2022ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 66. edizioa izan zen. Turingo PalaOlimpico aretoan ospatu zen, Italiak 2021eko edizioa irabazi ondoren. Finalerdiak maiatzaren 10 eta 12an jokatuko ziren, eta final handia maiatzaren 14an.[1] Aurkezleak Alessandro Cattelan, Laura Pausini eta Mika izan ziren.
40 herrialde izan ziren partaide, aurreko urtean baino bat gehiago. Armenia eta Montenegro aurreko edizioan huts egin ondoren bueltatu ziren.[2] Bestalde, Errusia parte hartzekoa zen, baina Europako Irrati-Telebista Batasunak lehiaketatik kanpo utzi zuen 2022ko Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondoren.[3]
Ukrainak irabazi zuen Kalush Orchestra taldearen "Stefania" abestiarekin. Telebozketaren eskutik soilik 439 puntu jaso zituen Ukrainak, lehiaketaren errekorra. Erresuma Batua – epaimahaien gustokoena – eta Espainiarekin osatu zen lehen hiru sailkatuen zerrenda, izan ere bere sailkapen onenak lortu zuten 1998 eta 1995tik, hurrenez hurren
Italiak lehiaketa antolatu zuen hirugarren aldia izan zen, herrialdeak 2021eko edizioa irabazi ondoren Måneskin taldearen eskutik. Aurretik Napolin (1965) eta Erroman (1991) egin zen ekitaldia.
Lizitazio prozesuan, 17 hirik aurkeztu zuten kandidatura ofiziala: Acireale, Alessandria, Bertinoro[4], Bolonia[5], Erroma[6], Florentzia[7], Genova, Jesolo[8], Matera, Milan, Palazzolo Acreide, Pesaro[9], Rimini[10], Sanremo[11], Trieste, Turin[12] eta Viterbo. Hasiera batean interesa aurkeztu bazuten ere, Bari,[13] Napoli, Reggio nell'Emilia[14] eta Veronak azkenean ez zuten inolako proposamen ofizialik bidali. Hauetatik, hamaika hirik aurkeztu zuten proiektu osoa,[15] eta ondoren bost hautagai finalista aukeratu zituzten, Bolonia, Milan, Pesaro, Rimini eta Turin, besteak beste Erroma kanpoan utziz.[16] 2021eko urriaren 8an, Turingo PalaOlimpico aretoa hautatu zuten 2022ko egoitza bezala RAI italiar telebistak eta Europako Irrati-Telebista Batasunak. Pabilioi honek 13.300 pertsona har ditzake.
Aurreko edizioko saiakeraren ondoren, bigarren urtez, koristen ahotsentzako pista grabatua erabiltzea baimendu zen. Ahots nagusiak zuzenean kantatzeko derrigortasunak iraunean jarraitu zuen.[17] Gainera, pandemia egoera aurreikusita, ordezkaritza guztiek aurretik grabatutako aktuazioa bidali behar izan zuten, abeslariak edo ordezkaritzak Covid-19aren eraginez isolatu behar izanez gero eta zuzenean abestea ezin izatekotan erreserbazko materiala izateko.
Edizioaren ikus identitatea eta leloa, The Sound of Beauty (euskaraz "Soinuaren edertasuna") 2022ko urtarrilaren 21ean aurkeztu ziren. Soinu uhinen irudikapenenan oinarritu zen ikus identitatea, italiar lorategien diseinua ere islatu nahi zuelarik. Infografia, apainketa, eszenatokiaren diseinua, eta merchandisina, besteak beste, ikus identitate honetan oinarritu ziren.[18]
2022ko Sanremoko kantu jaialdiaren bigarren emanaldian, otsailaren 2an, Eurovisioneko aurkezleak Laura Pausini, Alessandro Cattelan eta Mika izango zirela iragarri zen.[19]
Eszenatoki-diseinua Atelier Francesca Montinaro estudioak burutu zuen. Eguzki kinetiko baten mugimendu eta argian oinarritu zen diseinua, urjauzi bat zeukan elementu eszeniko gisa, eta italiar lorategi baten errekreazioa egin zuen artistak eta delegazioak egoten diren green room-erako.[20]
Aurretik Sanremoko jaialdiaren 2013 eta 2019ko edizioetako eszenatokien kargu hartu zuen estudioak, lehiaketa horretako nabarmenetarikoak kontsideratzen direnak. Lehen aldia izan zen 2016tik Eurovisioneko lana Florian Wieder eszenografo alemaniarrak burutu ez zuela.[21]
Postalak 40 segunduko aurkezpen bideoak dira, telebistan erakusten direnak hurrengo artista eszenatokian prestatzen den bitartean. RAIk Italiako hainbat leku eta paisai esanguratsutan filmatu zituen, "Soinuaren edertasuna" leloarekin bat. "Leo" izeneko drone animatu batek leku bakoitza erakusten zuen eta hurrengo lehiakideari buruzko iruediekin apaintzen zuen lekua.[22]
Lehen finalerdia argi eta dantza ikuskizun batek ireki zuen, "The Sound of Beauty" ereserki ofiziala aurkeztuz Sherol Dos Santos abeslearen ahotsean.[23] Pausartean, Italo disco eta italiar house musikaren pot-purri bat eman zen, Dardust, Benny Benassi eta Sophie and the Giants artisten eskutik, Sylvia Catasta zuzendariaren partaidetzarekin.[24] Horrez gain, aurkezleek omenaldi labur bat egin zioten Raffaella Carrà zenduari, eta Diodato egile-abeslariak "Fai rumore" abestu zuen, 2020ko edizioan italiar partaidea izan behar zena, COVID-19 pandemiagatik bertan behera utzi baino lehen.[25]
Bigarren finalerdia irekitzeko italiar esku zeinuei buruzko ikuskizun komiko bat eman zen, Alessandro Cattelan aurkezlearen eskutik.[26] Pausartean, Laura Pausini eta Mika aurkezleek "Fragile" eta "People Have the Power" abestu zituzten duetoan, eta 2015eko edizioako italiar ordezkari izan ziren Il Volo taldeak "Grande amore" abestu zuten.[27]
Finala zabaltzeko, Rockin' 1000 taldeak "Give Peace a Chance" jo zuen, eta Laura Pausini aurkezleak bere kanta ospetsuen pot-purri abestu zuen. Segidan, 25 artista finalistak desfile batean aurkeztu ziren. Pausartean, Måneskin aurreko edizioko talde garaileak "Supermodel" eta "If I Can Dream" single berriak estreinatu zituen. Horrez gain, Gigliola Cinquetti 1964ko edizioko irabazleak "Non ho l'età" kantatu zuen, eta Mika aurkezleak bere abesti ospetsuen pot-purri bat eman zuen.[28]
Herrialde partaideak bi finalerdietan banatzeko zozketa 2022ko urtarrilaren 25an ospatu zen, Madama jauregian. Finalerdietako 36 partaideak 6 pototan kokatu ziren lehenik, haien bozketa joera historialaren arabera. Finalerdi bakoitzera poto bakoitzeko 3 herrialde bideratu ziren, modu honetan finalerdiak bozkaketari begira ahalik eta dibertsoenak izatea lortuz. Finalera zuzenik sailkatutako herrialdeek – Big 5 taldeko herrialdeak (Alemania, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia eta Italia) – zein finalerditan dagokien botoa ematea ere erabaki zuen zozketak.[29]
Finalerdi honetan 17 herrialdek hartu zuten parte. Emanaldia maiatzaren 10ean izan zen, asteartea, eta 10 herrialde pasa ziren finalera. Taulan azpimarratutako herrialdeak pasa ziren finalera. Hau erabakitzeko, bertan parte hartzen zuten herrialdeetaz gain, Frantzia eta Italiak bozkatu ahal izan zuten. Errusia finalerdi honetan parte hartzekoa zen, bigarren zatian, baina Europako Irrati-Telebista Batasunak lehiaketatik kanpo utzi zuen 2022ko Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondoren.
Finalerdi honetan 18 herrialdek hartu zuten parte. Emanaldia maiatzaren 12an izan zen, osteguna, eta 10 herrialde pasa ziren finalera. Taulan azpimarratutako herrialdeak pasa ziren finalera. Hau erabakitzeko, bertan parte hartzen zuten herrialdeetaz gain, Alemania, Erresuma Batua eta Espainiak bozkatu ahal izan zuten.
Finala maiatzaren 14an izan zen, larunbata. Bertan, finalerdi bakoitzeko 10 herrialde hoberenek hartu zuten parte, Big 5 herrialdeekin (Alemania, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Italia) batera. Hemen, 40 parte hartzaileek bozka ahal izan zuten.
Ukrainan Vidbir 2022 lehiaketak erabaki behar zuen nor izango ote zen Ukrainako ordezkaria Eurovisionen. 2022ko otsailaren 13an jokatu zen Vidbir 2022-en finala, eta Alina Pash abeslariak irabazi zuen "Shadows of Forgotten Ancestors" abestiarekin. Hala ere, lehiaketa ondoren polemika piztu zen, Pash 2015ean Errusiatik Krimeara bidaiatu omen zela azaleratu baitzen. 2014tik Errusia eta Ukraina artean sortutako gatazka politiko eta militarragatik, galerazita dago ukrainiar hiritarrentzat Krimeara Errusiatik sartzea. Krimeara Ukrainatik legez sartu zela frogatzeko ukrainiar mugazainen ustezko dokumentuak erakutsi zituen Pashen taldeak, baina ukrainiar mugazainek dokumentu horiek beraiengandik ez zetoztela adierazi zuten. Otsailaren 16an, Pashek dokumentuak bere taldeko zuzendariak faltsutu zituela onartu zuen, eta bere hautagaitza bertan behera utzi zuen.[30] Otsailaren 22an UA:PBC ukrainar telebista publikoak Vidbir-reko bigarren sailkatuak, Kalush Orchestra, baieztatu zituen ordezkari bezala.[31]
2022an Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondoren, otsailaren 24an martxan jarria, UA:PBC ukrainar telebista publikoak Europako Irrati-Telebista Batasuneko (EBU) errusiar kideak (VGTRK eta Channel One Russia) kanporatzea eskatu zuen. Eskaerak errusiar hedabide hauek errusiar gobernuaren propaganda zabaltzeko tresnak direla argudiatu zuen. Kide horiek kanporatuz gero, ezingo lukete lehiaketan parte hartu. Hasiera batean, EBUk bai Errusia bai Ukraina lehiaketan parte hartzeko baimenduak zeudela erantzun zuen, ekitaldiaren izaera ez-politikoa aipatuz.[32] Beste hainbat kidek EBUren adierazpenaren inguruan kezka adierazi zuten, eta Errusia lehiaketatik kanporatzeko deia egin zuten. Hain zuzen, Finlandia eta Estoniako irrati-telebista publikoek ez zutela ordezkaririk bidaliko adierazi zuten, Errusia kanporatu ezean.[33][34] Otsailaren 25ean, EBUk Errusiak ez zuela parte hartuko iragarri zuen, lehiaketari aipu-galtzea ekarriko ziola argudiatuz. Hurrengo egunean, errusiar VGTRK, Channel One eta Radio Dom Ostankino hedabideak EBUtik atera ziren, hurrengo edizioetarako errusiar partaidetza ezinduz.[35]
2022ko apilaren 30ean, ekitaldirako lehen entseguen egunean, eszenatokiaren "eguzki kinetiko" elementu nagusiaren funtzionamendu arazoak azaleratu ziren: La Repubblica eta La Stampa italiar egunkariek ezagutarazi zutenez, elementu hau osatzen duten arkuek ezin zuten burutu diseinuan aurreikusitako mugimendua osotasunean, eta arazoa ezin zen erabat konpondu zuzeneko ikuskizunetarako.[36] Bi egun lehenago, delegazio partaide batzuek bere eszenaratzea moldatzeko abisua jaso zuten. Maiatzaren 2an baieztatu zenez, EBUk adierazpen bat egin zien delegazioei: arkuak era estatikoan mantenduko dira lehiakide guztien emanaldietan, partaide batetik bestera pasatzeko dagoen denbora murritzagatik, eta ikuskizunetako bestelako emanaldietan soilik ikusi ahal izango dira arkuak mugimenduan.[37]
Bigarren finalerdiaren epaimahai bozketan sei herrialdeetako epaimahaietan (Azerbaijan, Errumania, Georgia, Montenegro, Polonia, eta San Marino) botu-patroi irregularrak hauteman zituela adierazi zuen EBUk. Ondorioz, sei herrialde horientzako ordezko epaimahai emaitzak kalkulatu ziren finalerdian eta finalean, antzeko bozketa joera historiala daukaten herrialdeen emaitzen arabera, finalerdien zozketako potoetan zehaztu bezala.[38] Maiatzaren 19an, baliogabetutako epaimahaien bigarren finalerdiko emaitza osoak argitaratu zituen EBUk.[39] Montenegro, Errumania eta San Marinoko telebistek ukatu egin zuten beren aldetik arau-hausterik egon zenik, eta azken biek beste irregulartasun batzuk antzeman ez zirela argudiatu zuten.[40][41][41] Errumaniako telebistak 2023an hasita lehiaketa utzi eta EBUren aurkako lege-neurriak hartzeko mehatxua egin zuen.[42]
1956 • 1957 • 1958 • 1959 • 1960 • 1961 • 1962 • 1963 • 1964 • 1965 • 1966 • 1967 • 1968 • 1969 • 1970 • 1971 • 1972 • 1973 • 1974 • 1975 • 1976 • 1977 • 1978 • 1979 • 1980 • 1981 • 1982 • 1983 • 1984 • 1985 • 1986 • 1987 • 1988 • 1989 • 1990 • 1991 • 1992 • 1993 • 1994 • 1995 • 1996 • 1997 • 1998 • 1999 • 2000 • 2001 • 2002 • 2003 • 2004 • 2005 • 2006 • 2007 • 2008 • 2009 • 2010 • 2011 • 2012 • 2013 • 2014 • 2015 • 2016 • 2017 • 2018 • 2019 • 2020 • 2021 • 2022 • 2023 • 2024
Webgune ofiziala