José Manuel Ramos-Horta Dilin jaio zen, 1949ko abenduaren 26an. Soibadako misio katolikoan egin zituen lehen ikasketak. 1970-1971 bitartean, Mozambiken deportaturik egon zen, Portugaleko administrazio kolonialari aurre egiteagatik. Jaioterrira itzultzen utzi ziotenean, Fretilin alderdia (Ekialdeko Timorko Independentziaren Aldeko Fronte Iraultzailea) sortzen parte hartu zuen.
1975eko azaroan, Ekialdeko Timorrek Portugalen mendeko kolonia izateari utzi eta independentzia aldarrikatu zuen, Ekialdeko Timor Errepublika Demokratiko izena harturik, baina abenduan Indonesiako gudarosteak errepublika jaioberria inbaditu zuen. Gobernu berriko Kanpo Arazoetako ministro gisa, Ramos-Horta kanpoan zen, errepublika berriaren onespena eskatzen, Indonesiak Ekialdeko Timor inbaditu zuenean. Handik aurrera, Timorreko Erresistentzia Batzorde Nazionalaren ordezkari berezia izan zen atzerrian. Urte haietan, Nazioarteko zuzenbidea ikasi zuen Hagan (Herbehereak) eta Antiochen (AEB).
1996an, Bakearen Nobel saria jaso zuen, Carlos Filipe Ximenes Belo apezpikuarekin batera, Ekialdeko Timorren independentziaren alde egindako lanarengatik.[1]1999an, Indonesiak Ekialdeko Timorren erreferenduma egitea onartu zuen, eta jende gehienak independentziaren aldeko botoa eman zuen.
2002-2006 urteetan, Ekialdeko Timorko Kanpo Arazoetako ministro izan zen, eta 2007an presidente hautatu zuten. 2008ko otsailaren 11n, tiro bat jaso zuen urdailean, matxinatutako militar talde batek haren etxea tirokatu zuenean. AustraliakoDarwin hiriko erietxe batera eraman zuten helikopteroz.[2] Martxoaren 19an eman zioten senda-agiria.