Pirinioaurrean kokatua, lurra hautsia eta uhindua da, baina, oro har, ez du goragune handirik. Iparraldea menditsuena da, eta hegoaldea nekazaritzakoa. Ibaien pasabidean zehar, alubioien terraza-maila batzuk mailakatuta daude. Mendilerroen oinean ere higadura-glazis zabalak daude. Irati eta Erro ibaiek ibarra sortu zituen.
Klima
Longidak klima azpimediterraneoa dauka. Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 13 gradu artekoa da (altueraren arabera aldatzen da), eta prezipitazioak 800 eta 1.000mm bitartekoak (ugariagoak udaberrian eta udazkenean. Urteroko egun euritsuak 80 dira batez beste eta 100 baino gehiago herriko gunerik menditsuenetan.
Jatorrizko landaredia asko gutxitu da gizakiaren eragina dela eta, gaur egun 180 hektarea haritz inguru baino ez dira geratzen. Pinuek 441 hektarea hartzen dituzte, gehienak Austriatik ekarritako pinu lariziar birlandatuak dira baina berezko pinuren bat ere gordetzen da. Birlandatutako pinuak, Urrozgoiti, Ulibeiti, Zarikieta eta Rala herrietan izaten dira, batez ere.