Abd el Krim

Abd el Krim

Rifeko Errepublikaren Presidentea

1921eko irailaren 18a - 1926ko maiatzaren 17a
Bizitza
JaiotzaAjdir1882ko urtarrilaren 12a
Herrialdea Maroko
HeriotzaKairo1963ko otsailaren 6a (81 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaAbdelkrim Khattabi
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaAl-Qarawiyyin Unibertsitatea
Hizkuntzakarabiera
italiera
frantsesa
gaztelania
ingelesa
Tarifita
Amazigera
Jarduerak
JarduerakKadia, politikaria, kazetaria, Erresistentziaren kidea, idazlea, lehendakaria eta itzultzailea
Zerbitzu militarra
Graduakapitain jeneral
Parte hartutako gatazkakAnnualeko gudua
Rifeko gerra
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama

Muhammad ibn Abd al-Karim al-Khattabi, arabieraz: محمد عبد الكريم الخطابي‎, amazigeraz , Europako historiografian Abd el Krim

[1], (Ajdir, Rif, 1882Kairo, Egipto, 1963ko otsailaren 6a) Espainiaren eta Frantziaren kolonialismoaren aurka jardun zuen Rifeko buruzagia izan zen. Rifeko Errepublika berberea 1921-1926 proklamatu zuen, eta haren lehendakari izan zen iraun zuen bitartean.

Biografia

Abd el-Krim 1882an sortu zen Ajdir herrian, Ait Jattab ahaidegoan, Ait Urriagel tribu edo kabilan. Koran hezkuntza jaso ondoren, Espainiako batxilergoa egitera bidali zuen aitak Tetuan eta Melillara. 1903an Fezera jo zuen, Qarawiyin meskitara ikasketak osatzeko. Mohammed al-Khattabi anaia gazteak ere Espainiako hezkuntza jaso zuen eta Madrilen mehatzetako ikasketak egin zituen. Kolonialismoaren aurkako borrokan parte hartze garrantzitsua izan zuen anaia gazteak ere.

Aita kabilako alfaki eta kadi zen, hau da, koran legearen aditua eta juje islamikoa. Itzal handia zuen komunitatean eta, hasiera batean, 1906an ezarritako Protektoratuaren bidetik, espainiarrekin kolaboratzearen aldekoa zen, beti ere, herria modernizatzeko bidean egokiena zelakoan.

1906 edo 1907an Abd el-Krim Melillara joan zen. 1907 eta 1913 artean eskolak eman zituen bertako marokoarren ikastegian. Aldi berean, Melillako El Telegrama del Rif egunkarian aritu zen kazetari lanetan, arabierazko sailaren arduradun. 1907tik 1915era arte egunero arabierazko artikulu bat argitaratu zuen egunkariaren lehen orrialdean. Bere artikuluetan Espainiak laguntza tekniko eta ekonomikoa eman zezakeela azpimarratu ohi zuen, Frantziaren kolonialismoaren bideak gaitzesten zituen bitartean.

Espainiako administrazio kolonialean ere jardun zuen: 1908an Melillako Gai Indigenen Bulego Zentraleko itzultzaile eta idazkari, 1910ean Melillako kadi, eta 1913an, 31 urte zituela, Melillako kadi-buru izendatu zuten. Hainbat domina eta sari ere jaso zituen lan horiek burutzean erakutsitako prestutasunagatik.

Amazigera irakasle

Amazig edo berbere herrietako bat da Arrif. Amazigeraren tarifit dialektoa da bertako hizkuntza.

Garai hartan, 1914an hain zuzen, Melillan sortutako amazigera (berbere hizkuntza) akademiaren lehen irakaslea izan zen. Zeregin horretan Pedro Hilarion Sarrionandia frantziskotar euskaldunak osatutako Gramática de la lengua rifeña liburua erabiliko zuen, amazigeraren (xelja dialektoaz) lehen gramatika. 1914ko urriaren 2an El Telegrama del Rif egunkariko bere eguneroko artikuluan, Sarrionandia eta bere gramatika goretsi eta amazigera aldarrikatuko zituen.

1915ean, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, Turkia Alemaniarekin lerrokatzeak, mundu islamiarra horren alde jartzea ekarri zuen. Horretara, Frantziako protektoratuaren kontrako mugimenduan alemaniarrekin kolaboratzen zuelako susmopean, espediente bat ireki zioten Abd el-Krimi. Espainiako militarrek egindako txostenean agerian gelditu ziren kolonialismoaren kontra zituen sentimenduak eta Rifen independentzia zuela gogoan. Espainiako armadak lurraldea okupatzeari ekinez gero aurre egingo ziela agertzen zen argi eta garbi.

Espetxean bahituta

Horren ondorioz, administrazio kargu guztiak kendu zizkioten, Melillako etxea arakatu eta atxilotu egin zuten. Tribunalak absolbitu arren, askatu beharrean Espainiako Goi Komisarioak Melillako Rostrogordoko gotorlekuan espetxeratu zuen. Batetik bere ideiak arriskutsuak zirela irizten zion eta, beste aldetik, bere aita presionatzeko bahitu gisa erabili nahi zuen, Espainiaren interesen kontra jardun ez zezan. 1915eko abenduaren 23an, Abd el-Krim kartzelatik ihes egiten saiatu zen, soka apurtu eta murrutik behera jausi zen baina. Saio horretan hanka apurtu eta, harrez gero, herrenka ibiliko zen bizitza osoan.

Abd el-Krim bahitu politikoa zen kartzelan. Urte bat egin zuen preso. Aita, alemanen alde jardun eta erresistentzia armatuaren aldera jo ondoren, berriro Espainiarekin kolaboratzen hasi zenean askatu egin zuten.

Rifeko erresistentziako partaideek baina errepresaliak hartu zituzten kolaboratzaileen aurka eta, besteren artean, 1917aren hasieran, Abd el-Krimen aitaren etxea erre zuten.

Espainiarrek etxea berreraikitzeko gastuak ordaintzeaz gain, Abd el-Krim birgaitu nahi izan zuten: Melillako kadi-buruaren kargua itzuli zioten, eta bere anaia M’hamed-en ikasketak ordaindu.

Dena dela, espainiarren portaeraz gogaituta, aita hauengatik urruntzen hasi zen. 1918an Abd el-Krimek Melilla utzi eta bere kabilara erretiratu zen. Madrilen mehatzetako ikasketak egiten ziharduen M’hamed anaia ere etxera itzuli zen. Beldur ziren bahitu edo, beste batzuekin egin bezala, Frantziarren kontra jarduteagatik haien esku utziko zituzten.

Okupazioaren aurkako erresistentzia

1906ko Akordioaren arabera Espainiaren protektoratuak hartzen zuen lurraldea

Espainiak artean praktikan ez zituen gobernatzen Algecirasko konferentziak 1906an bere babesean ezarritako protektoratuaren lurraldeak. Dominazioa zabaltzeko okupazio militarrak istilu eta erresistentzia franko sortarazten zituen bertakoen artean. Erresistentziaren pasarte aipagarrienak dira Espainiako armadak 1909an Otsoaren Amildegian jasandako triskantza, edo Mohammed Ameziane riftar buruzagiak 1911n gidatutako borrokaldiak, tartean "Kerteko kanpaina" izenaz ezagutzen dena. 1913-1916 urteetan Protektoratuaren mendebaldeko lurraldeetan hedatu eta El Raisuni buruzagiarekin hitzarmena egin zuten espainiarrek. 1920an okupazio militarra ekialdetik hedatzea erabaki zuten, Melillatik Rif osoa okupatzeko asmotan. Une horretan Abd el-Krimek eta bere etxekoek bat egin zuten erresistentzia armatuan ordura arte zihardutenekin.

Aita 1920ko abuztuan hil zenean, Abd el-Krimek bere gain hartu zuen haren protagonismoa eta 1921erako indar kolonialen aurkako mugimenduaren buru bilakatu zen. Borroka areagotzen joan zen, eta Espainiako armadak Rifeko lurraldea okupatzen jarraitzen zuenez, gero eta kabila gehiago batu zen erresistentziarekin. Prozesu horretan Abd el-Krimek sakabanatutako kabilak diziplinatu, antolatu, armatu eta denbora gutxian Espainiako armada garaitzeko gai izango zen "harka" antolatu zuen.

Abd el-Krimek abisu bat bidali zion Espainiako armadago jeneral nagusi Manuel Fernández Silvestreri, armadak Amekran ibaia igarotzeak gerrako deklaraziotzat hartuko zuela. Silvestrek barre egin ei zuen Abd el-Krimen komunikazioa jasotzerakoan. Aurrera egin zuen eta Abarran mendiraino hedatu zituen bere posizioak. 1921eko ekainean Abd el-Krimek Abarran mendiko posizioa eraso eta okupatu zuen. Espainiako 250 soldaduetatik 179 hilik gelditu ziren bertan. Garaipen honen ostean zalantzan zeuden kabilak batu ziren Abd el-Krimen agintera.

Segituan, uztailaren 16an, Igeribengo posizioak eraitsi, Annualeko posizioak txikitu, Al Aarouiraino jarraitu eta Melillaraino atzerarazi zituen bizirik atera ziren Espainiako soldaduak. 15 egunean 3.000 riftarrek 20.000 soldaduko armada osoa zanpatu zuten: 12-18.000 soldadu espainiar hilik gelditu ziren bertan, tartean euskaldun franko, bai eta Silvestre jenerala bera ere. Armada erabat garaiturik, Melilla ere eskura izan zuen Abd el-Krimek, eraso eta bereganatzeko moduan, baina, bere autobiografian azalduko zuenez, hiri-gotorlekua konkistatzeak ekar zitzakeen biktima zibil kopuruari kasu eginez ez zuen aurrera egin nahi izan.

Presoak ere, 400 inguru gelditu ziren Abd el-Krimen eskuetan. Horien ordainez lau milioi pezeta eta preso eta bahitu marokoarrak askatzea eskatu zuen. Espainiako Gobernuak ordaindu nahi ez zuenez, auzia handitzen joan zen Espainiako politikan. Azkenean, Horacio Etxebarrieta finantza gizon bizkaitarrak Abd el-Krimekin negoziatu eta lau milioi pezeta ordaindu zituen presoen truke.

Rifeko Errepublika

Rifeko Errepublikaren bandera

Rifeko buru bihurturik, autogobernua antolatu eta Rifeko Errepublika independentea aldarrikatu zuen. Abd el-Krimek estatu aurreratu eta modernoa zuen buruan. Egitura tradizionala zaharberritu egin zuen, bertatik estatu-nazioa antolatzeko. Nazioarteko onarpena bilatu zuen, Nazioen Elkartearen baitan. Herri armada izatearen onarpena eskatu zuten, indar kolonialek ematen zieten errebelde izaeraren gainetik. Erresuma Batuak bakarrik agertu zen nolabait asmo honen alde, inguru horretan beste potentzien indarra kentzearren. Gainerako potentziek ez zuten kolonialismoaren aurkako mugimendurik oniritziko.

Hurrengo urteetan Espainiako protektoratuaren mendebaldeko lurraldeetan ere Espainiako armada garaitu eta Gomara eta Jebalako kabilak bat egin ziren Abd el-Krimekin. 1925erako protektoratuaren ia lurralde guztiak bere agindupean zeuden.

Zapalketa gerra

Abdelkrim Horacio Etxebarrieta bilbotarrarekin

1925eko apirilean Frantziako Protektoratuaren posizioen kontra egindako erasoak baliatu zuen Frantziak Espainiarekin Rifko Errepublikaren aurkako estrategia bateratzeko. 500.000 soldadu mobilizatu zituzten bien artean. 1925eko irailaren 8an Espainiarrak, itsasontziz etorrita, Al-Hoceiman lehorreratu ziren, eta Frantsesek hegoaldetik erasoa bideratuz indar koloniala inposatu zuten gerra ankerra bideratuz. Gerra totala kontzeptuaz adierazten dena aplikatu zuten riftarren aurka. 150.000tik gorako zibil hil zituztela jotzen da: abiazioa, herritar zibilen aurkako bonbardaketak...

Gas toxikoak eta ziape-gasa ere erabili zuten zibilen aurka, munduan herritar zibilen aurka lehen aldiz erabili ere.[2] Kanoiez eta hegazkinez botatzen zituzten gas toxikoak.[3]

2008an Javier Radak eta Tarik El Idrissik dokumental bat egin zuten, Arrhash (pozoia, amazigeraz), gas toxikoen erabileraren oroimena eta ondorioak agerian uzteko. Eguzki Bideoak DVDan argitaratu zuen, euskarazko azpidatziekin.[4]

Gas toxikoak Europan I mundu gerran erabili ostean ez dira Europako gerretan inoiz erabili. Hala ere, Europako estatuek ez dute inoiz inolako eskrupulorik izan kolonien aurka erabiltzeko: Erresuma Batuak kurduen aurka erabili zuen Irak iparraldean 1919/1920an, Musolinik Abisinian 1935/1936an. Orobat, AEBek Vietnamen eta Iraken erabili dituzte, erruz erabili ere.

1926ko maiatzaren 26an, Targuisten, Abd el-Krim agintari frantsesei entregatu zen gerrako presoa bezala. Borrokak 1927ko uztailera arte jarraitu zuen Arrifko hainbat lekutan, eta errepresioa eta mendeku latzak ezarri zituzten indar kolonialek.

Erbestean

Frantziako agintari kolonialek Abd el-Krim eta bere etxekoak Réunion uhartera deportatzea erabaki zuten, Madagaskar inguruko Frantziaren menpeko lurraldean. 1947an, bertan 21 urte zeramanean, Frantziako gobernuak onartu zion metropolira eramateko eskaera. Bidean, Suezeko kanaletik pasatzean, Egiptoko errege Faruq I.ak Katumba itsasontzia Port Saiden geldiarazi eta atxilotik askatu zuen. Egiptoko gobernuak iheslari gisa hartu zuen eta bertan bizi izan zen erregeak berak emandako jauregian.

Egipton Magreb arabiarra askatzeko komitea gidatu zuen Abd el-Krimek. Marokok 1956an independentzia lortu zuenean Mohammed V.a erregeak bere sorterrira itzultzeko eskaintza egin zion baina ez zuen onartu eta 1963an hil zen Kairon, Aljeriak independentzia eskuratu ondoren.

Nazio askapena

Ideologikoki Abd el-Krim ez zetorren bat ohiko erresistentzia mugimenduaren jokaera antieuroparrarekin. Europako eta, bereziki, Espainiako laguntza beharrezkotzat jotzen zuen bere herriaren garapenerako.

Izan ere, bere planteamendua ez zen erlijiosoa, nazionalista baizik, herritarrak mobilizatzeko orduan deialdi erlijiosoak ere egiten zituen arren. Herria antolatu, egiturak zaharberritu eta nazio ideia suspertu zuen Rif, Jebala eta Gomarako tribuen artean.

Abd el-Krimek berak Kairoko erbestealdian adieraziko zuen gerra hura kanpoko inbasoreen kontra eta aberria defendatzeko nazio askapenerako gerra izan zela. Estatu librea eraikitzen jardun zuten, konstituzioa osatu, moneta inprimatu, egiturak eta ohiturak modernizatu, eskolak zabaldu... Astirik izan balute gizaki libreen nazio handia osatuko zuketela esan zuen.

Industria gizon bizkaitarrak

1906ko Protektoratuarekin Espainiak meategiak bideratu zituen Rifeko lurraldeetan. Zeregin horietan enpresa eta finantza gizon bizkaitarrak ere agertuko dira harremanetan Abd el-Krimekin.

Horacio Etxebarrietak harremanak izan zituen Abd el-Krimekin bere agindupeko lurraldetan mehatzeak zabaltzeko. Bitartekari lanak ere egin zituen Abd el-Krimek proposatutako bake akordio baterako negoziaketetan eta, arestian aipatu bezala, presoak askatzeko negoziazioetan.

1920ko apirilean, Setuain, Olabarriaga eta Ortiz de Zarate finantzari bizkaitarrek osatutako SETOLAZAR mehatzetako konpainiarekin kontratua egin zuen Abd el-Krimek Rifeko lurraldeetan inbertsioak egin zitzaten, kontratua gauzatzeko aukerarik izan ez bazuten ere.

Oihartzun politikoa

Rifeko Errepublikak oihartzun zabala izan zuen kolonialismoaren aurkako mugimenduetan. Arabiarren artean Abd el-Krim Atatürk berri gisa aurkezten zen. Londresen, Shakib Arslan emirrak heroitzat hartu zuen, eta Indiatik Gandhiren babesa jaso zuen besteren artean.

Espainia eta Frantzian III. Internazionalaren alderdi komunistek babesa emango zioten. Espainian alderdi sozialista eta Katalunia eta Euskal Herriko abertzaleak agertu ziren batez ere gerraren aurka, jarrera desberdinekin baina.

Euskal Herrian, Elias Gallastegi eta "Aberri" taldeko EAJ-k jarrera argia hartu zuten Abd el-Krimen alde. Aberri egunkaritik kanpaina osoa bideratu zen Espainiako konkistaren aurka eta Rifen independentziaren alde. Behin eta berriro aldarrikatuko zuen euskal herritarrek ez zutela zertan Espainiaren gerra inperialista batera joan, Rifeko herriari independentzia zor zitzaiola eta Abd el-Krim borrokalari heroikoa zela. Gallastegik Katalunia, Galizia eta Euskadiren arteko Galeuzka aliantza barruan Rif gehitzea proposatu zuen.

Gerraren aurkako mugimenduaren barruan istilu ugari izan ziren. Langileek grebak ere egin zituzten gerraren aurka, batez ere Bizkaian. Istilu larrienak, baina, Málagan gertatu ziren,1923ko abuztuaren 22an, gerrara joateko ziren soldaduak matxinatu zirenean. Beraien artean Garellanoko erregimentuko soldaduak ziren, eta hauetako batzuek euskal ikurrina ipini nahi izan zuten kuartelean.[5]

Rifeko gerrak Espainiako politikagintza osoa eragin eta Primo de Riveraren diktadura ekarri zuen. Espainiako Gerra Zibila ere Afrikako armadan izan zuen jatorria eta Rifeko gerran erabilitako metodoak erabili zituzten Errepublikaren aurka altxatutako militarrek.

Gerrilla taktika berriak

Abd el-Krimek gerrilla taktika berriak aplikatu zituen, gerora munduko lurralde askotako borroketan ere aplikatuko zirenak.

Ho Chi Minhek Parisen zegoela ezagutu zuen riftarren borroka eta horren gainean idatziko zuen. Mao Zedong, Fidel Castro, Che Guevara... eta beste iraultzaile askok aztertu eta ikasiko zituzten Abd el-Krimen taktikak.

Euskal jatorrikoa?

Manuel Leguinechek Annual 1921 liburuan kontatzen duenez, Espainiako gerrate zibilaren ostean Mexikora erbesteratutako Fabian Vidal kazetari ezagunak aipatzen zuen Abd el-Krimek euskal jatorrikotzat jotzen zuela bere burua.[6]

Riftarren artean badira ile hori eta begi argiko jende ugari ere. Eta, horren inguruan, kontatzen denez, euskaldun bat, Urriagel izenekoa, Melillako espetxetik ihes egin eta Alhucemasen hartu ei zuen babeslekua. Bertako andreekin seme-alaba ugari eduki ei zituen eta Beniurriagel kabila sortu ei zen horrela. Indalecio Prietok berak, Rifeko gerran kazetari lanetan jardun zuenak, egiazkotzat hartzen du historia hau Leguinecheren esanetan.

Abd el Krimek bizirik dirau

Riftarrek antzinatik defendatu dute euren herri izaera: erromatarren eta arabiarren aurka gogor egin zuten. Gerora ere, 1958an, Marokok independentzia eskuratu ondoren, Rabateko agintearen aurka matxinatu ziren riftarrak. Orduan napalm erabiliz bonbardatu zituzten. Errepresioan, kopuru zehatzik ez badago ere, 8.000 riftar hil omen zituzten.

1984an istilu larriak izan ziren Rifen.

Bertako eskoletan eta komunikabideetan ez da Abd el-Krimen bizitzaz eta obraz ezer irakasten. Hala ere, bere herritarren artean bolo-bolo dabil bere izena, amazigh herriaren ikur gisa.

Erreferentziak

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. «El ejército español fue el primero del mundo en usar armas químicas contra población civil».
  3. «El veneno que llegó al Rif desde el cielo», El País, 2002-02-10.
  4. Arrhash (Veneno) Documental de Javier Rada y Tarik El Idrissi sobre la guerra química del Rif
  5. De Madariaga, María Rosa. (2011). Eloy Martín Corrales ed. Semana Trágica. Entre las barricadas de Barcelona y el Barranco del Lobo. Bartzelona: Edicions Bellaterra ISBN 978-84-7290-528-3..
  6. Leguineche Bollar, Manuel (1996), Annual 1921: el desastre de España en el Rif, Madril: Ed. Alfaguara. ISBN 84-204-8235-8

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Abd el Krim Aldatu lotura Wikidatan

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!