Suaren Lurraldea Hego Amerikako hegoaldeko muturrean dago. Magallaes itsasarteak kontinentetik bereizten du. Uhartediko uharte nagusia 48.100 km²ko eremua duen Isla Grande de Tierra del Fuego (batzuetan Tierra del Fuego edo Isla Grande deritzona) da. Navarino, Hoste, Santa Ines, Desolacion eta Estados dira beste uharte aipagarriak.
Lurralde menditsua da (Bove, 2.400 m; Italia, 2.350 m; Darwin, 2.330 m), basoek eta glaziarrek estalia. Rio Grande edo Grande del Tierra del Fuego, Oro, Oscar, Side, Cullen eta Fuego dira ibai garrantzitsuenak. Klima hotza eta lainotsua da.
1520. urteko Fernão de Magalhãesen espedizioan deskubritu zuten europarrek. Izena bertako indiarrek pizten zituzten su ugariengatik eman zioten. Magalhaesek bertokoek piztutako suak ikusi zituenean, eraso egingo zietela uste izan zuen, baina Yagan tribuak sutzarren berotasuna baino ez zuen bilatzen.
XIX. mendearen hasieratik Txilek eta Argentinak uhartediaren gaineko jabegoa aldarrikatzen hasi ziren, eta 1881. urtean bi estatuen artean banatu zen.
Ekonomia
Arrantza (baleak, fokak), abere hazkuntza (ardi azienda) eta larrugintza dira ekonomia jarduera nagusiak. Petrolioa dago ekialdeko kostaldean eta barnealdean (petrolio findegiak Manantiales hirian, iparraldean), harrikatz hobiak Loreton, eta ustiatu gabeko lignito hobi garrantzitsuak.