La Passion de Dodin Bouffant 2023ko Trần Anh Hùng vietnamdar zinema zuzendariaren drama erromantikoa da.
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Haragi salda, itsaski vol au vent-a, erreboiloa esne gainarekin, arkumea labean brusela azekin, eta, postrerako, tortilla norvegiarra. XIX. mendeko gaztelu bateko sukaldean, Dodin Bouffant eta Eugenie bankete bat prestatzen ari dira. Bouffant gazteluaren jabea da, gourmet bat, eta Eugenie hogei urtez haren sukaldaria (eta maitalea) izan den emakumea. Sukaldea lurrun eta baporez beteko da; zartaginez eta lapikoz, olioz eta irinez. Mimoz prestatzen dituzte janariak, prozesu bakoitzari arreta eta atentzio guztia jarriz.
Hogei urteko harremana du bikote protagonistak, sukaldearekiko eta janariarekiko maitasunean oinarrituta, baina janariaz haratago doan amodiozko istorioa da haiena, eta maitale izateari utzi eta senar-emazte bihurtzeko nahia du Bouffantek. Hori adieraziko dio behin eta berriz Eugenieri, nahiz eta aldiro emakumearen ezezkoa entzuten duen.[1]