Filma nahiko ospetsua izan zen: adibidez, Martin Scorsese zuzendariak beldurrezko hamaika film onenen artean kokatu zuen.
Argumentua
Jack Torrance (Jack Nicholson) idazle izan nahi duen langabetua da. Neguan elur artean isolatuta geratzen den Overlook izeneko hotelean, neguko mantentze lanak egiteko lanpostua onartu berri du, lanak eskainiko dion bakardeak idazteko lagunduko diolakoan. Emaztea (Shelley Duvall) eta semearekin (Danny Lloyd) hara iritsitakoan eta jada ostalaritza denboraldia amaitzear dagoenez, eraikina pixkanaka hustuz doa. Hoteleko sukaldari Dick Hallorann (Scatman Crothers) mutikoak distira duela ohartu da; horretaz gain mutikoari 237 gelan ez sartzeko agindu dio. Negu gorria hastearekin bat, familia mundutik erabat isolatuta dago. Laster, bertako mamuek Jacki eragin txarra egin diote. Hoteleko indar gaiztoek nahiz Jacken beraren erokeriak azken muturreraino bultzatu dute: zurrunbilo psikotiko batean murgildurik, jazarpen zoro batean zehar emazteari eta semeari eraso egin die.