Elkarteak itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen arteko harreman profesionala eta informazio trukatzea sustatzen ditu, haiei lege aholkularitza eta trebakuntza ematearekin batera.
Elkarteak hainbat tresna eskaintzen dizkie kideei eta erabiltzaile publikoei, besteak beste:
Nor da Nor: Euskal Itzulpengintzaren datu-basea (euskaratik eta euskarara egindako itzulpen literarioen katalogoa eta itzultzaileak).[1]
ItzuL posta-zerrenda. Eguneroko lanean sortu ohi diren arazoak beste itzultzaileekin batera konpondu eta eztabaidatzeko foroa.[2]
Argitalpenak
Bere historian zehar EIZIEk hainbat bide zabaldu ditu itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen lanari buruzko argibideak eskaintzeko, paperean zein euskarri elektronikoan. Hona hemen adibide batzuk:
Senez aldizkariak itzulpengintzaren teoria eta pragmatika lantzen ditu. Martuteneko Itzultzaile Eskolak sortu zuen, 1984. urtean, eta EIZIE sortu zenean elkarte honi pasa zion ardura.[3] Gaur egun urtean behin argitaratzen da, eta, aldian behin, ale monografikoak ere kaleratzen dira.
Basqueliterature webgune berezia elikatu zen 2012. urtea arte. EIZIEren ekimenez, babesaz eta kudeaketaz sortu zen, euskal literaturaren erakusgarri bat beste hizkuntzetan emateko.
31 eskutik bloga egunero euskararen erabilerari buruzko testu bat argitaratzeko asmoz sortu zuen elkarteak, 2012an, asmo didaktikoarekin.