1964an zinemaldia denboraldi batez eta behingoz Buenos Aires hiriburura lekualdatu eta Argentinako Errepublikako Zinemaldia izena jaso zuen. 1966an herrialdea asaldatu zuen estatu kolpe batek aldaketak gauzatu eta 1968 eta 1970 urteetan Zinema Institutua zinemaldiaren arduradun bihurtu zen. 1967 eta 1969 urteetan ez zen zinemaldirik ospatu, BrasilgoRio de Janeiro hirian beste batzuk ospatu ohi baitziren.
1970 ondoren 25 urte etenaldia egon zen, eta berrezartzeko saiakerak egon arren, 1996 urterarte ez zen halakorik jazoko, zinemaldia erabat eraberritua itzuli zenean. Garai berri honetan azaroan ospatzen hasi zen, 2001etik aurrera usadiozko martxoko datara aldatu zen, 2008an berriz ere azaroan ospatzeko. Garai honetan zinemaldia "A kategorian" sailkatu zen, FIAPF erakundearen goreneko maila dena.
Sariak
Jatorriz eta 2004 urterarte zinemaldian "Onbu" sariak banatu ohi ziren, urte horretan Astor Piazzolla musikariaren omenez "Astor" izena izatera iragan zirelarik. Nazioarteko epaimaila izan ohi du, zinema munduko zinegile, artista, irakasle eta adituez osaturik.
Gaur egun honako Astor sariak banatzen dira: Filma Onena, Zuzendari Onena, Emakumezko Aktore Onena, Gizonezko Aktore Onena, Gidoi Onena, Iberoamerikar Filma Onena eta Epaimailaren Sari Berezia.
2007ko Mar de Platako Zinemaldiaren hogeitabigarren ekitaldia martxoaren 8 eta 18aren artean ospatu zen. Bertan latinoamerikako zinemagileei buruzko kategoria berri bat sartu zen, zinemaldiak Latinoamerikar Filma Onenari Ernesto Che Guevara saria ematen diolarik.