Nikos Kazantzakis XIX. mendearen amaieran jaio zen, 1885ean, Kretan, uhartea Otomandar Inperioaren mende zegoenean, eta 1902anAtenasera egin zuen. Greziako hiriburuan Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta handik Parisera egin zuen jauzi, Filosofia ikasteko asmoz. Greziara itzulita, Angelos Sikelianos poeta eta antzerkigilea ezagutu, eta bi urtez Greziako kulturan murgildu zen. Sikelianos abertzale sutsua zen, eta bere herrialdearekiko maitasuna transmititu zion urte haietan Kazantzakasi; honek beti gorde zuen sentimentu hura.[1]
Abertzalea zen Kazantzakis, baina baita internazionalista ere. Munduan gertatzen zirenek kezkatzen zuten eta, ondorioz, 1922. eta 1924. urteen artean Berlinen zela, komunismoa ezagutu eta Leninen jarraitzaile bilakatu zen. Pantelis Prevelakis greziar idazlearen iritziz, hain zuzen ere, "Leninek irabazi zuen komunismorako; ez Marxek". Alabaina, Sobietar Batasunaren garapena kezkaz ikusi zuen, eta berehala oso kritiko agertu zen Stalin boterera iritsi osteko sozialismo erreala-rekin.[1]
Nolanahi ere, politikak beti izan zuen lekua bere pentsamenduan, eta baita jardueran ere. Lehen Mundu Gerran, Greziako Gizarte Gaietarako Ministerioko zuzendari nagusi izan zen eta, kargu horrek ematen zizkion baliabideekin, Kaukasian jazarriak izaten ari ziren 150.000 greziar aberriratu zituen. Gerora, 1945ean, ezkerreko alderdi bateko buru bilakatu zen, eta Greziako Gobernuan sartu.[1]
Kazantzakisen obra oso zabala da; genero guztiak landu zituen: filosofia-saiakera, bidaia-liburuak, tragediak. Obra klasikoen eta eleberrien grekorako itzulpenak ere egin zituen. Obra nagusiak hauek dira: