Loreak 2014. urtean Jon Garaño eta Jose Maria Goenagak idatzi eta zuzendutako euskal filma da.[1]
Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean sartzea lortu duen euskarazko bigarren filma da.[2] Lehendabizikoa Ke arteko egunak izan zen, hogeita bost urte lehenago, 1989an.[3] 2014ko abenduaren 12rako 50.000 ikusle izan zituen filmak.[4]
Goya sarien 29. edizioan film onenaren eta musika onenaren saria jasotzeko proposatu zuten.[5][6] 2015eko urtarrilaren 12an, pelikula latino onenaren saria irabazi zuen Palm Springseko zinemaldian (Kalifornia, AEB).[7] Espainiako Zinema Akademiak Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Sarirako hautagai izendatu zuen.[8]
Sinopsia
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
|
Ane 40 bat urteko emakume bat da, eta ez dago bere bizitzako garairik onenean. Etxean loreak jasotzen hasiko da; ezagutzen ez duen norbaitek bidaltzen dizkio, astero. Hasieran bere senarra izan dela pentsatzen du, baina ez da hura izan...[2]
Pelikularen gai nagusia oroimena eta ahanzturaren arteko talka da. Bat-bateko heriotzaren aurrean hartu daitezkeen bi norantza, oroimenaren aldeko apustua egitea edo gertatu zena ahanztea. Hiru emakumeren ikuspuntua ematen da filman eta bakoitzak bide bat hartuko du Beñat adin ertaineko gizon bat hil ondoren, Lourdes ahaztearen aldeko agertzen da, Ane eta Tere ordea, oroitzearen aldekoak.
Finantzazioa
Loreak filma Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeek ekoiztu dute. Telebistari dagokionez, EiTB, TVE eta Euskaltel-en laguntza jaso zuen eta horrez gain, ICAA, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea ere.
Guztira, Loreaken aurrekontua milioi t’erdi eurokoa izan zen.
Esan beharra dago, Loreakek izan zuen arrakastak 2017. urtean iritsiko zen Handia filmari ateak irekiko zizkiola, besteak beste finantziaketan parte hartzen zuten taldeek konfiantza eta erraztasun gehiago jarri zituztelako.[9]
Produkzioa
Zuzendariek adierazi dutenez, Jose Maria Goenagaren ideia batetik sortu zen Loreaken gidoia. Bi zuzendariek onartu zuten gidoia egiteko lehen ideia errepide bazterretako loreetatik etorri zitzaiela. Indar handiko ildoa iruditu zitzaien, aldi batetik dramatikoa eta beste aldetik, enigmatikoa. Hasieran obraren izenburua “Loreak errepidean” zen baina aldatzea erabaki zuten, ustez, pelikulari buruz gauza gehiegi argitzen zituelakoan[10].
Hiru aktore nagusiak Itziar Aizpuru, Nagore Aranburu eta Itziar Ituño dira. Lehenengoaren kasuan oso argi zutela aitortu zuten zuzendariek, aurretik elkarrekin lan egin izanik, gidoia idazterako momentuan ere beragan pentsatu zutela. Nagore Aranbururen aukera ere berehala etorri zitzaiela aipatu izan dute, eta castingetan hori berretsi zutela. Itziar Ituñorena ordea, bide zailagoa izan zela adierazi dute, aurretik emakume zaharrago baten ideia zutelako[10].
Aktoreak
Banaketa
Espainiar estatuko banaketa A Contracorriente Films enpresaren esku geratu zen; eta nazioarteko salmentak berriz, Film Factory Entertainment enpresaren esku.
Filmaren jatorrizko hizkuntza euskara da eta euskararen mugetatik kanpoko zinemetara heltzeko azpititulatua eta bikoiztua izan zen. Bikoizketa Espainia mailako banaketak planteatutako beharra izan da bereziki, zenbait hiritan bikoiztuaren aukera soilik eman zelako.
Donostiako Zinemaldian hasita euskal lurretan izandako arrakastari esker, nazioartean zabalkunde handia izan zuen filmak. Ospe handiko sariak irabazi zituen; besteak beste, Goya sarietan pelikula onenaren sailean izendatua izatea lehenik, eta Oscar sarietarako aukeratua izatea ondoren.
Zabalpena eta sariak
Loreak filmak erantzun zabal izan zuen. Euskal Herrian zein nazioartean sari, aipamen eta kritika positibo ugari bildu zituen, kritika onekin batera.
2014ko abenduaren 12rako 50.000 ikusle izan zituen filmak baina esaten da, guztira 150.000 ikusletik gora izan dituela nazioarteko zinemaldiak kontuan izanik.
Espainiako datuak hartuz gero, ICAAk iragarri izan du, Loreak-ek 2014ean 37.309 ikusle izan zituen, 2015ean 10.864, eta 2016an 2000 ikusle. Guztira, 272.768€ errekaudatu zituen. Kontuan hartu behar dena zera da, ICAAren aztertze esparrua ez da zinema areto guztietara hedatzen, izan liteke zenbaki denak ez agertzea datuetan. tartean Euskal Herriko sala guztienak esate baterako.
Sariei dagokienez, entzute handia izan zuen Espainiako Zinema Akademiak Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Sarirako hautagai izendatu izanak. Hala ere, mundu mailan izendapen eta sari asko bildu zituen, guztira 30 saritik gora lortu eta 68 festibaletan parte hartu zuen[11].
Sari nagusiak
Erreferentziak
Iruzkinak
Ikus, gainera
Kanpo estekak