Jacques Lipchitz (Druskininkai, Lituania, 1891ko abuztuaren 22a - Capri, Italia, 1973ko maiatzaren 16a) eskultorea izan zen. Kubismoaren jarraitzailea izan zen, eta eskultura ez-figuratiboaren aitzindaria izan zen.
Bizitza
Vilniusko hirian ingeniaritzako ikasketak egin eta 1909an Parisa jo zuen. 1912-1913 urteetan Errusiako Inperioko armadan aritu ondoren, Parisa itzuli, eta artista kubistekin batera hasi zen, molde kubistako eskulturak egiten: Marin à la guitarre (1914, Marinela gitarrarekin). Giza irudiak zilindro edo prisma itxurako bolumen bihurtu zituen, eta erliebe polikromo abstraktuak erabili zituen: Tête en pierre (1915, Harrizko burua), Nature Morte (1918).
1925etik aurrera, malgutasun handiagoz hornitu zituen bere obrak, eta espiral forma luzeek utzitako hutsuneek dinamismoa eman zieten eskulturei. Oso libre landu zuen giza irudia eta lirismo handiko obrak lortu zituen: Le Couple (1928-1929, Bikotea), Le Chant des voyelles (1931-1933, Bokalen kantua). Bibliako eta mitologia klasikoko gaiez eskultura-multzo korapilatsuak osatu zituen: Prométhée et le Vautour (1937, Prometeo eta saia).
1941etik aurrera Estatu Batuetan bizi izan zen, eta espresionismorako joera nabarmeneko obra handiak eskaini zituen: Prayer (1943, Errezua) eta Prometheus Strangling the Vulture II (1944-1953, Prometeo saiari lepoa bihurritzen II). Lipchitzen espresiorako suharra bereziki nabarmendu zen bere trasparents (gardenak) izeneko obretan (buztinez eginak, eta, ondoren, brontzez estaliak).
Erreferentziak