Augusto Etxekopar[1] (Donapaleu, 1830eko maiatzaren 30 – Bètharram, 1897ko apirilaren 13) apaiz baxenafarra izan zen. Mixel Garikoitzek sortu zuen Societas Sacratissimi Cordis Jesu Betharram (euskaraz: Betharramgo Jesus Bihotz Sakratuaren Elkartea edo "Baionako Apaizak") kongregazioko hirugarren burua izan zen eta beatifikazio prozesuan dago.
Biografia
Hamabost neba-arrebaren artean zortzigarrena, Donapaleun jaio zen. Bertako kolegioan ikasi eta gero Airako (Landak, Okzitania) ikastetxean Filosofia ikasketak egin zituen. Beranduago jaioterriko kolegioan irakasle aritu zen bere seminario prestakuntza egiten zuen bitartean. 1854ko ekainaren 10ean bihurtu zen apaiz Baionako katedralean .
Bere balio intelektuala ikusita, apezpikuak elizbarrutiko postu gakoak okupatuko zituzten apaizen formakuntzarako zegoen Oloroe-Donamariako Société des Hautes Études delakora bidali zuen. Hala ere, elkartea berehala desagertu zen eta bertan zeudenak norbanako gisa beste baxenafartar batek, Mixel Garikoitzek sortutako Betharramgo Jesus Bihotz Sakratuen Elkartean onartu zituzten. 1855eko urriaren 24an hantxe egin zituen bere botoak.
Bi urte geroago Oloroeko Sainte-Croix kolegioan segitzen zuen irakasle; Mixel Garikoitzek Bètharramera joateko esan zion 1857ko uztailean, nobizioen maisu izateko. 1863ko maiatzaren 14an hil zen ibartarraren konfiantza osoko laguna bilakatu zen.
Harrezkero batez ere kongregazioaren etxe nagusian eman zuen bizitza osoa: sortzailearen idazkari (1857-1863), Institutuko idazkari nagusi (1863-1873), aita Chirou Garikoitzen ordezkoaren laguntzaile orokor (1873-1874) eta amaitzeko ordenako hirugarren nagusi jeneral (1874-1897). Azken urte horretako apirilaren 13an hil zen; lehenagotik urte luzeetan osasun arazo larriak izan zituen.
Ekimen nagusiak
Bere biografoen arabera[2] Etxekoparren 25 urte luzeetako buruzagitza hiru lan-ardatz nagusitan zentratu zen:
Beatifikazio bidean
Erlatiboki berandu, 1935ean bera hil eta 38 urtera hasi zen bere beatifikazio prozesua. Baionako elizbarrutian testigantzak biltzea izan zen lehen pausoa. Erroman 1945ean garatzen hasi bazen ere, 1964an geldirik geratu zen. 1970ean berriz ekin zitzaion proposamena defenditzeari.
Donapaleun
Katolikoen erreferentzia inportantea izanik, Etxekopar jaio zen Amikuzeko hiriburuan bi ikastetxe giristino pribaturen izenak[3] berari dedikatuak dira: Lehen Hezkuntzako eskola eta kolegioa.
Biak Euskal Haziak eskola kristau elebidunen sareko kideak dira[4].
Bibliografia
- Duvignau, P.: L’homme au visage de lumière. Le Père Auguste Etchécopar. Second Fondateur des Pères de Bétharram, Genval, Marie-Médiatrice argitaletxea, 1968.
- Fernessole, P.: El Venerado Padre Augusto Etchecopar. Tercer superior general de los Sacerdotes del Sagrado Corazón de Betharram, Buenos Aires, FVD argitaletxea, 1949.
- Fernessole, P.: Le Très Révérend Père Auguste Etchécopar Troisième Supérieur Général des Prêtres du Sacré-Coeur de Bétharram, Paris, Spes, 1937.
- Mourié, G. - Miéyaa, P.: El Padre Augusto Etchecopar. Discípulo y sucesor del bienaventurado Miguel Garicoits, Buenos Aires, FVD argitaletxea, 1946.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo loturak