Maurizio de Giovanni (Napoli, 1958ko martxoaren 31) polizia eleberriak idazten dituen italiar idazle bat da.[1]
Biografia
Napolin bizi eta lan egiten du. 2005. urtean, eleberri beltzetarako Porsche Italia izeneko literatura lehiaketa batera aurkeztu zen, faxismoaren garaiko Napoli hirian girotutako istorio batekin (I vivi e i morti); Ricciardi komisarioa zen protagonista nagusia, jatorri nobleko polizia bat, oso dohain berezia duena: izan ere, modu ez-naturalean (istripuan edo erailda) hiltzen direnen azken hitz eta sentsazioak antzemateko gaitasuna du, bai eta pertsona horien mamuak ikusteko ere. Lan honetan oinarrituta dago 2007an argitaratu zuen lehen eleberria, Il senso del dolore. L'inverno del commissario Ricciardi; eleberri honekin hasi zen Ricciardi komisarioaren pertsonaiaren inguruan egin duen seriea, honako beste izenburu hauekin: La condanna del sangue. La primavera del commissario Ricciardi (2008), Il posto di ognuno. L'estate del commissario Ricciardi (2009) eta Il giorno dei morti. L'autunno del commissario Ricciardi (2010). Fandango argitaletxean plazaratutako lau liburu hauei esker, laster hasi zen publiko zabalarengana iristen eta beste hizkuntza askotara itzulia izaten.
Ricciardi komisarioaren serieak Einaudi argitaletxearekin jarraitu du aurrera beste eleberri hauekin: Per mano mia. Il Natale del commissario Ricciardi (2011); L'omicidio Carosino. Le prime indagini del commissario Ricciardi (2012); Vipera. Nessuna resurrezione per il commissario Ricciardi (2012); In fondo al tuo cuore. Inferno per il commissario Ricciardi (2014); Anime di vetro. Falene per il commissario Ricciardi (2015); Serenata senza nome. Notturno per il commissario Ricciardi (2016).
Gure garaiko Napoli hirian girotutako beste serie bat hasi zuen 2012. urtean, Il metodo del coccodrillo eleberriarekin, zeinetan Giuseppe Lojacono inspektore siziliarra baita protagonista nagusia, mafiarekin lotuta egoteko akusazio faltsuagatik Napoliko komisariarik txarrenera bidali dutena; han, bera bezala, askotariko arrazoiengatik poliziak baztertu dituen beste agente batzuekin egingo du topo, Luigi Palma komisarioaren agindupean. Poliziaren barruan duten egoeragatik, hain zuzen, I bastardi di Pizzofalcone izena emango diote elkarri, eta horixe da serie honen izena. Hartan oinarrituta, telebistarako egindako film sorta bat egin du RAI telebista publiko italiarrak[2].
Erreferentziak