Ricardo Gómez López (Bilbo, Bizkaia, 1964ko maiatzaren 7a) euskalaria da, Euskal Filologian doktorea,[1] EHUko Unibertsitateko irakasle titularra (Euskal Filologia sailean)[2] eta Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kidea. 2019ko uztailean erretiroa hartu zuen. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2006ko maiatzaren 26an.[3]
Lehenik Euskal Filologia lizentzian eta gero Euskal Ikasketak graduan askotariko gaiak irakatsi ditu, hala nola "Euskal Filologiaren Hastapenak", "Euskal Gramatika Historikoa", "Euskal Hizkuntz Ideien Historia" eta "Euskal Lexikografia". Era berean, Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia unibertsitate masterreko irakaslea izan da.
Ikergaiaren aldetik, euskal dialektologian, gramatika historikoan, euskararen historian eta euskal testu zaharretan espezializatu da bereziki.[4] Hain zuzen ere horretan dihardu Ricardo kidetzat duen Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeak. Horrezaz gain, euskarari buruzko hizkuntza ideien historia eta batez ere euskal gramatikagintzaren historia jorratu ditu.