Osheroff ikasle zela hasi zen helio 3arekin lanean, David M. Lee eta Robert C. Richardson fisikariekin batera. Hiru zientzialariok ez ziren superfluidotasuna ikertzen ari, isotopo horren ezaugarri magnetikoak baizik, oso tenperatura hotzetara eramanez. Hala ere, Osheroffek helio 3an presio-aldaketak sumatu uste zituen, eta isotopoa superfluido bihurtu zela pentsatu zuten zalantzarik gabe bai berak bai eta beste bi lankideek ere. Zientzialariek ez zituzten aintzat hartu emaitzok, harik eta hurrengo urtean beste zientzialari batzuek berretsi zituzten arte. Helio 3aren superfluidotasuna aurkitzeagatik, Osheroffek, Leek eta Richardsonek Fisikako Nobel saria irabazi zuten 1996an.