Hjalmar Hammarskjöld Suediako lehen ministroaren semea, ekonomia politikoko irakasle izan zen. Estatu-ministroa izan zen 1951tik 1953ra, eta Suediako ordezkari, nazioarteko erakundeetan. NBEko idazkari nagusi hautatu zuten 1953an, eta 1957an, berriro, kargu bererako.
Bere burua bakezaletzat definitu zuen eta noranzko berria eman zion Nazio Batuen Erakundeari. Negoziazioetan beti neutraltasunari eutsi zion eta NBEaren zeregina estatu txikiak potentzia handietatik babestea zela adierazi zuen. Bake-indarraren sorera sustatu zuen; bake-indar horren bidez, NBEk etengabeko bitartekaritza funtzioa izango zuen krisialdi egoeretan.
Agintaldian zehar, Hammarskjöldek hiru krisi larri arintzea lortu zuen: Suezko Krisialdia, 1956an, eta Libanoko eta Laoseko gatazkak. 1960an, Kongoko gerra zibila sortu zenean, Hammarskjöldek NBEren indarrak bidali zituen bertara, eta bitartekaritza lanak egiten saiatu zen. Misio horietako batean ari zela hil zen, hegazkinean zihoala, gaur egungo Zambian lurra jo ondoren.