Magnanik antzeztua.
Helduaroa
1930 inguruan Nathalie Paley printzesarekin izan ei zuen maitasunezko harremana Cocteauk; Romanov familiako zen emakume hau haurdun geratu zen eta gutxira umekia galdu. Erlazioak ez zuen aurrera jarraitu. Cocteaucek harreman luzeagoak izan zituen bi gizon hauekin: Jean Marais aktorearekin (1945ean La Belle et la Bête filma zuzendu zuenean ezagutu zuen) eta Edouard Dermitekin.
1940. urtean Edith Piaf kantariarentzako berariaz prestatutako lana estreinatu zen, arrakastatsua oso: Le Bel Indifférent. Urte horietan Picasso zuen lankide hainbat egitasmotan eta Cocteauren sortze-lana Europa osoan oso ezaguna eta miretsia zen. Homosexualitatea ez zuen sekula ere ezkutatu, agerian laga baizik eta horren gainean luze idatzi: ezagunak dira homofobiaren aurkako zenbait lan.
Cocteau bihotzekoak jota hil zen 1963ko urriaren 11n, Milly-la-Foreten. 74 urte zituen. Ordu batzuk lehenago Edith Piaf abeslaria ere zendu zen. Epitafioak horrela dio: Je reste avec vous (Zuen artean naiz).
Sari eta aitorpenak
1955ean Frantziako Akademiako eta Belgikako Erret Akademiako kide egin zuten. Bestelako izendapen batzuk honako hauek dira: Ohorezko Legioko komandantea, Mallarme Akademiako kide, Alemaniako Akademiakoa, Amerikako Estatu Batuetakoa, Cannes zinemaldiko ohorezko presidente, eta abar.