Tony Curtis Hell's Kitchen jaio zen, New Yorken, 1925eko ekainaren 3an, baina haurtzaroa Bronxen igaro zuen. Gurasoak, Emanuel Schwartz eta Helen Klein, hungariar jatorriko juduak ziren, aita Ópályikoa eta ama Nagymihálykoa. 5 edo 6 urte bete arte ez zuen hungariera besterik ikasi.[1] Aita jostuna zen eta sendia denda atzean bizi zen, gurasoak alde batean eta Julius, Robert eta Tony anaiak bestean. Amari eskizofrenia diagnostikatu zioten geroago, eta anaia Robert ere instituzio batean sartu behar izan zuten gaixotasun berak jota.[2]
Oso familia behartsua zen. Zortzi urte zituenean, hilabete bat pasatu zuen umezurztegi batean Juliusekin batera, gurasoek jatekorik ere ez zutelako. Lau urte geroago, Julius hil zen kamioi batek harrapaturik. Garai hartan Tony auzoko bandan ibiltzen zen, eskolara joan beharrean lapurreta txikiak egiten, eta eraso antisemitak ere pairatu zituen.[2] 11 urte zituenean, bizilagun baten ahaleginari esker, Boy Scouten udaleku batera joan zelarik, gainerako haurrak aho zabalik uzten zituen bere bizitzari buruzko kontakizun fantastikoekin. Seward Park High Schoolera joan zen, eta bertan egin zuen lehenbiziko aktore lan txikia, 16 urterekin, eskolako antzerkian.[3]
2010eko irailaren 29an hil zen, Las Vegasen, bihotzekoak jota.[7] Urriaren 4an eman zioten lur, Nevadako Green Valleyko Palm Memorial Park Cemeteryn. Hiletan, besteak beste, Jamie Lee Curtis eta Kelly Curtis alabak, Arnold Schwarzenegger, Ron Jeremy, Rich Little, eta Vera Goulet, Robert Gouleten alarguna, Kirk Kerkorian, Kirk Douglas eta Phyllis McGuire egon ziren.
Ezkontzak eta seme-alabak
Sei aldiz ezkondu zen. Lehenbiziko emaztea Janet Leigh antzezlea izan zen. 1951n ezkondu eta 1962an bereizi ziren. Bi alaba izan zituzten, Jamie Lee Curtis eta Kelly Curtis, biak aktoreak. Ondorengo emazteak hauek izan ziren:
Christine Kaufmann, 1963-1968 bitartean. Bi alaba izan zituzten, Alexandra eta Allegra.
Leslie Allen, 1968-1982 bitartean. Bi seme izan zituzten: Nicholas Bernard eta Benjamin.