Martin Gilbeau

Martin Gilbeau
Bizitza
JaiotzaUrruña1839ko abuztuaren 3a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaDonibane Lohizune1912ko abenduaren 11 (73 urte)
Hezkuntza
HeziketaBordeleko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakmedikua eta idazlea
KidetzaEuskaltzaleen Biltzarra

Literaturaren Zubitegia: 353

Martin Gilbeau Oiartzabal (Urruña, Lapurdi, 1839ko abuztuaren 3a - Donibane Lohizune, Lapurdi, 1912ko abenduaren 11) euskal idazlea, medikua eta Donibane Lohizuneko auzapeza izan zen. Frantsesez ere idatzi zuen.[1]

Bizitza

Martin Gilbeau Oiartzabal Urruñan sortu zen 1839ko agorrilaren 3an. Aita itsasgizona zuen eta ama Pexeeneberriko etxekoandrea. Aita Le Lapin izeneko ontzian aritzen zen lanean, eta itsasoan desagertu zen Martin sortu zen urte bereko abenduan. Hiru anaia-arreba izan zituen, baina hiruak haurtzaroan hil zirenez gero, Martin umezurtz gelditu zen, amarekin bakarrik, lau hilabete zituelarik. Umezurtza zela eta, estatuak eman hainbat laguntzaren bitartez, goi mailako irakaskuntzara iritsi ahal izan zen. Medikuntza ikasketak burutu zituen Bordeleko Saint-André ospitalean, eta 1869ko otsailaren 16an mediku titulua atzeman zuen.

Sendagile titulua eskuan zeukala, Euskal Herrira itzuli zen, eta Donibane Lohizunen aritu zen lanean, Hazparneko seme zen Xan Battitt Larralde mediku eta olerkariarekin batera. Urtebetez bakarrik, 1870. urtean hil baitzen hazpandarra. Orduz geroztik Donibanen bizi izan zen Marie Dihursuribehere-rekin ezkondurik.

Arras ezaguna zen garaiko donibandarren artetan, eta horrek bultzatu zuen 1878ko urtarrilaren 6an izan zen bozketan errepublikarren zerrendaburu aurkezteko. 213 bozka atzeman zituzten eta horren arabera lau ordezkari egokitu zitzaizkien. Eskuindarrek, berriz, hemeretzi ordezkari lortu zituzten. Legeak administrazioaren esku uzten zuen kantoiko hiriburuetako auzapezaren hautaketa, eta honek hauteskunde Gilbeau doktorea hautatu zuen Donibane Lohizuneko auzapez. Kargu horretan jarraitu zuen hamar urte luzez.

1878ko agorrilaren 28 eta 29ko eta 1882ko otsailaren 11ko ekaitz handien ondoren, badia hetsi zuen eta portu hobetu. Bainuetxe pare bat eraiki zuen, kasinoa zabaldu zuen eta 1879an, hiri osorako gasa bermatu zuen gas-lantegia eraiki zuen. 1881 eta 1883 urteen artean, lintzurako lurrak idorrarazi zituen eta urbanizazio plangintza zehatz bati jarraiki, Aintzirako eta Haize-errotako auzotegiak sortu.

Lau urteko legealdia bukatzean, berriro hautatu zuten auzapez 1881eko urtarrilaren 9an. Urtebete berantago, hau da, 1882ko martxoaren 28an, Pariseko Parlamentuak irakaskuntza beharrezkoa eta laikoari buruzko legea atera zuen. Lege hau beharrezkoa zen zazpi eta hamahiru urteren arteko haur guztientzat. Lege honek ordura arte irakaskuntzan aritzen ziren errejenta edo maisu erlijiosoak kanporatu zituen eta haien ordez, errejenta laikoak ezarri. Gilbeauk, errepublikarra izaki, irakaskuntza publiko eta dohainekoaren alde egin zuen.

1884ko maiatzaren hauteskundeetan hirugarren aldiz hautatu zuten auzapez. Donibane Lohizuneko irakaskuntzan bi apez aritzen ziren, Etxeberri eta Elizaga. Gilbeauk, irakaskuntza laikoaren alde eginez, ordura arte herriko etxeak hilero pagatzen zien ordaina kendu zien. Honek eskandalua eta kalapita sortu zuen. Donibandar fededunak, baita alderdi errepublikanoari bozka ematen ziotenak ere, Gilbeau doktorearen aurka jarri ziren. Azkaineko erretorea, I. Doihanbehere Donibaneko bikarioen alde lerrotu zen. Hauek Gilbeauren antiklerikalismoa bazter guztietan barna zabaldu zuten, eta horrela, 1888ko maiatzaren 6an izan ziren hauteskundeetan Goihenetxe doktorea nagusitu zitzaion eta auzapez kargua kendu zion.

Baina Donibane Lohizunek auzapez ona galdu bazuen, erran beharra daukagu, euskal kulturak eragile eta bultzatzaile bikaina irabazi zuela. Martin Gilbeauk, auzapez kargua galduz geroztik, bete-betean aritu baitzen euskararen eta euskal kulturaren alde. Hala eta guztiz ere, euskal kulturaren arloan mugitzen ziren apez eta fededun ugariek nehoiz ez zioten barkatu auzapez izan zelarik, Etxeberri eta Elizaga bikarioei ordaina kendu izana, eta, nahiz eta Donibane Lohizuneko Elizaga erretorearekin eta Adema Zaldubi kanonikoarekin adiskidetasun handia izan, horietako ainitz ibili ziren aldiro zangalatrabak jarriz eta Gilbeau doktorearen lanak oztopatuz. Heientzat Gilbeau deabruaren pertsonifikazioa zen.

Martin Gilbeauren euskaltzaletasuna zaharra zen. Jadanik, hamasei urte zituela Euskaldun baten bihozminak Indietan izeneko bertso sorta idatzi zuen. 1859an, hogeita hiru urte zituela, Antton Abadiak Urruñan antolatu zituen Euskal Bestetan hirugarren saria eskuratu zuen Euskaldun desterratua olerki sortarekin.

1869-1870 urteetatik aurrera, L´association basque des jeux floraux izeneko elkartea sortu zuen, Antton Abadiak bultzaturiko euskal Lore Jokoetatik aparte, euskaltzale gorri edo errepublikazaleak bildu nahian.

Hortik aitzina, buru-belarri aritu zen ikerketak egiten eta Arturo Kanpion, Jose Manterola, Elizanburu eta beste euskaltzale ospetsurekin batera euskal aldizkari eta jaiak bultzatuz. 1881ean eta 1882an lehen Euskal jaiak antolatu zituen Donibane Lohizunen. Geroxeago, beste euskaltzale liberalekin batera, Association Basque izenekoa sortu zuen Uztaritzen. Bertan ibili ziren San Martin eta Harriaga --Hazparneko morroskoa deitua-- diputatuak, Arturo Kanpion iruinsemea, J.D.J. Salaberri Mauleko notarioa, Uztaritzeko Duhart eta Ezpeletako Haltzuet auzapezak… Elkarteko lehen lehendakaria Gilbeau doktorea izan zen. 1894an Hazparnen bildu ziren, 1895ean Ezpeletan, 1896an Kanbon, eta 1897an Saran, azken herri horretan Elizanburu omendu zutelarik.

Sarako bilkura horretan, Gilbeauk eta Vinson euskalariak euskararen ortografia finkatzeko akademia bat sortzea deliberatu zuten. Azkenik, 1901eko irailaren 16an, Hendaian lehen Euskal Ortografia Biltzarra izan zen, eta bertara hurbildu ziren Bidasoaren bi aldeetako euskaltzalerik famatuenak: Azkue, Arana-Goiri, Arturo Kanpion, Txomin Agirre, Serapio Mujika, Adema Zaldubi, Arbelbide, Broussain, Hiriart-Urruti, Daranatz... Biltzar honetatik Euskal Herriko Literatura Federazioa sortu zen, Adema Zaldubi lehendakari eta Martin Guilbeau idazkari izanen direlarik. Hortik sortu zen geroxeago, 1901ean Federación Literaria Vasca, 1902. urtean, Euskaltzaleen Biltzarra eta Euskal Esnalea 1908an.

Urte berean, Martin Gilbeauk bere azken lana plazaratu zuen: Hitztegiko pasarte batzuek izeneko hiztegiñoa. Baionako Euskal Erakustetxean Euskal herriko hizkuntza mapa bat ezarri zuen erakusgai, baina zorigaitzez, ez da gure egunetara iritsi. 1912ko abenduaren 11n Donibane Lohizunen hil zen, hirurogeita hamahiru urte zituela.

Erreferentziak


Lanak

Euskaraz

  • Euskaldun baten bihotz-minak Indietan (1855)
  • Eskaldun desterratua (1859)
  • Enadak, edo Sor-Herriaren orhoitzapena (1872)
  • Hiztegi bat, Euskal Herriko hegazti, landare, arrain, lore eta zuhaixken euskal izenez hornitua.

Frantsesez

  • La priére de la Cannadienne (1855)
  • Les agoth du Pays Basque (1878)
  • Quelques mots sur les Bains de mer (1878)
  • Quelques extraits de Vocabulaire Basque (1908)

Erreferentziak

  1. Santi ONAINDIA: «Martin Guilbeau», in Euskal Literatura II, Etor, 1973.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!