Mario Fernández Pelaz (Bilbo, 1943ko azaroaren 4a - Areeta, 2024ko abenduaren 10a[1] ) euskal abokatu eta politikari jeltzalea izan zen. Eusko Legebiltzarkidea eta lehendakariordea izan zen Garaikoetxearen gobernuan, 1982 eta 1985 artean.
Ikasketak
Mario Fernández Pelazek Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak 1965ean bukatu zituen. 1966tik aurrera abokatua izan zen, krisialdian dauden enpresak berregituratzeari ekin ziona. Unibertsitate horretako Enpresa Fakultatearen merkataritza-zuzenbide irakasle ere aritu zen.
Politika munduan
1980ko martxoan Euzko Alderdi Jeltzaleko kide bihurtua, Espainiako Trantsizio Demokratikoa osteko lehendabiziko Eusko Jaurlaritzan hartu zuen parte.[2] Carlos Garaikoetxea lehendakariak Lan Sailburu izendatu zuen. 1982ko urtarrilean Garaikoetxeak Autonomia Garapenerako Lehendakariorde izendatu zuen, Jaurlaritzaren bigarren posturik garrantzitsuena eta Espainiako Gobernuarekin eskumenak negoziatzeko arduraduna.
1984ko apirilean EAJk Legebiltzarkide hautatu zuen. Bigarren legealdian, lehendakariorde izaten jarraitu zuen. 1986ko iraileko Euzko Alderdi Jeltzaleko krisialdian, Eusko Alkartasuna sortu zuena, Mario Fernándezek lehendakariorde izateari utzi zion, baina partiduan eta Legebiltzarkide izaten jarraitu zuen 1987an Legealdia bukatu arte. EAJk ordutik Mario Fernández kritikotzat izan zuen eta alderdikide xumea baino ez zen izan.
2000 urtean ETAren zerrenda batean agertu zen. Euskadiko Erkidegoaren Estatuto Politikoaren Proposamenaren alde agertu zen publikoki.
Lan munduan
Politika utzi eta gero enpresa pribatuari ekin zion. BBVAren lege-aholkularitza buru, Zuzendaritza Batzordekide izan zen, Emilio Ibarra, Pedro Luis Uriarte eta Jose Ignacio Goirigolzarrirekin, harik eta ezkutuko kontuen afera medio, euskal jatorriko beste hainbat zuzendarirekin batera bankua utzi zuen arte.[3] 2002an Uría Menéndez abokatu bulegoko bazkide bihurtu zen.[4] 2002ko apirilean BBVAko eskandaluan bere izena agertu zen arren, Baltasar Garzon epaileak ez zion ezer egotzi.[5]
2009ko uztailean BBKren presidente berri bihurtu zen, Xabier Iralak dimititu ondoren.[6]
BBKren buru zela, Espainiako Gobernu Ordezkari ohi Mikel Cabiecesi (PSE) mesede ekonomiko bat egiteagatik, biak zigortu zituzten 2017ko martxoan. Zigorra bere poltsikotik ordaindu zuen Fernandezek, horrelakoak Euskadin maiz egin izan direla aldarrikatuz. Horrezaz gain, 2018ko otsailan inhabilitazio berezia ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak merkatal elkarteen zuzendaritzarako. Ondorioz, Repsol petrolio enpresaren Administrazio Kontseilukide izateari laga zion.
Fernandezen idazkari batek esana da merkatal kontratu bat, hasi eta buka, akatsgabe diktatzeko gai zela.
Erreferentziak
Kanpo estekak