Aktore-lanez gain musika munduan ere aritu izan da abeslari lanetan, Dangiliske dantza taldean eta EZ3 zein Ingot rock taldeetan.[3]
Lehen urteak
Ama nafarra du, Lizarra aldekoa. Aitaren familian gehienak bizkaitarrak baziren ere, Itziar oso giro erdaldunean hazi zen, Francoren diktaduraren ondoren euskara erabat galdu baitzen bere familian. Jaio Bilboko Solokoetxeko Maternitatean jaio zen, baina haurtzaroa Basauriko Kareaga (Kalero) auzoan igaro zuen.[4] Gurasoak Basauriko ikastolara bidaltzen saiatu ziren, euskara ikas zezan, baina kanpoan geratu zen eta ikasketak A ereduan egin behar izan zituen. Nerabezaroan deseroso sentitzen hasi zen euskaldun sentitu arren euskararik gabekoa zelako, eta AEKn izena ematea erabaki zuen, Basauriko Bolintxu euskaltegian. Gerora EGA ere eskuratu zuen.[5]
Txikitan gurasoek zinema-aretoetara zein antzokietara eramaten zuten sarri, eta horrek antzeztearekiko zaletasuna piztu zion. 14 urterekin Basauriko Antzerki Eskolan hasi zen, afizioz, aktore izango zela pentsatu gabe. Izan ere, oso lotsatia zen eta hasiera batean asko sufritzen zuen bertan.[6] Gerora argi eduki zuen aktore izan nahi zuela, baina badaezpada ere soziologia ikasketak bukatu zituen. Soziologia urbano-industrialean eta politikoan espezializatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean.[5]
Aktore lanetan hasi aurretik ikastola bateko jantokian egin zuen lan.[7] Gerora Fagor enpresan hasi zen lanean, hozkailuak egiten.[8] Haren aitak ere enpresa berean egiten zuen lan.[9] 1995ean Basauriko Antzerki Eskolako antzerki-ziurtagiria eskuratu zuen.[5]
Aktore ibilbidea
Hastapenak
Bere lehen aktore lanak antzerkian egin zituen. Kaleko emanaldietan hasi zen 1995ean, Ttirrinki Ttarranka eta Bakardade antzerki konpainiekin. Basaurin Tarima taldeak antolatzen zuen kale antzerki jaialdietan ibili zen, Ramon Barea eta Itziar Lazkano irakasle zituela.[10] 1997an izan zuen lehen papera telebistan, Agur, Olentzero, agur gaztelerazko telefilmean. Horren aurretik, 1995 eta 1996 bitartean, zenbait publizitate bideotan eta film laburretan parte hartu zuen.
Goenkale eta bestelako lanak
Fagorren lanean zebilela curriculuma bidali eta ETB 1ekoGoenkale telesailerako proba bat egin zuen. Hasieran egin zuen proba Imanol (Iñaki Perurena) pertsonaiaren etxea garbitzen zuen neskaren papererako izan zen, baina ez zuten hartu.[11] Hala ere, handik hilabete batzuetara dei bat jaso zuen zuzenean paper bat eskainiz. Jakin zuenean fabrikako lanpostu finkoari uko egin zion. 1998-1999 denboraldian (telesailaren 5. denboraldian) hasi zen telesailean, Nekane Beitia ertzain hasiberriaren paperean. Lehenengo agerraldia 1999ko martxoaren 3an izan zen. Pertsonaiak joan-etorriak izan zituen telesailean; baina orotara 15 urtez aritu zen bertan lanean, telesailaren azken denboraldira arte (2015ean).[12] Tarte horretan Nekane Beitia pertsonaia Arraldeko komisaldegiko ertzainburua bilakatu zen, eta paper honek Itziar Ituñori ospea ekarri zion Euskal Herrian.
2000ko hamarkadan ETBren beste telesail batzuetan paper sekundario zein episodikoak izan zituen. Goenkale telesailean aritu zen urteetan zehar beste zenbait filmetan ere parte hartu zuen, besteak beste Agujeros en el cielo (2004), Izarren argia (2010), Sabin (2011) Dragoi Ehiztaria (2012) eta Lasa eta Zabala (2014). Horretaz gain antzerkian lanean ere jarraitu zuen, hainbat obratan parte hartuz.[13] 2017ko Donostiako Zinemaldian Euskal Zinema eta ETB Galaren aurkezlea izan zen.[14]
Euskal Herritik haratago
Itziarren Euskal Herriko mugetatik haragoko ospea lortu zuen Loreak filmarekin, film onenaren Goya sarirako izendapena lortu zuenean eta Espainiako Zine Akademiak filma Oscar sarietarako hautagai izendatu zuenean. 2016an Igelak filmean parte hartu zuen. Loreak filmean agertu ondoren Madrilera joan zen lan bila[15], eta Antena 3 katearen La casa de papel telesailerako proba egin ondoren protagonista papererako hartu zuten. Telesaila Netflix plataformak eskuratu zuen, eta horrek nazioartean ezaguna izatea ekarri zion. 2018an telesailak Drama Onenaren Nazioarteko Emmy Saria eskuratu zuen.[16][17]
Boikota
Antzezleak parte hartu zuen La casa de papel telesailari boikot egin zioten sarean, estreinaldiaren aurreko eta ondoko egunetan. Izan ere, Miren Gaztañaga aktorearekin gertatu bezala, zenbaitek ez zuten ondo ikusten Ituñok telesail horretan parte hartzea.[18]
Hala, traol bat sortu zuten Twitterren, #BoicotLaCasaDePapel izenekoa, eta bertan, Dena da ETA kasuko logikari jarraikiz, ETAren alde egotea leporatu zioten Itziarri, Euskal Preso Politikoen sakabanaketaren kontra agertu zelako. Horregatik, boikotaren aldekoen iritziz, Itziarrek eta telesailak berak boikota merezi zuten, hilabete lehenago El guardián invisible filmak merezi izan zuen bezalaxe. Boikotatzaileek halaber gogoratu zuten iraganean Itziarrek Bildu alderdi politikoaren alde hitz egin izana.[19]
«
Urte gogorra izan da, bai lan arloan, bai publikoki: jazarpena eduki dut; eduki ditut erasoak, irainak, mehatxuak... Urtarrilean, manifa horretara joateagatik [euskal presoen eskubideen aldekoa], pankarta bat eusteagatik... Manifa erabat legala zen, portzierto. Ordutik hona, kolpetxoak jaso izan ditut. Eta hau [Aste Nagusiko Pregoilaria izatea] opari baten legez bizi dut. Bilboko Konpartsek eman didaten besarkada bat da.
2017an Errementari filmean paper txiki bat antzeztu zuen. 2018ko Basque Selfie filmaren protagonistetako bat izan zen, eta berak zuzendutako (Des)kontrolatuta? antzerki obra estreinatu zuen. Antzezlan honek Pabilioi 6ren Antzerki Arinaren publikoaren saria jaso zuen.[20] 2019an Voces zein El silencio de la ciudad blanca filmetan agertu zen, eta La casa de papel telesailaren hirugarren denboraldia estreinatu zuen.
2002an Amazoniara joan zen kooperante gisa, antzerki-tailerrak ematera.[26]
Bizitza pertsonala
2019ko azaroan tupi guarani kulturako gizon batekin harreman bat hasi zuela adierazi zuen.[27] 2020ko martxoan COVID-19 gaixotasuna zuela jakinarazi zuen.[28][29]
Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria. izan zen 2024an.[44][45] Ituñoren pregoi aldarrikatzaileak mezu oso positiboak eragin zituen sare sozialetan,[46][47][48][49] baita Coviteren kritika ere.[50] Astean zehar ere, Nagore Ugartetxupinerarekin batera, jai-giro oso ederrean aritu zen, Aste Nagusiko parte hartzaileekin eta sare sozialetako bere jarraitzaileekin.[51] Euskaraz egin zuen pregoia eta Jon Maiaren laguntzaz osatu zuen bertso honekin hasi zen:[52][53][48]
Aupa zu, Bilbo maite
Amets denen kaia
Zu Bilbo euskalduna
Herrikoi, alaia
Zuk elkartu dituzu
Mari eta jaia
Ai neure, geure Bilbo
Hastera doa ja…
Gora aste Nagusia!
Gora Mari Jaia!(BIS)
Arrasti on, Bilbooooo!!
[...]
«
In crescendo batean joan zen: lehenengo, San Anton zubian; gero, kalejiran joan ginen Bilbo ikusten, eta ikuspegi oso pribilegiatua da, erdi-erdian baitzaude. Aurpegi guztiak ikusten dituzu, zelan pozten diren gure figurak ikustean —ikurrak baikara—, Marijaia atzean dugula. Udaletxera ailegatu, eta protokolo instituzionala dago, aginte aldaketa... Eta denak amaitzen du balkoian, eta jendea oihukatzen ari da: tokatzen zaizu zure pregoia botatzea, eta gero txupinazoa. Txupinazoa pastelaren ginga da: Pa! Eta denak orroka hasten dira. Hor ja negar egiten duzu... Oso momentu ederra eta bitxia da.