To Have and Have Not (euskaraz Eduki ala Ez Eduki) 1944ko Howard Hawks estatubatuar zinema zuzendariak zuzendutako film beltz bat da. Humphrey Bogart, Walter Brennan, Lauren Bacall, Dolores Moran eta Hoagy Carmichael aktoreek antzeztu zuten. Ernest Hemingway idazlearen 1937ko izenburu berdineko eleberrian oinarritua dago.
Howard Hawksek Hemingwayen jatorrizko eleberriaren istorioa berregokitu eta filma burutu zen garaiko gerraren testuinguruan girotu zuen.
Lauren Bacallen zinemako lehenbiziko antzezpena izan zen, eta nahiz eta 19 urteko neska gaztea izan, jada antzezpenerako behar adina dohai bazuela erakutsi zuen. Gainera, Bacall eta Bogarten arteko kimika bikaina ere nabarmendu zen. Handik urte betera biak ezkondu ziren.
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
1940, Martinika. Harry Morganek (Humphrey Bogart) bizia bere aisialdi-txalupa alokatuz ateratzen du, baina Europan Bigarren Mundu Gerra hasi izanak bere negozioari kalte egin dio. Hasieran nahi ez izan arren, Frantziako Erresistentziarentzat misio bat burutzea onartuko du. Piskanaka, zinikoa eta berekoia zirudien pertsonaiak beste aurpegi bat erakutsi eta beste batzuei laguntzeko prest azalduko da.