Artikulu honek materialen izaerak eta eraikuntzan edo ingeniaritzan dituzten aplikazioak aurkezten ditu. Margoaren alderdi artistikoa eta haren teknikak hobeto deskribatzen dira Margolaritza artikuluan.
Pintura edo margoa[oh 1] produktu jariakor bat da, pigmentua eta bestelako osagaiak (disolbatzaileak, diluitzaileak, plastifikatzaileak, lehortzaileak eta abar) dituena.[1][2][3] Gainazal batean geruza mehe samarretan aplikatzen da, eta, denbora baten buruan, geruza solido bihurtzen da. Geruza hori gainazal horri atxikitzen zaio, eta, hala, pintura aplikatu zaion elementua estaltzen, babesten eta apaintzen du.
Ness of Brodgar indusketa arkeologikoan, 5.000 urteko antzinatasunaz, barruko hormek harri indibidualak dituzte, horiz, gorriz eta laranjaz margotuak, hematitezko okre pigmentuaz egina, animalia gantzarekin, esnearekin edo arrautzekin nahastuta.[8][9]
Denderako (Egipto) antzinako horma koloreztatuek, ehunka urtetan aire zabalean egonagatik ere, oraindik ere kolore distiratsua dute, duela 2.000 urte margotu zirenean bezain bizia. Egiptoarrek substantzia gomatsu batekin nahasten zituzten koloreak eta banan-banan aplikatzen zituzten, nahasi gabe. Badirudi sei kolore erabiltzen zituztela: zuria, beltza, urdina, gorria, horia eta berdea. Lehenik, eremua erabat estali zuten zuriz, eta, ondoren, diseinua beltzez egin zuten, oinarriko koloreko argiak kanpoan utzita. Gorria egiteko berun gorria erabiltzen zuten, gehienetan tonu ilunekoa.
Ezagutzen diren olio pintura zaharrenak K.o. 650 urte inguruan sortutako horma irudi budistak dira. Margolanak Bamyan (Afganistan) ibarreko labarretan zizelkatutako haitzulo moduko geletan daude, intxaur eta mitxoleta hazien olioak erabiliz.[10]Plinio Zaharrak bere garaian Ardea hirian margotutako sabai batzuk aipatu zituen, Erroma sortu aurretik egindakoak. Bere harridura eta mirespena adierazten du, hainbeste mende igaro ondoren duen freskotasunagatik.[11]
XIII. mendean, tenpera pinturak zehazteko erabili zen olio pintura. XIV.mendean, Cennino Cenninik pintura teknika bat deskribatu zuen, olio geruza txikiz estalitako tenpera pintura erabilita. Olio organikoen lehortze moteleko propietateak ezagutzen zituzten Europako lehen margolariek. Hala ere, materialak eskuratzeko eta lantzeko zailtasunak zirela eta, gutxi erabiltzen ziren eta, gainera, lehortze motela zailtasun gehigarritzat jotzen zen.[12] Pintura arrautza gorringoarekin egiten zen eta, beraz, substantzia gogortu eta aplikatzen zen gainazalari atxikitzen zitzaion. Pigmentua landare, harea eta lurzoru desberdinekin egiten zen. Pintura gehienek olioa edo ura erabiltzen zuten aglutinatzaile gisa (hau da, pigmentuaren diluitzaile, disolbatzaile edo eroale gisa).
Antonello da Messinak sortutako edo eragindako estilo flandriarrak ―nahiz eta Giorgio Vasarik Italian olio pintura sartzea oker esleitu zion― formula hobetu zuen, litargirio edo berun oxidoa(II) gehituta.[13] Gaur egun oraindik badagoen XVII. mendeko etxe batean olio pinturaren adibide bat da Surreyko (Ingalaterra) Ham House. Kasu honetan inprimazio bat erabili zuten, funtsean zenbait geruza jarrita eta dekorazio geruza landu batekin batera; pigmentuaren eta olioaren nahastea motrailu batean egina izango zen, ore bat lortu arte. Pintoreek eskuz egiten zuten prozesua, eta berun zuriko hautsaren ondorioz berun intoxikazioa maiz pairatzen zuten.[14]
1718an, Marshall Smithek koloreak ehotzeko makina edo motor bat asmatu zuen Ingalaterran. Ez dago jakiterik zehatz-mehatz nola funtzionatzen zuen, baina pigmentuak modu ikusgarrian ehotzearen eraginkortasuna areagotzen zuen gailua zen. Berehala, pinturak merkeago saltzen hasi ziren merkatuan.[15]
XVIII. mendearen erdialdean, Industria Iraultzaren hasieran, pintura lurrunerrotetan ehotzen zen, eta berunez egindako pigmentuen hautabide bat aurkitu zen, zink oxidoaren deribatu zuri bat, askoz ere erabilerrazagoa, intoxikazio arriskurik ez zuenez. Etxeen barruko hormak margotzea arau bihurtu zen XIX. mendean aurrera egin ahala, bai dekorazio arrazoiengatik, bai pintura eraginkorra zelako hormetan hezetasunak kalterik sor ez zezan. Linazi olioa ere gero eta gehiago erabiltzen zen aglutinatzaile gisa, merkea baitzen.[15]
Bigarren Mundu Gerrak linazi olioaren eskasia sortu zuelarik, erretxina artifizialak ohikoak hasi ziren izaten merkatuan. Merkeak eta egiteko errazak ziren, ongi eusten ziotek koloreari eta luze irauten zuten.[16]
Pintura motak
Pintura mota desberdinak daude, besteak beste, bernizak, esmalteak, lakak, koloratzaileak, tonu emaileak eta zigilatzaileak. Horietako bakoitzak ezaugarri fisiko eta kimiko batzuk ditu, eta horiek kontuan hartu behar dira produktu egokia aukeratzeko orduan, bai aplikatu beharreko gainazal motagatik, bai izaera estetikoagatik edo jasan beharreko eguratsagatik.
Tenpera
Eraikuntzen barneko hormak margotzeko gehien erabiltzen den pintura mota da. Pintura iragazkorra da, porotsua, distiragabea. Ezin da garbitu, ez da jarri behar euriaren eraginpean dauden eremuetan, ezta ur kondentsaziorik dagoen lekuan ere.
Tenperan[oh 2] koloreak uretan disolbatzen dira, aglutinatzaile gisa, batik bat, arrautzagorringoa baliatuta, beste gai batzuk ere (besteak beste, goma, kaseina, animalietatik hartutako keratina edo, oro har, oliotsu ez diren beste gaiak) erabili ohi diren arren. Antzinaroan erabiltzen hasi zen teknika hau; Antzinako Egiptokosarkofagoak, esate baterako, tenperaz margoturik zeuden. Tenperaren erabilera Erdi Aroan orokortu zen, batez ere eliza barruetako margolanak egiteko.[17]
Pintura plastikoa
Orbanak garbitzeko gaitasuna duen margo bat da. Geletan, jantokietan, logeletan eta abarretan erabiltzen da. Ez da komeni lurruna sortzen den lekuetan erabiltzea, hala nola bainugeletan edo sukaldeetan; izan ere, geruza iragazgaitza sortzen duenez, lurruna azalean kondentsatuta gelditu daiteke eta anpuluak sortu.Esparru horietan, komeni da beste osagaiez egindako pintura iragazkorrak erabiltzea, gasak igaro ahal izateko. Pintura plastikoa batez ere igeltsuaren edo zementuaren eta deribatuen estaldurei aplikatzen zaie.
Beste material batzuen gainean aplikatu ahal izateko, hala nola metalean edo zurean, tratamendu berezi bat egin behar da aurrez, inprimazioa izenekoa. Hala eta guztiz ere, halako gainazaletan ez du ongi irauten, eta akaberan, erabilitako tresnaren markak uzteko joera du.
Pintura plastikoa uretan disolbatu daitekeenez, ez du disolbatzaile sintetikorik behar, trementinarik ez bestelakorik.
Oro har, akabera distiragabekoak izaten dira pintura plastikoak, baina batzuetan akabera distiratsu edo «satinatukoak» izan ditzake.[17]
Esmalte koipetsua edo olio pintura
Barnealderako nahiz kanpoalderako erabiltzen da, bai horma eta sabaietarako, bai altzari, ate, leiho, metal eta abarretarako. Urarekiko erresistentzia bikaina du, distira galtzen du eguzkitan badago, erraz garbitzen da, marruskadurarekiko erresistentzia ona du, lehortze motela du, bereziki tenperatura baxuetan, eta hedagarritasuna ona da. Olio pintura esaten zaio, bereziki artearen esparruan, eta ez da uretan disolbatzen, baizik eta disolbatzaileetan, hala nola, trementina, azetona, toluenoa eta abar.[17]
Esmalte sintetikoa
Hau da distira hobekien gordetzen duen pintura, baita kanpoaldean ere. Akabera leuna du, izan distiragabea, satinatua edo distiratsua. Asko erabiltzen da metalezko eta zurezkogainazalak babesteko, bai kanpoan bai barruan. Esmalte koipetsua baino azkarrago lehortzen da; aldaera batzuk hain azkar lehortzen dira, ezen pistolaz bakarrik aplikatu behar dira.
Esmalte sintetikoa ez da uretan disolbatzen, baizik eta disolbatzaile sintetikoetan, hala nola hexanoa, azetona, toluenoa, xilenoa eta abar.[17]
Zementu pintura
Distiragabea da, eta nahiko erresistentea euriak, haizeak eta abarrek eragindako higadurarekiko. Kanpoaldean erabiltzen da, zimurtsu izan behar diren gainazaletan, arazorik gabe itsats dadin. Hautsa urarekin nahastuta prestatzen dira; garrantzitsua da urarekin nahastu eta berehala aplikatzea, agudo gogortzen baitira. Zementu pintura mota hau gaindituta gelditu da, kanpoaldeetarako pintura espezifiko bereziak sortu baitira azken urteetan, zoruko pinturak eta abar. Askoz ere erresistentzia handiagoa dute eragile atmosferikoekiko, eta haien akabera zementuarena baino askoz hobea da. Hala ere, oraindik ere zementu zuriarekin prestatutako pinturak erabiltzen dira, askoz merkeago baitira. Klima tropikaletan eta sub tropikaletan, zementu pinturak erabiliz gero, urtero birpintatu behar da, euri denboraldien ondoren.[18]
Kare pintura
Kare pintura alkalinoa denez, antiseptikoak da, materia organikoa suntsitzeko gaitasuna du; beraz, erabilgarria da, adibidez, intsektuak ugari diren ingurunetako eraikinak pintatzeko. Itxura distiragabea du beti. Ez da egokia kanpoaldeak margotzeko, euri urak eraman egiten baitu, nahiz eta finkatzaile izeneko gehigarriak erantsi. Karbonatazio prozesua, hau da, geruza solidoa sortzekoa, aireko karbono dioxidoari esker gertatzen da. Lurrunekiko iragazkorra denez, egokia da, esate baterako, bainugeletan eta sukaldeetan erabiltzeko, hormari «arnasteko» aukera ematen baitio, onddoak sortzeko aukera murriztuz (ingurune anaerobikoetan gertatzen baitira, hau da, airerik gabe). Horregatik, pintura mota hau ez da anpulutzen. Hala eta guztiz ere, kalitate apaleko pintura da, «zikina», nolabait esateko, igurtziz gero jantzietan itsatsita geratzen baita. Badira sabaiak margotzeko pintura bereziak, bainu eta sukaldeetarako berariazko pintura plastikoak baino merkeagoak, eta itxura atseginagoa ematen dutenak, baina ez dute kare pinturaren gaitasun antiseptikorik. Ez da igeltsu, zur edo metalen gainean erabili behar. Kontuz ibili behar da pintura mota hau aplikatzerakoan, korrosiboa baita, eta eskuak erre ditzake.
Laka pinturak
Gainazala erabat leun eta distiratsu geratzen da laka pinturarekin. Pintura mota hau batez ere altzariak, ateak eta gisakoak margotzeko erabili ohi da. Teknika ongi erabiltzen jakin behar da, zenbait produktu geruza ematen baitira eta elkarri itsasteko arazoak sor baitaitezke, behar bezala aplikatzen ez badira. Bernizak ez bezala, barnekoetarako erabiltzen da.[19]
Pintura apaingarriak
Itxura desberdina lortzeko, marmola edo iztukua imitatzen duten pintura bereziak daude, edo antzinako, landa-eremuko edo kolore anitzeko akaberen antza hartzen dutenak.
Biniloa
Biniloapintura akrilikoan edo binilikoan egoten da; olioaren funtzio bera du hau da, aglutinatzaile izatea: pigmentuari gainazaletara itsasteko aukera ematen dion bitartekoa da. Koloregabea da eta uretan disolbatzen da. Olio pinturak baino lehortze denbora laburragoa du, eta aire zabaleko erresistentzia handiagoa, nahiz eta oraindik ez den zehaztu olioaren aurrean zenbat gehiago iraun dezakeen. Pintura binilikoak fabrikatzeko hiru fase daude: aurre nahaskia, ehotzea eta osatzea, eta kalitate kontrola. Aurre nahastean, osagai solidoak eta erretxinen nahiz disolbatzaileen zati bat nahasten dira, azken kolorea duen ore lodi bat sortzeko.
Pinturaren osagaiak
Pintura guztiek osagai finko batzuk dituzte
Pigmentuak: hauts formako materialak dira, eta, produktua ematean, kolorea eta opakotasuna ematen dizkiote.
Aglutinatzaileak: pintura eratu ondoren pigmentuak atxikitzeko likidoak (olioa, biniloa...) edo solidoak (goma, lanka...) dira.
Disolbatzaileak: aglutinatzailea solidoa bada, aglutinatzailea disolbatzen duten substantziak dira, eta aglutinatzaile likido baten kasuan, jariakor bihurtzen dute.
Plastifikatzailea: plastifikatzailearen efektua da eransten zaion materiala moldagarriagoa izatea, plastikotasun handiagoa lortzea eta, beraz, industria tratamendua errazagoa izatea. Kontzentrazio oso apaletan gehitzen da.
Oro har, pinturak edo Kolorea emateko erabiltzen diren substantziak pigmentu baten eta aglutinatzaile baten arteko nahasketa izan ohi dira; aglutinatzailea atxiki egiten zaio pintura zabaltzen den gainazalean finkatzeko. Nahi den trinkotasunaren arabera, likido bat eransten ahal zaio. Aglutinatzailerik behar ez duten pinturak ere badaude, hala nola pastela, ikatz-lapitza, grafitoa eta abar.
Pizkunde garaitik, siccativo edo lehorgarria, batez ere linazi olioa, arte ederren aplikazioetan gehien erabili den pintura mota izan da; gaur egun ere olio pintura oso hedatua dago. Hala ere, XX. mendean, ur oinarriko pintura berriak sartu ziren merkatuan, hala nola pintura akrilikoa, akrilikoa eta latexezko beste pintura batzuk garatuz. Esne pinturak (kaseina ere deitzen zaie), non ingurunea emultsio naturaletik, esnetik, eratortzen baita, XIX. mendean arruntak ziren eta oraindik ere erabiltzen dira. Mendebaldeko lehen artistek erabiltzen zuten, halaber, arrautzez egindako tenpera (bitartekoa arrautza gorringoaren emultsioa da, olioarekin nahasita), eta argizari kaustikoz egindako pinturak ere erabiltzen ziren. Gouacheaakuarelaren aldaera opakua da, eta zenbait zeharrargitasun mailatan oinarritzen da; bi pinturek Arabiako goma erabiltzen dute euskarri gisa eta ura diluitzaile gisa.
Oharrak
↑Euskaltzaindiaren Hiztegiak margo eta pintura hitzak jasotzen ditu, definizio beraz: «Zerbaiten gainean hedatzeko prestaturiko gai koloreduna». Euskalterm datu base terminologikoak, bere aldetik, pintura hobesten du («termino normalizatu eta gomendatutzat» jotzen du, dagokion ikurraz), nahiz margo ere jasotzen duen. Datu horiek aintzat hartuta, artikulua berrizendatu dugu, margo > pintura (materiala)
↑Tenpera terminoa italierazkotemperare hitzetik dator, «neurriz nahastu», margoaren osagaiak neurri egokian nahastu behnar direla adierazi nahi duena.