Bildoskia, batzuetan ahuntz haragia, jogurtean bertan egosten da. Arroza aparte egosten da, batzuetan kurkumarekin, eta horrek kolore horixka ematen dio.
Zerbitzatzeko orduan azpilean markook ogia jartzen da, arrozarekin ogia estaltzen da eta gainean jartzen da jogurtean egositako haragia. Azkenik jogurt saltsa (jameed) isurtzen da mahaikidearen gustuaren arabera. Platera apaintzeko intxaurrak, arbendolak edo pinaziak jartzen dira inguruan.
Tradizionalki mahaiaren erdian kokatzen da eta mahaikide bakoitzak eskumako eskuarekin dagokion zatia hartzen du eta mahai-tresnak erabili gabe jaten du[3]. Gaur egun jatetxeetan bezero bakoitzari dagokion anoa ateratzen zaio eta goilara ere bai.
Arrozarekin ogia estaltzen da.
Jogurtean egositako haragia gehitzen zaio.
Haziekin eta belarrekin apaindu egiten da.
Historia
Eboluzioa
Jatorrizko jakiak aldaketa nabarmenak izan zituen XX. mendean zehar. Beduinoen jatorrizko mansaf platera haragiz (gamelu haragia edo bildoskia) eta haragi saldaz edo gheez (gurin iragazia) eta ogiaz osatzen zen[4].
1945etik aurrera Transjordanian garia masiboki landatzen hasi zen eta mansafa kozinatzeko errezetan bulgurra sartuz joan zen[5]. 1950. hamarladan Siria eta Palestinako mugetatik hurbil zeuden Jordaniako hirietan merkatal bideak irakitzen hasi ziren eta arrozak arrakasta izan zuenez mansaf platerean ere hura hasi zen bulgurra ordezkatzen[6]. 1960. hamarkadan gehigarriak botatzen hasi zitzaizkion, arbendol eta pinazi txigortuak batez ere.
Jameed jogurt saltsa ere oso berria da, beduinoek ez baitzuten janarietan sartzen sedentario bihurtzen hasi ziren arte[7]. Jameedak haragi zopa eta gurin iragazia ordezkatu zituen. Azkenik jendea haragia jogurtetan erregosten hasi zen, haragia marinatu egiten baitzen horrela eta zapore sendoagoa hartzen baitzuen[8].
Kozinatzeko erak ere izan du eboluziorik. 1970. hamarkadaren aurretik kobrezko pertza handietan kozinatzen zen komunitate osoarentzako. Ondoren kobrezko plateretan zerbitzatu eta etxe barruan jaten zen. Teknologiak aurrera egin ahala etxean kozinatzen hasi zen pertza txikiagoetan eta aluminiozko plater apainduetan zerbitzatzen hasi zen. Familia barruko platera izatera pasatu zen[5].
Jordaniako mansafik onena egitearen fama Al-Salt eta Karak hirietako biztanleek dute. Dena dela gaur egun mansafaren hainbat aldaera existitzen dira, eskualdeek dituzten ezaugarri eta baliabideen arabera sortu direnak.
Jordaniako hiri handietan shakreyyeh izeneko jogurta erabiltzen da eta herrialdearen iparraldean gero eta gehiago dira haragitarako oilaskoa erabiltzen dutenak, eskuratzen errazagoa baita. Hegoaldeko kostaldean dagoen Aqaba hirian arraina erabiltzen da mansafa egiteko.
2020. hamarkadan Amman hiriburuko jatetxe batean mansafa kopatan zerbitzatzen hasi ziren. Bezero batzuei gustatu zitzaien baina askok uste dute tradizioari eta mansafak duen aintzatespenari kalte egiten diola[13].
Kultura eta tradizioa
Nekazal-artzain kulturako platera izan zen jatorrian, haragia eta jogurta ekoizten baitzuten[2]. Gaur egungo Jordanian plater nazionala da eta gertakari berezietan zerbitzatzen da, hala nola, ezkontzatan, jaiotzatan, graduaziotan, gonbidatua ohoratzeko edota herrialdeko jaiegun berezietan[14].
Komunitatean jaten da, plater handi batetik beduinoek egiten zuten antzera[15]. Tribuen artean arazoak konpontzeko erabiltzen da, trukeak egiteko (Atwa) eta bakea lortzeko (Ja'ha).