Langabezia edo desenplegua da lan egiteko borondatea eta gaitasuna duten gizabanakoek —langabeek— gogoz kontra jasaten duten lanik ezeko egoera. Lanik eza pairatzen duen lan indar osoaren ehuneko gisa neurtzen da langabezia, maizenik langabezia-tasaren bidez: lanik ez duen biztanleria aktiboaren ehunekoa (lanean aritzeko adina izanik, lanean edo lan bila ari direnek osatzen dute biztanleria aktiboa).
Beraz, langabezia aztertzean kontuan izan beharreko faktore nagusietako bat da faktore demografikoa. Izan ere, jaiotza- eta heriotza-tasek, biztanleriaren bizi-itxaropenak, edota migrazio-mugimenduek eragin handia dute langabeziaren bilakaeran.
Lanaren eskaintza eta eskaria
Lan-merkatuan parte hartzen duten alderdiak bi dira:
Langileak: lana, ekoizpen-faktore garrantzitsua, eskaintzen dute (lan-eskaintza).
Enpresak: faktore hori eskatzen dute (lan-eskaria).
Langabezia, hortaz, lan-merkatuan gertatzen den gehiegizko lan-eskaintza da, edota lan-eskariaren urritasuna. Langabeziaren sorkuntzari buruzko hainbat teoria garatu dira ekonomian, eta, horren ondorioz, hainbat langabezia-mota bereizten dira langabezia sortzen duten faktoreen arabera. Hala, lau langabezia-mota, edo bestela esanda, langabeziaren lau kausa aipatu ohi dira: langabezia frikzionala, klasikoa, egiturazkoa edo teknologikoa, eta ziklikoa.
Langabezia frikzionala: lan bat utzi berria izanik, beste baten bila ari direnen egoerari loturikoa da; beraz, beti zor izango zaio faktore horri langabezia osoaren ehuneko txiki bat, beti izango baitira estatistikak osatzean lan bat utzi eta beste lan baten bila ari diren langile batzuk.
Langabezia klasikoa:soldata-maila altuegiei dago lotua. Zenbait ekonomialarirentzat (ekonomilari klasiko eta neoklasikoentzat, hain zuzen), soldata garaiegiak dira, lan-merkatuen gehiegizko zurruntasun, arauketa eta parte-hartzearekin batera, langabezia sortzeko iturri nagusiak.
Egiturazko langabezia: ekonomiaren egituran izaten diren aldaketa sakonei loturikoa da. Aldaketa horien ondorioz, sektore batzuetan lanak gora egiten du, eta beste batzuetan, berriz, lanik eza areagotu egiten da. Langabezia-mota hau bi faktore nagusik sortzen dute: aldaketa teknologikoen ondorioz, zenbait sektoretan jarduera eta eginkizun jakin batzuk egiteko lan-eskariaren murrizketak (langabezia teknologiko deritzona); eta, bestetik, sektore jakin bateko produktu edo zerbitzuen eskariak izan dezakeen beherakada handi edo erabatekoaren ondorioz, sektore horretan lanpostuak betiko galtzen direlako (besteak beste, teknologia berri batek produktu horiek zaharkiturik uzten dituelako, edo nazioarteko lehiakortasuna areagotzen delako sektore horretan, edo kontsumitzaileen gustuak aldatzen direlako).
Langabezia ziklikoa:ekonomia-zikloetako atzeraldi edo ekonomia-jardueraren beherakada-fasearekin loturikoa da. Atzeraldian den ekonomian produktu eta zerbitzuen eskaria osoa ez da gai lan bila dabiltzan guztientzat lana sortzeko. Langabezia ziklikoari langabezia keynestarra edo eskari agregatuaren urritasunekoa ere esaten zaio.
Langabezia-tasa
Lanaren eta langabeziaren arteko erlazioaren zifrak herrialde baten datu ekonomiko zehatz eta zabalenen artekoak dira. Hilero biztanleria aktiboa neurtuz lortzen dira. Hilero egiten da galdeketa zenbait etxetan, azkenaldiko lan historialari buruzko galderekin.
Galdeketa horrek 16 urte edo gehiagoko biztanleria 4 taldetan zatikatzen ditu:
Biztanleria okupatua: ordaindutako lanak egiten ari diren pertsonak dira, baita gaixotasunagatik, grebengatik edo oporrengatik absente dauden langileak ere.
Langabeak: okupatuak ez dauden pertsonak dira, baina modu aktiboan lana bilatzen egon diren edo berriz ere lanean astea espero duten pertsonak osatzen dute. Sakonago esanda, pertsona bat langabe dago: a) ez baldin badago lanean eta azken lau astean lana aurkitzeko ahalegin espezifikoak egin baldin baditu; b) lanetik bota badute eta berriz ere deitua izateko esperoan baldin badago; eta c) hurrengo hilabetean lan bat lortzea espero baldin badu. Gainera, lan bat aurkitzeko esfortzu berezi bat egin duela erakutsi beharko du (bertako enpresetan nola heldu, lan eskaintzen iragarkiei erantzun…).
Biztanleria ez-aktiboa: ikasten ari diren, etxeko lanak egiten dituzten, erretiratuek, lana egiteko gai ez diren gaixoek edo lana bilatzen ez dituzten helduek osatzen dute.
Biztanleria aktiboa: okupatuak dauden pertsonek eta langabeek osatzen dute.
Langabezia-tasa, langabe kopurua biztanleria aktiboaren kopuruarekin zatituz kalkulatzen da, eta ehunekotan erakusten da. Hau da, ez da langabe guztien eta biztanleria guztiaren arteko neurri bat, baizik eta ekonomikoki jardunean dagoenarekin.
Langabeziari buruzko teoriak
Langabeziari buruz askotariko ikuspegi eta azalpenak eta elkarren kontrakoak daude ekonomia-teorian. Laburbilduz, aipagarriak dira, besteak beste, teoria neoklasikoa, keynestarra eta marxista.
Teoria neoklasikoa
Teoria neoklasikoari jarraikiz, lan-merkatuaren lehia perfektua beste edozein merkatutakoa bezalakoa da. Teoria hori aldezten duten ekonomisten abiaburua da eskaintzak bere eskaria sortzen duela (Say-ren legea); horrenbestez, salgai guztiek eta lan guztiak zeinek eskatu aurkituko dutenez, denentzako enplegua izango da. Langabeziarik baldin badago, borondatezkoa edo noizean behingoa izango da (frikzionala), lan egin nahi duen orok lana aurkituko duenez gero.
Teoria neoklasikoaren irudiko, soldata beste aldagai bat da, ez eskaintzaileek ez eskatzaileak eragin ezin diotena, eta merkatua aske badabil eta prezioak (soldatak) malguak badira, merkatuak berak ezabatuko ditu gehiegizko eskariak eta eskaintzak, inork (sektore publikoak) esku hartu gabe, eta lan-eskaria eta eskaintza berdinduko dituen oreka-prezioa lortuko da; horrela, bada, eredu honetan soldaten zurruntasunak sortzen du langabezia. Teoria horrek aldezten du berezko langabezia-tasa bat dagoela, merkatuen berezko mugikortasunaren ondoriozko lanik ezak, beste lan bat aurkitzeko behar den denborak eta bazterreko adoregabetuen taldeek sortzen dutena. Lan-merkatuko desorekak lehia perfektuko baldintzak ez direnean edo prezioen bilakaeraren gaineko aurreikuspenak okerrak direnean sortu ohi dira. Horregatik, teoria honen ustez, soldata errealetan ahalik eta malgutasunik handiena eta lehia perfektuko baldintzak bermatuz, merkatuak berak joko du oreka-egoerara eta, hortaz, langabezia txikitzera.
Teoria neoklasikoak kritika ugari jaso ditu bere abiapuntuko hipotesiengatik. Izan ere, merkatua jotzen du berezko osagai bakartzat, eta ez merkatuan parte hartzen duten erakundeak, kaltegarriak direlakoan. Bestalde, merkatuaren hutsegiteak ez ditu kontuan hartzen.
Teoria keynestarra
Teoria keynestarraren arabera, ez dago arrazoirik, izan litezkeen ekonomiaren oreka-egoeretan ere, enplegua bete-betekoa izango litzatekeela aldez aurretik pentsatzeko. Keynestarrek diote merkatua ez dela perfektua eta guztiz eraginkorra, hutsegiteak ere badituela. Eta, beraz, beharrezko ikusten dute merkatuan sektore publikoak esku hartzea, hutsegiteak zuzendu eta denontzako enplegua izatetik ahalik eta hurbilen izango den orekara heldu ahal izateko.
Ekonomista keynestarren ustez, loturik daude lan-merkatua eta ondasun eta zerbitzuen merkatua eta, horregatik, eredu txertatu horretan aztertzen dituzte langabeziaren kausak eta konponbideak. Lan-eskaria enpresen aurreikuspenen arabera mugatzen dela diote; hau da, enpresek merkatuan zenbat ondasun eta zerbitzu salduko duten aurreikusirik hartzen dituztela lan beharrei buruzko erabakiak. Ondoren, ondasun eta zerbitzuen merkatuan enpresek aurreikusitako eskaria eskari erreala baino txikiagoa bada, eta ondasun eta zerbitzuen eskaintza baino txikiagoa beraz, langabezia sortzen da, enpresek langile gutxiago kontratatuko baitute. Teoria horren jarraitzaileek diotenez, beraz, lan-merkatuaren eta ondasun eta zerbitzuen merkatuaren, bien, gehiegizko eskaintza-egoera da langabezia. Horiek horrela, eta langabezia inork bilatu gabe agertzen denez, keynestarren ustez eskari agregatua sustatu behar da, langabezia eskari agregatuak berak eragin baitu, behera egitean. Hortaz, keynestarrek eskari agregatuaren osagaiak dinamizatzea proposatzen dute langabeziari aurre egiteko: inbertsioa, kontsumoa eta gastu publikoa. Hortik ondorioztatzen dute benetako soldatak ez direla jaitsi behar, aitzitik, igo egin behar direla, soldatak jaitsiz gero eskari agregatuak beheranzko joera hartzen baitu, kontsumitzaileen errentak ere behera egiten duenez.
Teoria marxista
Langabeziaren gaineko teoria marxistak, ekonomiaren egiturazko faktoreak aztertu ondoren, sistema kapitalista bera egiten du langabeziaren eragile. Marxisten iritziz, enplegu-mailak mozkinei loturik daudelarik, merkatuek eta ekonomia-politikak garrantzi handiagoa ematen diete mozkinei denentzako lana izateari baino. Kapitalismoan, oro har, inbertsioak baldintzatzen du enplegua, eta, era berean, itxaroten den mozkinen tasak baldintzatzen du inbertsioa. Hala, kapitalistek soldatak kontrolatu behar dituzte, mozkinen tasa behera ez etortzeko.
Langabezia da, marxisten iritziz, soldatak kontrolatzeko tresnetariko bat, zeren nahiz eta eskari agregatuari kalte egin, lanaren kostuak gutxitu eta langileen esplotazioa handitzeko bidea baita. Horregatik, marxistentzat, sistema kapitalistak berezkoa du langabezia, langile-klasearen negoziatzeko ahalmena ahulduz, klasea bera bananduz eta gehiago esplotatuz, kapitala dutenei mozkin gehiago ateratzeko komeni zaie-eta.
Langabeziaren ondorioak
2015eko urtarrilarren 6an argitaratu zenez, langabezia tasa handitzeak suizidioak handitzea ekartzen zuela frogatu zuen ikerketa batek, Frantzian[2].