Herrialde nagusiki laua da Benin, iparraldeko mendigune batzuk izan ezik. Sagboroa (658 metro) da mendirik garaiena. Lau eskualde natural daude, hegoaldetik iparraldera:[3]
Kostaldeko zerrenda hareatsua, 10 kilometroko zabalera eta 10 metroko garaiera duena. Zingiratsua da, eta ozeanoari lotutako aintzirak ditu.
Ibai nagusiek ipar-hego norabidea dute. Ekialdetik mendebaldera, Couffo, Zou eta Ouémé dira garrantzitsuenak. Niger ibaiak egiten du Benin eta Nigerren arteko muga, herrialdearen ipar-ekialdean. Aintzirarik handienak hegoaldean daude: Nokoué eta Ahémé.[3]
Klima
Klima bero eta hezea da. Bi euri sasoi daude: apiriletik uztailera, eta irailetik azarora.
Independentziaren ondoren, zenbait estatu-kolpe izan ziren, eta ezegonkortasun politikoa nagusitu zen, etnien arteko gatazkek elikatua. 1977tik1989ra Batzar Iraultzaile Nazionala deiturikoak gobernatu zituen benindarrak. Ganbera bakarreko organo horrek hautatzen zuen Kontseilu Eragile Nazionalaren burua edo lehendakaria. Baimendutako alderdi bakarra Beningo Herri Iraultzarako Alderdia (PRPB) zen, marxista-leninista, 1972an agintea eskuratu zuena; Mathieu Kérékou zuen buru.
1989an Berlingo harresia erori ostean, protesta-giroa nagusitu zen Beninen, Afrikako beste herrialde askotan bezala. Funtzionarioek, soldata eskasak zirela-eta, grebara jo zuten, eta ikasleak ere kalera irten ziren. Kérékou berehala ohartu zen protestak zapaltze hutsarekin ez zuela ezer aurreratzen eta, 1989ko abenduan, iragarri zuen marxismoa ez zela jada estatuko doktrina ofiziala, eta batzar nazional bat deitu zuen 1990eko otsailerako. Batzar nazional horretan gizarte zibila eta erakundeak bildu ziren eta Eliza Katolikoaren hierarkiak paper garrantzizkoa jokatu zuen, Cotonouko artzapezpikua, Isidore de Souza, hautatu baitzuten konferentziako lehendakari. Hala, demokratizatze-prozesu guztiz azkar bat jarri zen abian: alderdi-aniztasuna onartu zen (berrogei alderdi eratu ziren, urtebetean), lehendakariaren aginpidea asko mugatzen zuen lehen ministro bat izendatu zuten (Nicéphore Soglo, antzinako estatuburuaren iloba), udal eta auzoetako hauteskundeak egin ziren eta, 1990eko abenduaren 2an, konstituzio berri bat onartu zen, erreferendum bidez, gehiengo handiz (abstentzioa % 30 ingurukoa izan zen). Konstituzio berriaren indarrez, hauteskundeak 1991ko martxoan egin ziren. Lehen ministroa, Nicéphore Soglo, ekonomialari onaren famaz baliaturik, garaile izan zen, botoen % 68 eskuratuta (% 36ko abstentzioa izan zen).
Baina hurrengo hauteskundeetan, 1996an, benindarrek, hala politikariek nola herritarrek, argi eta garbi erakutsi zuten arazorik gabe onartzen zutela gobernu-aldaketa demokratikoa. Demokraziarako trantsizioaz harro bazeuden ere, ez zeuden konforme lehendakari berriak lortutako emaitzekin. Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako doikuntza-neurrien eta 1994ko urtarrileko CFA frankoaren baliogabetze gogorraren eraginez (ia erdira jaitsi zen Frantziako liberarekiko) sekulako prezio-gorakada jasan behar izan zuten. Soglok, barnean gero eta aliatu gutxiagorekin, ordenantza bidez gobernatzen zuen. Nepotismoaren akusaziopean, gutxigatik izan bazen ere, 1996ko martxoko lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulian Mathieu Kérékouk irabazi zion, botoen % 52,5arekin (% 20ko abstentzioa).
Kérékouk, politikarako sen aparta erakutsiz, antzinako erregimen marxistaren aurkako oposizioan nabarmendutako politikariei deitu zien gobernuko postuetara, gehiagorekin batera, Albert Tevoedjre tartean zela (BIT edo Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiaren laguntzaile izana eta nazioartean oso errespetatua). Gainera, bere formula ospetsua erabiliz, ekonomiari buruzko batzar nazional bat antolatu zuen 1996ko urrian, herrialdearen ekonomia-norabideak zehaztearren. Nazioarteko begiraleak zertxobait urduritu ziren Kérékou berriro agintean ikusita, baina nola izan zen eta jakin zutenean herrialdeak bizi zuen egonkortasuna egiaztatu eta gero, berriro lasaitu ziren. 1999ko martxoko legebiltzarreko hauteskundeak Sogloren alderdiak irabazi zituen, 27 ordezkarirekin, eta lehendakaritzarako hauteskundeetarako artean bi urte falta zirenez, Kérékouk oposizioarekin batera gobernatu beste aukerarik ez zuen izan.
Thomas Boni Yayik irabazi zituen 2006ko presidentetzarako hauteskundeak, botoen % 75ekin.[4], eta 2011n berriz hautatua izan zen.[5] 2016ko hauteskundeetan, Thomas Boni Yayi ezin izan zen aurkeztu, eta Patrice Talon nagusitu zitzaion bigarren itzulian Lionel Zinsouri.[6]
Gobernua eta administrazioa
Politika
1990ean onartutako konstituzioaren arabera, Benin errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburua eta gobernuburua; sufragio unibertsalez aukeratzen da, bost urteko agintaldirako. Legebiltzarra (Assemblee Nationale) ganbera bakarrekoa da; 83 kide ditu, lau urtetik behin hautatzen direnak sufragio unibertsalaren bitartez.[7]
11.485.044 biztanle zituen 2018an.[2] Batez besteko dentsitatea 95 biztanle/km2 ingurukoa da, baina hegoaldean, itsasertzeko hiri handienetan, 200 biztanle/km2-rainokoa ere bada; izan ere, benindarren lautik hiru, gutxi gorabehera, hegoaldean bizi dira. Barnealdeko eskualde batzuetan, aldiz, oso jende gutxi bizi da. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 42,3 dira, 15-24 urte bitartekoak % 20,5, 25-54 urte bitartekoak % 30,7, 55-64 urte bitartekoak % 3,6, eta 65 urtetik gorakoak % 2,9. Bizi itxaropena 62,7 urtekoa da; 61,2 urtekoa gizonezkoena eta 64,2 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[7]
Banaketa etnikoa
Fonak (biztanleriaren % 38,4) eta adjak (% 15,1) dira etnia nagusiak eta, batez ere, hegoaldean bizi dira. Iparraldeko etnia jendetsuenak baribak (biztanleriaren % 9,6) eta fulak (% 8,6) dira. Jorubak, berriz, hego-ekialdean bizi dira, eta % 12 inguru dira.[7]
Hizkuntzak
Frantsesarekin batera, fonera eta jorubera dira hizkuntza nagusiak.[7] Hizkuntza ofiziala frantsesa bada ere, benindar gehienak beren jatorrizko hizkuntzetan mintzatzen dira.
Nigeria aberatsarekin mugan, garraio-azpiegitura itxurazko baten jabe direla, benindarrek, batez ere, salerosketatik ateratzen dute dirua, eta are gehiago kontrolatu gabeko salerosketatik merkataritza araututik baino. Jarduera horiek, ia beti, Nigeriako diruaren truke-balioaren aldaketen mende egoten dira. Hirugarren sektoreak BPGaren % 50 baino gehiago hartzen du ofizialki eta, izatez, ondotxoz gehiago.
Beningo ekonomiaren bigarren zutabea nekazaritza da (BPGaren % 26,1 2017an).[7] Ustiatze-zentro txiki eta burujabeek ekoizten dituzte nekazaritza-produktuen % 90 inguru. Barne-kontsumorako gai nagusiak artoa, manioka, basartoa, batatak, artatxikia, arroza, kakahueteak eta babarrunak dira. Merkataritzarako, berriz, batez ere hegoaldean, palma olioa, palmondo-haziak, kotoia (esportazio ofizial guztien erdia), kafea eta kokoak ekoizten dira. Iparraldeko belardietan, behiak, ardiak eta ahuntzak hazten dituzte. Oihan-ustiapenak eta salmentarako arrantzak ez dute pisu handirik ekonomian. Oihanetik urtero ateratzen dituzten 4,7 milioi metro kubo zuretatik ia guztiak erregaietarako erabiltzen dira. Era berean, barne-kontsumorako erabiltzen dira ibai eta aintziretan arrantzatzen diren arrain gehienak.
Beninek esportatzen dituen lehengai mineralen artean petrolioa da garrantzizkoena. Kareharria ere ateratzen dute porlana egiteko. Diamante gutxi batzuk ere esportatzen dituzte, baina gainerako mea-baliabide gehienak ustiatu gabe daude. Industria-jarduerak ez daude oso garatuak, baina janariekin zerikusia duten produktuak ekoizten dituzte, batez ere: palmondo-olioa, koko-haziak, garagardoa, azukrea, eta kotoizko ehunak.
Merkataritza-balantzari dagokionez inportazioak askoz gehiago dira esportazioak baino. Esportazio nagusiak petrolio gordina eta palmondotik, kotoitik eta kokoetatik eratorritako produktuak dira; inportazioak, berriz, ehunak, jantziak eta makineria dira. India, Thailandia, Bangladesh, Txina, Frantzia, Ukraina, Niger eta Nigeria dira Beninekin merkataritza-harreman gehien dituzten herrialdeak.[7]
Azpiegiturak
Garraioa
16.000 kilometro inguruko errepide-sarea du estatuak.[7] Errepide nagusiak CotonoutikParakoura doana eta, hegoaldean, itsasertzaren paraleloan doazenak dira. Burdinbide nagusiak ere (600 kilometro ingurukoa) Cotonou eta Parakou batzen ditu; kostatik doazen burdinbideak ere baditu, Togorekin eta Nigeriarekin loturak dituztenak. Cotonouk itsas portua eta nazioarteko aireportua ditu.