William Grant Still (Woodville, Mississippi, 1895ekomaiatzaren 11 – Los Angeles, Kalifornia, 1978koabenduaren 3a) musikakonpositore eta zuzendari estatubatuarra izan zen. Bere bizitzan zehar 200 obra inguru idatzi zituen, tartean bost sinfonia, lau ballet, bederatzi opera, hogeita hamar abesbatza obra eta beste hainbat lan. Konpositore afroamerikarren aitzindari nagusitzat jo izan da. Izan ere, Estatu Batuetako orkestra sinfoniko bat zuzendu zuen lehen pertsona afroamerikarra izan zen, baita orkestra handi batek afroamerikar baten obra (bere lehenengo sinfonia) interpretatzen zuen lehen egilea ere. Horrez gain, Troubled Island opera (1949an estreinatua, 1937-1939 artean idatzia) New York City Opera konpainiak taularatutako afroamerikar baten lehen opera izan zen.
Bere arrakastarik handiena Afro-American Symphony (1930) izan zen, 1950 arte, amerikar jatorriko konpositoreen artean gehien interpretatua izan zen obra, alegia.
Afroamerikar komunitateko kultur eragile nagusietako bat izan zen, Harlem Renaissance mugimenduko kide izan baitzen.
Biografia
William Grant Still, Jr. 1895eko maiatzaren 11an jaio zen Woodville-n, Mississipi estatuan.[1] Bere gurasoak, Carrie Lena Fambro[2] (1872-1927) eta William Grant Still, Sr.[1] (1871-1895) irakasleak ziren. Halere, aitak janari-denda batetan ere egiten zuen lana eta musikaria zen, bertako musika talde bateko burua izan zen eta.[1] William Grant Still, Sr. semea jaio eta hiru hilabetera hil zen.[1] Musika oso presente zegoen familia batetan hazi zen; aitaz gain, Anne Fambro amonak kantu espiritual afroamerikarrak abesten zizkion.[3]
Still-en ama semearekin batera Little Rock hirira joan zen gutxira, Arkansas estatuan, ingeles irakasle izateko lana lortu ondoren. 1904an Charles B. Shepperson ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen.[2] Shepperson-ek William txikiaren adimen musikala auspotu zuen: opereta emanaldietara eramateko ohitura zuen eta Red Seal disketxearen musika klasikoko grabazioak erosi izan zizkion maiz.[1] Gainera, musikari ibiltarien kontzertu ugaritara joaten ziren elkarrekin.[4]
15 urte zituela biolin ikasketak hasi zituen Little Rock-en. Biolinaz aparte, klarinetea, saxofoia, oboea, biolontxeloa, biola eta kontrabaxua jotzen ere ikasi zuen berak bakarrik. 16 urterekin M. W. Gibbs High School institutuan graduatu zen.[3]
Amak medikuntza ikasketak egitea nahi zuenez, Wilberforce University-n (komunitate afroamerikarrari zuzendutako unibertsitatea, Ohio-n) matrikulatu zen.[5] Hala ere, musikari arreta gehiago eskaintzen zion ikasketei baino. Unibertsitateko bandako zuzendaria zen, instrumentu ugari jotzen ikasi zuen eta lehenengo obrak sortu eta orkestratzen hasi zen. Ez zituen medikuntza ikasketak bukatu.[1]
Aitak herentzian utzitako diruari esker, Oberlin Conservatory of Music-en sartu zen musika ikasketak egiteko.[6] Musika ikasten zuen bitartean, diruz larri zebilenez, mantentze-lanak ere egin behar zituen, beste hainbat lanen artean.[6] Irakasle batek konposizio ikasketak albo batera utzita zituela kargu hartu zion behin, eta Still-ek bere larritasun ekonomikoaren berri eman ondoren, irakasle batzuk doako klaseak emango zizkiotela adostu zuten.[6] Era berean, Edgard Varèse konpositore frantziarra eta George Whitefield Chadwick konpositore estatubatuarrarekin ere ikasteko aukera izan zuen.[7][2]
1915eko urriaren 4an,[2] Grace Bundy-rekin ezkondu zen, Wilberforce-n ezagutu zuen neska batekin.[1] Seme bat izan zuten, William III, eta hiru alaba: Gail, June eta Caroline.[2] 1932an banandu egin ziren eta 1939ko otsailaren 6an, ofizialki dibortziatu.[2] Bi egun ondoren, 1939ko otsailaren 8an, Verna Arvey pianistarekin ezkondu zen MexikokoTijuana-n, artean arraza arteko ezkontzak ez baitzeuden baimenduak Kalifornian.[1][2] Alaba bat izan zuten, Judith Anne, eta seme bat, Duncan.[1][2]
1976eko abenduaren 1ean, Los Angelesen zuen etxea monumentu historiko izendatu zuten. Victoria Avenue-ko 1262. zenbakian aurkitzen da, Oxford Square inguruan.[8]
1921ean Fletcher Henderson-en Dantza Orkestrarekin grabatu zuen,[10] eta hortik gutxira Noble Sissie eta Eubie Blake-n Shuffle Along musikala zuzendu zuen. Geroago, beste musikaletan zuzendari lanetan ibili zen, Sophie Tucker, Artie Shaw eta Paul Whiteman-en obra batzuen estreinaldietan.[11] Henderson-ekin batera, Henry Pace-en Pace Phonograph Company (Black Swan Records) disketxera batu zen garai hartan.[12] 1920ko hamarkada bukaeran, Yamekraw obraren konponketa lanak egin zituen, James P. Johnson Harlem-eko pianistaren "Negro Rhapsody" motako pieza musikal bat.
1930. hamarkadan zehar, jatorri herrikoieko musikaren inguruan aritu zen lanean, konponketa ugari eginez. Willard Robison-en Deep River Hour eta Paul Whiteman-en Old Good Show irrati programetan ere kolaboratu zuen, NBC Radio-rentzako.[11]
Still-en obra sinfoniko nagusia, bere lehenengo sinfonia zen Afro-American Symphony , 1931an estreinatu zuen Rochester Philharmonic-ek, Howard Hanson-en zuzendaritzapean.[2] Orkestra sinfoniko handi batek estreinatzen zuen afroamerikar baten lehen sinfonia izan zen.[2]Bigarren Mundu Gerraren amaiera garairako, hainbat lekutan entzun ahal izan zen bere sinfonia: New York, Chicago, Berlin, Paris eta Londresen, esaterako.[2] 1950 urtera arte amerikar batek konposatutako piezarik interpretatuena izan zen mundu mailan. Still-ek harreman profesional estua izan zuen Hanson-ekin; Still-en lan ugari Rochester-eko orkestrak estreinatu baitzituen.[2]
1934an Los Angelesen ezarri zuen bere bizilekua. Guggenheim Beka lortu zuen lehen aldiz[13] eta bere lehenengo opera idazteari ekin zion, Blue Steel.[14]
1936an Los Angeles Philharmonic Orchestra zuzentzeko aukera izan zuen Hollywood Bowl-en; Estatu Batuetako lehen mailako orkestra bat zuzendu zuen lehen afroamerikarra izan zen, baita bere obra propioak zuzentzeko parada izan zuen jatorri afroamerikarreko lehen hiritar estatubatuarra ere.[15][11]
Bestalde, pelikuletarako musika ere konpontzen ibili zen, horien artean: Bing Crosby eta Madge Evans-en Pennies from Heaven (1936) eta Ronald Colman, Jane Wyatt and Sam Jaffe-n Lost Horizon (1937). Azken film honetarako, Dimitri Tiomkin konpositorearen musika konpondu behar izan zuen. 1943an Stormy Weather pelikularako kontratatu zuten ere, nahiz eta azken momentuan proposamenari uko egin zion, 20th Century Fox estudioak pertsona beltzak gutxiesten zituela argudiatuz.[2] 1939an, New York-en ospatu zen Munduko Erakusketarako Song of a City obra konposatu zuen.
1949an, Troubled Island opera, 1939an bukatu zuena eta Jean-Jacques Dessalinesiraultzaile haitiarrari buruzkoa, New York City Opera konpainiak taularatu zuen.[2] Erakunde honek muntatzen zuen amerikar baten lehen obra izan zen Troubled Island,[16] eta gainera, jatorri afroamerikarreko konpositore baten opera bat estreinatzen zen lehen aldia izan zen.[15] Hala ere, kritikak ez ziren oso baikorrak izan.[2]
1981ean, A Bayou Legend opera Estatu Batuetako telebista nazionalean emititu zen. Estatu Batuetako telebista kate nazional batek afroamerikar batek egindako opera bat eskaintzen zen lehen aldia izan zen.[17]
Still-en lan eta artxibo pertsonalak, bere bigarren emaztea zen Verna Arvey-renak bezalaxe, Arkansaseko Unibertsitatean gordeta daude.[9]
Still-ek berrehun obra inguru konposatu zituen, horien artean, bederatzi opera,[20] bost sinfonia, lau ballet,[21] eta bestelako lan batzuk. Orobat, hogeita hamar abesbatza obra idatzi zituen.[11] Aipatzekoak dira, oro har, honako obrak:
From the Land of Dreams (1924)
Darker America (1924)
Levee Land (1925)
From the Black Belt (1926)
La Guiablesse (1927)
Sahdji (1930)
Africa (1930)
Lehenengo Sinfonia, Afro-American Symphony (1930)
A Deserted Plantation (1933)
The Sorcerer (1933)
Dismal Swamp (1933)
Kaintuck (1933)
Blue Steel (1934)
A Song A Dust (1936)
Summerland (1936)
Bigarren Sinfonia, Song of a New Race (1937)
Lenox Avenue (1937)
Song of a City (1938)
Seven Traceries (1939)
And They Lynched Him on a Tree (1940)
Miss Sally's Party (1940)
Can'tcha line 'em (1940)
Old California (1941)
Troubled Island (1949; 1937-1939 artean egina)
A Bayou Legend (1941)
Plain-Chant for America (1941)
Incantation and Dance (1941)
A Southern Interlude (1942)
In Memoriam: The Colored Soldiers Who Died for Democracy (1943)
Suite for Violin and Piano (1943)
Festival Overture (1944)
Poem for Orchestra (1944)
Bells (1944)
Bostgarren Sinfonia, Western Hemisphere (1945)
From the Delta (1945)
Wailing Woman (1946)
Archaic Ritual Suite (1946)
Laugarren Sinfonia, Autochthonous (1947)
Danzas de Panama (1948)
From a Lost Continent (1948)
Miniatures (1948)
Constaso (1950)
To You, America (1951)
Grief (1953)
The Little Song that Wanted to be a Symphony (1954)
↑ abcdefghijklmnopqrstWhayne, Jeannie M. (2000). Arkansas Biography: A Collection of Notable Lives. University of Arkansas Press, 262, 276-278 or. ISBN978-1-55728-587-4..