Familia xume baten baitan jaioa, 1954. urtean apaiztu zen. Apaiz lanak Bizkaiko Meatzaldean egin zituen. Apaiz langile jardun zuen hainbat urtetan, eta langile-mugimenduan parte hartze nabarmena izan zuen frankismo garaian. Hori dela eta, hainbat aldiz espetxeratu zuten Zamoran. LAB erakundean sartu zen 1975ean, eta, Euskadiko Ezkerra alderdian egindako militantzia labur baten ondoren, Herri Batasunari atxiki zitzaion. Alderdi horrekin, Espainiako diputatu izan zen 1979an eta 1982an. Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide ere hautatua izan zen 1980an. 1983ko eta 1987ko foru hauteskundeetan Bizkaiko Foru Aldundiko batzarkide izendatu zuten.
Azken urteetan, mugimendu sozialen protestetan parte hartu zuen, batez ere behartsuen, langabeen, etxegabeen, euskal presoen eta borroka feministaren alde. 2015eko ekainaren 24an hil zen arte, militante nekaezina izan zen, eta bukaeraraino buruz ondo ibili zen, baina osasun arazoak izan zituen 2012ko irailaren 26az geroztik. Egun hartan, greba batean, aldakan jo zuen ertzain batek, eta min izan zuen harrezkero.[1]