Informatikako Ingeniaritza eta Adimen Artifiziala graduetan izan da irakaslea. Datu baseen inguruko ikasgaietan batez ere (Datu-baseen oinarriak), baita Programazioa, Gomendio-sistemak eta Hezkuntzarako Informatikan ere.[3] Bestalde, ehundik gora kide dituen EHUko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko idazkari akademikoa izan zen 2020tik 2022ra, eta Donostiako Informatika Fakultatean kide aktiboa izan da urtetan Fakultate Batzarreko kide gisa eta batzordetan parte hartuta.
Ikertzailea
Euskal Herriko Unibertsitatean informatika ikasi zuen, Donostiako Informatika Fakultatean. 1999an "Fundamentos y diseño de IRIS un entorno para la creación de sistemas de enseñanza inteligente " izenburuko tesia defendatu zuen (euskaraz: Irakaskuntza adimenduneko sistemak sortzeko ingurune baten oinarriak eta diseinua).[4] Tesiaren zuzendaria Isabel Fernández de Castro izan zen, Galan ikertaldeko orduko zuzendaria.
GaLan ikerketa-taldeko dinamizatzaileetako bat da Arruarte. Talde hori 1990eko hamarkadaren sortu zen, Isabel Fernández de Castro eta Arantza Diaz de Ilarrazaren artean sortu ere, hezkuntza-esparruan erabil daitezkeen baliabide informatikoak hobetu eta malgutzeko asmoz. Azken urteetan adimen artifizialean oinarritutako hainbat bitarteko eta teknologia erabiltzearen garrantzia nabarmentzen dute, ikaskuntza-prozesuen arrakasta bultzatzeko.[5][6][7] 2020ko hamarkadan gai hauek ikertzen dituzte: lankidetza-kontzeptuen eta kultura anitzeko gaien mapak, teknologia bidez lagundutako ikaskuntza-sistemen egokitzapena eta gomendioa, ikasle irekien ereduak eta dokumentu elektronikoetatik abiatuta domeinu-moduluak automatikoki eskuratzea. Hezkuntza eta teknologia digitalak ikuspegi eraikitzaile eta kritikoz nola uztartu da bere ibilbide profesionalean garaturiko lerro nagusia.[8]
Funtsean, honako gai hauek landu ditu Arruartek: ezagutzaren eskuratzea, ikasleen modelizazioa, laburpenen ebaluazio automatikoa eta kontzeptu-mapak. Gaur egun, batez ere, honako gai hauetan ari da lanean: testuliburu elektronikoetatik, eta heuristikoak, ikaste automatikoa eta hizkuntzaren prozesamenduaren bidezko teknikez baliatuz, ikaste-domeinuaren sorkuntza erdiautomatikoa; kulturaniztun ikasketa-tresnen garatzea; eta, gomendio-sistemak eta konfiantza-ereduak hezkuntzan.[1]
Gainera, Eusko Jaurlaritzako talde kontsolidatu izaera duen Adian ikerketa-taldeko kidea ere bada Arruarte,[9] baita EHUko irakaskuntza egituratutako ITForja taldekoa ere. Beste ikerketa-talde batzuekin ere aritu izan da lankidetzan; besteak beste, hauekin: Ixa Taldearekin,[10][11][12]Egokituz, eta Aldapa taldearekin.[13][14][15]
Sei doktorego-tesi[16][17][18][19][20] eta sei proiektu zuzendu[21] baita artikulu zientifiko ugari[22][23] argitaratu ere sistema tutore inteligenteen arloan.
e-makumeak
Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten egoeraz informazioa biltzeko eta zabaltzeko e-makumeak bilguneko partaidea izan da hainbat urtez.[24] Alde horretatik teknologiaren sorkuntzan emakumeen presentzia oso beharrezkoa dela defenditu izan du, eta urtero artikulu bat idatzi du e-makumeak taldeak Gaur8 astekarian duen atalean:[25]
[2001eko IEB biltzarraren helburua da] ...informatikaren irakaskuntzak ziklo ezberdinetan dituen planteamendu eta arazoak aztertzea, batetik; eta informatika eta teknologia berriek irakaskuntzan dagoeneko duten eta etorkizunean izango duten zereginaren ikuspegi ahalik eta zabalena eskaintzea, bestetik. Hala ere, aurreko bi ekitaldietan bezala, informatikan euskaraz jarduteak dituen bestelako arazo eta gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldiko mintzagaien artean.