Georges Auric (Lodève, Hérault, 1899ko otsailaren 15a - Paris, 1983ko uztailaren 23a) frantses musikagilea izan zen. Montpellierko Kontserbatorioan egin zituen musikako ikasketak, eta Parisko Kontserbatorioan egin zituen trebakuntzakoak. Azken horretan kontrapuntua eta fuga landu zituen, batez ere.
1914an egin zuen lehenengo lana: Interludes. Ondoren, Schola Cantorumen Vincent d´Indy eta Arbert Rousselen ikaslea izan zen. 1917an osatu zuen lehenengo balleta, Les Noces de Gamache (Gamacheko ezkontzak), eta handik bi urtera opera komiko bat, La reine de coeur (Bihotzeko Erregina). Puskatu egin zituen bi partitura horiek, ordea. Darius Milhaud eta Jean Cocteaurekin batera Les six taldea sortu zuen. Diaghilevek eskatu zizkion lehenengo balletak (Les Fâcheux, 1924; Les Matelots, 1925). 1930ean Cocteauren Le Sang d´un poète (Poeta baten odola) filmeko musika osatu zuen, eta ondoren, John Hustonen Moulin Rouge (Errota gorria) filmekoa, izugarrizko arrakasta izan zuena.
1962tik 1968ra bitartean, Antzoki Liriko Nazionalen Bilkurako administratzaile izan zen. Garai hartako ahots handienak eraman zituen Garnier jauregira: Maria Callas, Elisabeth Schwarzkopf, Birgitt Nilsson, Tito Gobbi, Galina Vitxnievskaia. Kontzertuetan, tresnetarako zenbait partitura eta ganbera-musikarako zenbait lan egin zituen: Sonatine (1923, Sonatina), Petite Suite (1927, Suit txikia), Sonate pour violon et piano (1936, Biolin eta pianorako sonata), Sonate pour flûte et piano (1964, Sonata flauta eta pianorako). Balletak ere osatu zituen: Les Enchantements d´Alaine (1929, Aladinoren lilurak), Chemin de lumière (Argi-bidea) eta Coup de feu (1952, Tiroa). Zineman lan ugari egin zituen; aipagarriak ditu, besteak beste, René Clair (À nous la liberté, 1932), Jean Delannoy (Symphonie pastorale, 1946), John Huston (Moulin Rouge, 1952), Henri-Georges Clouzot (Le Salaire de la peur, 1953), René Clément (Gervaise, 1956), Gérard Oury (La Grande Vadrouille, 1967) zuzendarien filmetako musika.
Erreferentziak