Takaoka (japonieraz: 高岡市, Takaoka-shi?)
, Japoniako Toyama prefekturako bigarren hiria da. 2014ko erroldaren arabera 172.533 biztanle ditu.
Geografia
Toyama prefeturaren mendebaldean dago Toyamako Badiaren ertzean Japoniako itsasoan. Shogawa eta Oyabegawa ibaiek zeharkatzen dute hiria eta mendi aipagarriena Futagami da, baina 300 metro inguruko garaiera baino ez du. Kostaldean uharte pare bat baditu, Otokoiwa eta Onnaiwa. Kostaldeko zatia Amaharashi kostaldea izenaz ezagutzen da.
Historia
Hasiera batean Sekino izenaz ezagutzen zen eremu hau baina Maeda Toshinagak 1609an hiria sortzerakoan izena aldatu zion Shihen poema erlijiosoan azaltzen zen "Takaoka" izen berria emanez. Takaoka izenak "lur garaia" esan nahi du, eta gaztelua muino batean kokatu izanagatik etor litekeela uste da. Berehala Ecchu probintziako hiriburu bihurtu zen.
1609an 5.000 biztanle baino gutxiago zituen. Takaoka gazteluaren inguruan samuraien etxeak eraiki ziren, batez ere hegoaldean, lautadari begira. Maedak hiria industrializatzeari ekin zion eta ekialdean zeukan Toyamarekin batera hiri merkatal eta industriala bihurtu zen.
Meiji berrezarkuntzaren ondoren 1889an hiri bihurtu zen eta 1899an Erresuma Batua eta Estatu Batuekin merkatal harremanak eratzeko eskubidea lortu zuen Takaokako itsas-portuak.
Ondasun nabarmenak
- Takaoka Daibutsu edo Takaokako Buda Handia: 16 metroko altuera daukan Buda da, Japoniako hirugarrena beraz. Brontzezkoa da eta 1933an egin zuten. Aurretik izan ziren Budak egurrezkoak izanik erre egin ziren.
- Kojo parkea: Takaoka gaztelua egon zen tokian dago. Imizu santutegia, Takaoka museoa eta zoologiko bat dauzka bere baitan.
- Zuiryū-ji tenplua: Zen tenplu budista da eta 1663an eraiki zen. Japoniako Altxor Nazionala izendaturik dago.
- Amaharashi kostaldea: itsasertz polita da, hondartzak ditu eta Onnaiwa uhartearen eta Tate mendiaren ikuspedi ederrak ere bai.
Jaialdiak
- Takaoka nabe: urtarrilaren erdialdean, arrain eta itsaskien jaialdia da.
- Takaoka Mikurumayama: Maiatzaren 1ean.
- Fushiki Hikiyama: maiatzaren 15ean, Takakokako Fushiki portuan.
- Goin: ekainaren 19-20an.
- Toide Tanabata: uztailaren 3-7an.
- Takaoka Tanabata: abuztuaren hasieran.
- Fukuoka Machi Tsukurimon: irailaren 23-24an.
- Nakada bele beldurgarriak: irailaren bukaeran.
- Takaoka Manyō: urriaren lehen asteburuan.
Iruditegia
Hiri senidetuak
Kanpo estekak