Urrütiako anderia zenbait izenez ezagutzen den XV. mendeko eresia da, Zuberoan ahoz aho transmititu zena eta zenbait lekukotasunek bildua, aldaera desberdinekin. Kantuaren ikerlari nagusiak, Txomin Peillen euskaltzainak, forma hori (Urrütiako anderia) hobetsi zuen EuskaltzaindiarenEuskera aldizkarirako egindako azterketa sakonean[1], nahiz eta beste izen batzuekin ere ezagutzera eman den (Hauzeko Anderia edo Ahetzeko Anderea, adibidez).
Gaia
AltzürükükoUrrütia jauregia da eresiaren kokalekua, eta bertan bizi izan ziren bi pertsonaiaz ari zaigu. Menauton Urrütiakoa 1422. urtean ezkonarazi zuen bere aitak, 20 urte zituela, Domenja izeneko emakumezko batekin, Ahetzekoa berau.
Senar abusatzaile baten berri ematen digu kantuak. Urrütiako jaunak bizkarreratzen dio bere emazte Domenjari beste norbaitekin ibiltzen dela. Errugabea (ogen gabe) dela esan arren emazteak, gizonak ileetatik hartu eta narrasta darabil (Urrütiak bilhoti therresta dü ebili).
Bertsoen bigarren partean fantasiara igarotzen garaː Santa Klara santu katolikoari egotzitako mirari baten ipuinarekin nahasten da Domenjaren bizitza. Goizez, irten da anderea opil batzuk prestatu ondoren, opilok zareta edo saskian daramatzala, "Jente eskeliari emaiteko zokhorri"; baina bidean geldiarazi du senar zelatari jeloskorrak, "begiak oldartürik". Jaunak zaretan zer daraman ikusteko sartu du eskua barrura, eta miraria gertatzen da, opilak harilko edo artile-matazak bihurtzen dira (Ophilak, ordü hartan, jin ziren haillikotan). Jaunak, orduan, uste du ehulearengana doala emaztea (Ehüliaren etxera zoaza bilberaztera?) artilea lantzeko enkarguarekin, eta lasai geratzen da. Nonbait Urrütia ez bakarrik jeloskor eta abusatzailea da, baita ere ezin zekenagoa, etxeko opilik eskaleei ematea onartezina egiten baitzaio.
Hitzak
Txomin Peillenen iritziz[1], eresiko zuberera behar lukeena baino modernoagoa da (XVII. eta XVIII. mendekoa; ahoz aho transmititzearekin batera egokitu izan zen seinale), baina olerkigintzak salatzen du zaharragoa dela. Hona kantuaren bertsio "kanonikoa", Peillenek jaso bezala[2]ː
Ahetzeko anderia Urrütian khorpitzez;
Hor dizü bere büria
kanpoan da bihotzez.
-Nur dü bere maitia?
nahi nüke egia
Jinkoak nahi badü
hiltzia ükhenen dü.
Gure jaun Urrütia
khexian bethi zira;
Erradazüt zertako,
ni e'nüzü kanpoko.
-Hürrünt zite niganik
eztit zure beharrik;
bazoaza kanpora
eni adar biltzera.
-Jauna, holako gaizak
Ahetzeko anderiak
eztitizü ikhasi;
hen doazü ihesi.
Elhe horiek ahotik
jalkhitzen zirelarik,
Urrütiak bilhoti
therresta dü ebili.
-Jinkoa zer bizia!
Oi! jaun Urrütia,
ni Ahetzeko etxian
nündüzün bai bakian.
Hunat jin behar nizün
ene zorthia züzün,
bihotz min ükheiteko
zure khexarazteko.