Pedro Luis Uriarte Santamarina (Bilbo, Bizkaia, 1943ko otsailaren 13a - ) enpresa zuzendaria da. Ekonomia Zientzietako Lizentziaduna eta baita Zuzenbide Lizentziaduna ere Deustuko Unibertsitatean. Zazpi urtez bertako irakasle ere jardun du.
Eusko Jaurlaritzak kupoa negoziatu zuenean taldeko arduraduna izan zen, eta kupoa kalkulatzeko forma berari egozten zaio.[1]
Biografia
Victor Luis Uriarte Gonzalez de Langarika eta Pili Santamarina Mintegi, Gallartakoa, zituen gurasoak. Arbaso gehienak arabarrak ditu, Zuia eta Okendokoak. Aita Labe Garaietan ingeniari lanetan aritu zen, eta kolpisten kontra borrokatu zen Gordexola batailoian, Gerra Zibilean (1936-1937); horregatik, kartzela frankistetan giltzapetua izan zen bost urtez.[2]
Gerran, familia galtzaileen aldean egotean, ez zuen etorkizunik Bizkaian eta gerraostean, Nafarroan ez ezik, Espainiako hainbat lekutan hazi zen, aitaren meatzetako lanaren arabera: Extremadura, Asturias, etab. 14 urte zituela, familia Bilbon finkatu zen.[2]
Kupoaren negoziazioa
1980-1984: Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zen Carlos Garaikoetxearen gobernuan 1980tik 1984ra. Kontzertu Ekonomikoa negoziatu zuen taldeko burua izan zen.[1]
Ibilbide profesionala
Industria munduan hasi zen lanean bi enpresa multinazionaletan (General Electric eta Crown Cork Company).
1984-2001: bankan jardun zuen. 1990ko urtarrilean Banco Bilbao Vizcayaren (BBV) zuzendari nagusi izendatu zuten. 1994an berriz, Kontseilari ordezkari eta 1997an presidenteorde izendatu zuten. Bankua Latinoamerikan hedatu zen garai horretan. 1999an Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA)-ren sorreran parte hartu zuen, 2001eko abenduan kontseilari ordezkari eta presidenteordetzatik dimisioa eman zuen arte, Emilio Ibarrarekin batera. Jerseyko kontu ezkutuak argitara eman izanak behartu zuen dimisioa, Argentariako presidente Francisco Gonzalezen bultzadaz: kontuok 1987an Pedro Toledo Banco de Vizcayako presidenteak sortu zituen eta ez ziren ezagutarazi Argentaria banku publiko ohiarekin bategitea burutu zen arte. Bulkada politikoa izan zuten dimisio haiek.
2007-2009: Berrikuntzarako Euskal Agentzia-Innobasqueko lehen burua izan zen, sorreratik (Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak proposatuta) 2009ra arte.[3] Patxi Lopez Lehendakari izendatua izan ostean utzi zuen kargua, arrazoi pertsonalak argudiatuta.
2017an Kontzertuari buruzko lan mardula argitaratu zuen, hiru liburukitan, doan zabaldu zuena. Kontzertuaren alde gizarte zibileko talde bat ere sustatu zuen, Comunidad del Concierto izenpean eta dozenaka hitzalditan defendatu zuen bere egokitasuna, EAEren burujabetza fiskalari zegokionean.[4]
Gaur egun, eta 2002tik, Economía, Empresa, Estrategia enpresako lehendakari exekutiboa ere bada.[5]
Sariak eta aitortzak
- 1998: euskal enpresari onena, Empresa Vasca y Sociedad fundazioak emana.
- 1999: Espainiako banka gestore onenari saria (Actualidad Económica aldizkariak eta A.T. Kearney-k emana).
- 2001: Simón Bolívarren Ordenako zaldun, Latinoamerikan..
- 2001: Retail Banker 1990-2000 hamarkadako Europako bankari onenaren saria eman zion 2001eko abuztuak 21ean, banku britaniar bateko buruarekin batera.
- 2002: Meritu Zibilaren Gurutze Handia, Espainiako Gobernuak emana.
- 2005: Gipuzkoako urrezko domina, Gipuzkoako Foru Aldundiak emana, lurralde hortan Kontzertu Ekonomikoa berreskuratzeko egin lanagatik.
- 2009: Bilboko kontsul, Bilboko Merkataritza Ganberak emana, hiriaren enpresa-balioak indartzearren.
- 2010: Bilboko Ilustre, Bilboko Udalak emandako aitorpena, hiriari egin ekarpen ekonomiko eta sozialagatik.
- 2016: Sabino Arana saria, gizarteari egindako ekarpen eta zerbitzuagatik.
- 2017: Ekonomista Saria, Ekonomistak Euskal Elkargoak emana, jardun profesionalagatik.
- 2019: Korta Saria, Bizkaiko CEBEK enpresari elkarteak proposatuta.[6]
Erreferentziak
Kanpo estekak