Marsala (sizilieraz: Maissala; latinez: Lilybaeum) Italiakoudalerri bat da. Trapaniko probintzian kokatuta dago, Siziliako eskualdean. 79.809 biztanle ditu, 243,26 kilometro koadroko azaleran banatuta.
Marsala Trapaniko hiririk populatuena da eta Siziliako bosgarrena.
Hiria famatua da Garibaldiren lehorreratzeagatik, 1860ko maiatzaren 11n (Mila Gizonen espedizioa) eta Marsala ardo motarengatik. Eskualdeko berezitasunaren bat Stagnone aintzira erreserba naturala da, gatzagak dituen itsas eskualdea.
Marsala eraiki zen kartagotar Lilibaion hiriaren hondakinen gainean, eta haren lurraldean Motia irlaren aztarna arkeologikoak sartuta daude, antzinako feniziar hiri bat.
Hirira heltzeko beharrezkoa da Palermotik A29 autopista hartzea, guztira 120 km. Marsala ere, Trapani-Birgi aireportuaz baliatzen da, zeinak eguneroko loturak baititu Erroma, Milan eta beste hirirekin. Gunetik 8 km.tara baino ez dago.
Lurraldea
Siziliako muturreko mendebaldean kokaturik, hiria Lilibeo lurmuturrean fundatu zen. Handik Stagnone aintzira, Egada uharteak eta Gatzaga irlak agerikoak dira. Motia, hauetariko bat, jatorriz feniziar ezarpena zen. Honek hasiera eman zio gaur egungo hiriari.
Marsala hiriak 86.000 biztanle zituen 1970 arte, Perosinok, inguruko herri batek, erreferendum baten bidez erabaki zuenean independentea izatea.
Marsala 2. zonalde sismiko gisa sailkatu da, hau da, erdi mailakoa. Azken 200 urteetan, erdi-goi intentsitatezko hiru lurrikara erregistratu dira:
1968ko urtarrilaren 15ean – Belice lurrikara, 7 magnitudekoa Marsalan, baina beste toki batzuetan 10era heldu zen.
1981eko ekainaren 7an – 4-5 Mercalli eskalan. Epizentroa Borgo Elefanten egon zen, Mazara del Vallo, Marsalaren gunetik 20 kilometrotara.
Hiria
Marsala feniziar eta erromatar kokalekuen gainean garatu da. Erromatar cardo eta decumanus ardatzak nabariak dira “Maiatzaren 11” kalean. Ardatzak hiriko gunean gurutzatzen dira eta antzinako lau sarrerak komunikatzen dituzte. Hauetariko bik irauten dute: Ate Berria eta Garibaldi Atea.
Errepublikako plaza
Lauki honetan, antzinean harresi batez inguratuta zegoena, gaur soilik bi bastioi eta defentsa bat geratzen dira, hau da Marsalaren gune historikoa. Hor, cinquecentoko espainiar auzoan, udaletxeko bulegoak daude; Apirilaren 7ko jauregia (XVI. eta XVII. mendekoa) non lehenago Logia dei Pisan baitzegoen, baina gaur udaletxearen egoitza da. Toki berean kokaturik, katedrala haren fatxada barrokoarekin, zeina 1600n altxatu baitzen 1176ko normandiar oinarri batzuen gainean, Canterburyko Santo Tomasi dedikaturik dagoena. Beste eraikin batzuk San Pedro monasterioa, Erdi Aroko Karmen komentua eta balio arkitektoniko, historiko eta artistiko beste eliza, komentu eta etxe noble batzuk, XVI. eta XVII. mendekoak.
Katedralaren ondoan, Tapizen Museoa dago, non 1570 inguruan egindako zortzi lan erakusten diren, K.o. 66. urteko erromatar eta juduen arteko gerra kontatzen dutenak.
Gune historiko honetan zenbait eraikin zaharberritu dira, hala nola, San Pedro (Hiriko Museoaren egoitza) eta Karmen komentua, gaurko hiriko pinakoteka.
Zaharberritze lanek erraztu dute XIX. mendeko Hiriko Errege Antzokia zabaltzea. Antzokiak 300 eserleku ditu eta 1994an ireki zen.
Marsalako klima epela eta beroa da. Eguraldia beroa da udan, gehienezko tenperatura 39º C-koa da.
Askoz euritsuagoa da neguan udan baino. Köppen-Geiger sailkapenaren arabera Csa da. Marsalako batez-besteko tenperatura 17.8 °C-koa da. da, eta urteko prezipitazioak 448 mm-koak dira[2].
Historia
K.a. 397an, San Pantaleon uhartean kokaturiko Motia feniziar koloniak, Dionisio I.a Sirakusakoak inbaditu eta suntsitu zuen. Bizirik irten zirenak Siziliako kostan babestu ziren kokaleku berri bat bilatuz, Lilibeo (Libiara[3] begira dagoen hiria), gaur egungo Marsala.
Lehen Gerra Punikoa hasi zen kartagotarrak Lilibeon lehorreratu zirenean K.a. 265/264 urtean. Hemendik Messinara abiatu orduko, gerra hasi zen[4].
Erromatarrek konkistatu zuten Marsala K.a. 241ean eta ondoren, Siziliako hiririk garrantzitsuena bilakatu zen. Pretorearen egoitza eta merkatal zentrua etxe aberatsez eta eraikin publikoez bete zen. Zizeroneksplendidissima urbs deitu zion. Honek eskualdean kuestore lana egin zuen K.a. 76-75 urteetan.
Bandaloek hiria birrindu zuten K.o. V. mendean. Beranduago, Marsala anexionatu zen Bizantziar Inperioari. Denboraldi honetan, hiriak disenteriak jota egon zen, piratek arpilatuta eta Konstantinoplak ahaztuta.
Berbereen etorrerak Granitola mendira IX. mendean, merkataritzaren eta hiriaren suspertzea ekarri zuen. Hiriak Marsa ʿAlī izen berria hartu zuen, edo Marsa ʿāliyy, “Portu Handia” portu zaharraren zabaleragatik, Punta d'Algaren ondoan. Beste balizko esanahi bat Marsa Allāh, izan zitekeen “Jainkoaren Portua”. Azken teoria da Marsala mare salis-etik etortzea, hau da, “gatzagak itsaso aldean” (iparraldeko kostan daudenak). Hala ere, ez daude teoria honen erreferentziarik eta irletako gatzagek. Gaur egungo irlan daudenak (“Isola Lunga”) XIX. mendean egin ziren.
XI. mendetik aurrera, normandiar, anjouar eta aragoiar leinuek zonaldea menperatu zuten, hurrenez hurren. Denboraldi honetan, Marsala aberastu zen merkataritzari esker, baina Karlos V.ak, 1575ean, agindu zuenean portua ixtea sarrazenoen erasoak ekiditzeko, oparotasunezko aldia bukatu zen. Harrez geroztik, bi mende itxaron beharko ziren beste oparotasun bat etortzeko. XVIII. mendearen amaieran, John Woodhouse ingeles merkataria Marsala ardoa hasi zen esportatzen. Hiriko bizitza suspertzearekin batera, azpiegiturazko lanak egin ziren, hala nola, Margitello portua. Portu honetan, hain zuzen ere, Giuseppe Garibaldi bere armadarekin 1860ko maiatzaren 11n lehorreratu zen Italiaren Bateratzea lortzeko. Maiatzaren 11n ere, baina 1943an, II. Mundu Gerran, britainiarrek hiria bonbardatu zuten. Eraso horren erruz zibil asko hil ziren eta konponezinezko kalteak eragin zituen gune historikoan. New York Timesko 1943.05.13ko egunkariak “Marsala mapatik desagertuta” jarri zuen izenburua[5].