EuskaraZ posta zerrenda Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) 1996an sortu zuen, Eusnet elkartearen zerbitzuei esker. Ondoren, EKB desegin zenean, 1999ko ekainetik 2001eko abendura arte UEUk hartu zuen zerrendaren ardura, eta eGroups sistemara migratu zuen zerrendaren egitura teknikoa.[1][2] Zerrenda moderatu gabea zen, eta UEUk kudeatu zuen bitartean 600 kide biltzera ailegatu zen eta 3.250 mezu azaldu ziren.[3] 2001ean, UEUk zerrenda kudeatzeari utzi zion eta pertsona partikular batzuen eskuetan geratu zen ardura. Hala ere, pixkanaka, jardunak erritmoa galdu zuen eta itxi egin zen zerrenda, isiltasun-fase baten ondoren.
Euskarazko lehen posta zerrenda
Euskarazko lehen posta zerrenda izan zen EuskaraZ. Hiru urte lehenago, 1993ko abenduan, Basque-L zerrenda sortu zuten New York-eko unibertsitate batean, Euskal Herriari buruzkoa zen baina ez zen euskarazko posta zerrenda.[4]
Geroko posta zerrendak eta blogintzaren sorrera
Udako Euskal Unibertsitateak 2001eko EuskaraZ zerrenda moderatu gabea kudeatzeari utzi ondoren Uztargi zerrenda moderatua sortu zuen. Euskaraz bakarrik idatz zitekeen Uztargin. Euskalgintzak eta kulturgintzak informazio-trukerako zuten fororik irekiena zen orduan, eta moderazioari esker, askotariko jatorria zuten mezuak banatzen ziren, monopoliorik gabe, eta errespetu giroan. Lehenengo sei hilabetetan 216 mezu plazaratu ziren bertan, eta laurehun harpidedun baino gehiago zuen.
Iritziak publikoki konpartitu eta eztabaidatzeko bide bat izan ziren posta zerrendak, baina blogak etorri zirenean panorama aldatu zen gero. 2001eko urriaren 29an sortu zuten Gipuzkoan "Goiena Komunikazio Zerbitzuak" eta CodeSyntax informatika-enpresak. Euskarazko "blogintzan" aitzindaria izan ziren, garai hartan oso blog gutxi baitzegoen, eta euskarazko blog-albiste gehienak CodeSyntaxek sortutako Sustatu blogean argitaratzen hasi ziren, egile bakoitzak bere izenarekin. Geroago blog andana sortu zirenean, gai orokorren inguruko albiste kopurua jaitsi zen, eta teknologia berrien inguruko gaiak bihurtu ziren gai nagusia Sustatun.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak