Katagorri edo urtxintxak, zuhaitzetan bizi diren esziuridoen familiako ugaztunkarraskari espezie ezberdinak dira.
Ia edozein baso motatan bizi daitekeen arren, pagadi, harizti, amezti eta erkameztiak nahiago ditu artadiak baino. Baita urriztiak, eta lizarrez, haltzaz eta beste hainbat espeziez osatutako oihan nahasiak ere. Behar izanez gero, pinu eta ler gorrietan ere bizi daiteke.
Habia, zenbait hegaztiren antzera eraikitzen dute, nahiz eta hauek gehiago ixten duten. Gehienetan bi sarrera-irteera sortzen dute, bat goialdean, estuagoa dena, badaezpadakoa. Erditu baino lehen balizko eraso batez babesteko bigarren habia sortzen dute.
Gehien bat karraskaria da, beraz, intxaurrak, ezkurrak eta abar jaten ditu; dena den, goseak jota egonik eta zer jan aurkitu ezinean badabil, txorien arrautzak eta baita txorikumeak ere jan ohi ditu.
Europan zuhaitzetan bera bezain trebea denik ez dago, hala ere zenbait etsai ditu, azeriak lurrean jaten aritzen denean eta lepahoria, katajineta, basakatua eta aztorea adarretan. 4-7 kume izan ohi dituzte eguraldia lagun izanez gero eta bazka aski izatekotan.