Artikulu hau ugaztun ezagunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Azeri (argipena)».
Azeriak edo Lukiak (Bizkaiko gune batzuetan) tamaina txiki-ertaineko ugaztun orojaleak dira. Canidae familia barruan hainbat generotako espezieak barneratzen ditu azeri terminoak. Azerien taldean sailkatu diren animaliek burezur laua, belarri triangeluar tenteak, mutur nabarmena eta buztan iletsu luzea dituzte ezaugarri bezala[1].
Azeri izenez ezagutzen diren espezieen barruan, 12 espeziek “benetako azerien” talde monofiletikoa osatzen dute, Vulpes generoan sailkatzen direnak. Beste 25 espezie, gaur egungo eta iraungitako espezieak, beste bi talde parafiletikotan sailkatzen dira: Hego ameriketako azerien taldean eta beste talde periferiko batean[2].
Distribuzioari dagokionean, Antartikan izan ezik, beste kontinente guztietan bizi dira azeriak. Hala ere, azeri espezie hedatuena Vulpes vulpes espeziea da, azeri gorria izenaz ere ezagutzen dena. Espezie honek 47 subespezie ditu, eta ondorioz, azeri espezie arruntena bezala ezagutzen da. Azerien distribuzio zabalak eta haien maltzurkeria ospeak, animalia talde honen nagusitasunean eragin du, mundu mailako gizarte herri eta eta kulturetan protagonismoa lortuz.
Distribuzioa
Gaur egun azeria Europa, Asia, Ipar Amerika, Afrika iparraldean eta Australia hegoaldean aurkitzen da. Mundu guztian dagoen haragijale basati zabalduena da. Europa eta Asiako kontinenteetan lurralde guztian zehar hedatzen dira azeriak. Afrikan Saharako basamortuaren iparraldean aurkitzen dira. Hegoaldeko muturrean ere badago espezie bat. Ipar Amerikan ere Mexikotik Kanadako iparraldera zabaltzen da banaketa. Australiako kasua, berriz, kasu berezia da. Bertan azeria ez da modu natural batean iritsi. Azeria gizakiak sartu zuen artifizialki eta denborarekin populazioaren tamaina handitzen joan da lurralde osora zabaldu arte.
Euskal Herrian
Azeria Euskal Herrian leku guztietan aurkitzen da. Euskal Herrian aurkitzen den azeria azeri gorria edo Vulpes vulpes da. Iparraldeko kostatik Nafarroako basamortura zabaltzen da mota guztietako habitat eta lurraldeak hartuta.
Habitata
Azeriak munduan aurkitzen diren ia habitat guztiak konkistatzea lortu du bere adaptatzeko ahalmenari esker.
Filogenia eta sailkapena
Azeriak Canidae familiako animaliak dira. Hala ere, familia honek otsoak, etxeko txakurrak eta beste hainbat generotako animaliak ere barneratzen ditu. Ondorioz, “azeri” izenak Canidae familia barruan azeri itxura duten animaliak biltzen ditu; ez dio talde taxonomiko zehatz bati egiten erreferentzia.
Azerien taldean dauden genero zein espezieak ugariak dira. Ezagutzen direnak hurrengo taulan aipatzen dira.
Generoa
Espeziea
Izen arrunta
Irudia
Canis
Canis simensis
Etiopiako otsoa, abisiniako otsoa, txakal gorria edo simiar txakala.
Cerdocyon
Cerdocyon thous
Azeri txakurra.
† Dusicyon
Dusicyon australis
Azeri antartikoa, azeri australa, guara edo Falkland irletako azeria.
Lycalopex
Lycalopex culpaeus
Lycalopex fulvipes
Lycalopex griseus
Lycalopex gymnocercus
Lycalopex sechurae
Lycalopex vetulus
Azeri kulpeoa.
Azeri darwiniarra.
Azeri grisa.
Pampetaako azeria.
Peruko basamortuko azeria.
Jaguapitangoa.
Nyctereutes
Nyctereutes procyonoides
Azeri mapatxea edo mapatxe txakurra.
Otocyon
Otocyon megalotis
Azeri belarriluzea.
Urocyon
Urocyon cinereoargenteus
Urocyon littoralis
Azeri grisa.
Azeri penintsularra.
Vulpes
Vulpes lagopus
Vulpes bengalensis
Vulpes cana
Vulpes chama
Vulpes corsac
Vulpes zerda
Vulpes macrotis
Vulpes pallida
Vulpes rueppellii
Vulpes vulpes
Vulpes velox
Vulpes ferrilata
Azeri artikoa.
Bengalako azeria.
Azeri afganiarra.
Caboko azeria.
Corsac azeria.
Feneko azeria.
Basamortuko azeria.
Azeri argia.
Rüppellen azeria.
Azeri arrunta.
Kometa azeria.
Tibeteko azeria.
Morfologia
Azeriek normalean Canidae familiako beste kideak (otsoak eta txakala adibidez) baino tamaina txikiagoa izaten dute. Hala ere, familia honetan tamaina txkiagoko espeziak aurkitu daitezke (mapatxeak adibidez)[3]. Azeri espezie handiena azeri gorria (Vulpes Vulpes) da, eta, 4,1kg 8,7kgko pisua eduki dezake. Bestalde, feneko azeriak 0,7kg-1.6kgko pisua eduki dezake[4].
Azerien ezaugarri ohikoenak dira aurpegi triangeluarra, goranzko belarriak, mutur prominentea eta buztan iletsua. Digitigradoak dira; hots, behatzen gainean ibiltzen dira. Azeriek atzapar partzialki erretraktilak dituzte, Canidae familian arraroa den ezaugarria. Azerien bibrisak beltzak dira, eta, gorpuz atal bakoitzean luzera desberdina hartzen dute. Muturreko bibrisak dira luzeenak, 100-110 mm inguru neurtzen. Hankako bibrisak berriz, 40 milimetroko luzera izaten dute. Beste ezaugarri fisikoak espezie bakoitzaren habitateren arabera aldatzen dira[2].
Azerien ilajeak kolore, dentsitate eta luzera desberdinekoa izan daiteke. Ilaje-desberdintasuna habitat desberdinetarako moldapen gisa azaldu daiteke. Azeri fenizio eta basamortuetako beste azeri espezie desberdinek ile motz eta belarri luzeak dituzte gorputz tenperatura hotz mantentzeko. Azeri artikoetan kontrakoa gertatzen da, ile luzea eta belarri motzekin beroa mantentzea lortzen dute. Azeriek urtaro desberdinetan ilajea aldatzen dute, ilajea dentsoagoa garatuz neguan eta arinagoa udaberri eta udan[4][5].
Azerien hortzeriak kanidoen morfologia jarraitzen du. 42 hortzek osatzen dute, eta, haragijaleen moldapenak erakusten dituzte; hots, hortz kaninoak eta karnasialak.
Garezurrari dagokionez, benetako azerien (Vulpes generoko azeriak) eta beste motetako azerien artean desberdintasun morfologikoak agertzen dira. Desberdintasun nabarienak gandor tenporalean eta lobulo subangularrean ikus daitezke. Benetako azerietan ez dira beste azerietan bezain markatuak eta irtenak.
Ekologia
Bizimodua
Naturan, aske bizi den azeri baten bizi-itxaropena urtebetetik hasita hiru urte artekoa izan ohi da. Hala ere, badaude hamar urte bizitzera ere heldu diren banakoak. Beste kanido batzuk ez bezala, azeriak ez dira beti taldekoiak izaten. Espezie gehienek talde txikietan bizitzeko ohitura dute. Hala ere, badaude bakartiak diren azeriak ere (azeri artikoa, adibidez).
Ugalketa
Gainerako ugaztunek bezala, azeriak sexualki ugaltzen dira, eta haurdun gelditzeko arrakasta probabilitatea % 80koa da. Oro har lau eta bost ume izaten dituzte haurdunaldi bakoitzeko, baina hori aldatu egiten da espezie motaren eta ingurunearen arabera: azeri artikoak, adibidez, 11 ume izan ditzake hardunaldi bakoitzean.
Azeriak monogamoak dira. Oro har, neguan gertatzen da araldia, eta haurdunaldiak zortzi aste inguru irauten ditu. Erditzean umeak gordeleku batean babesten dira aste batzuetan zehar, eta udaran ateratzen dira gurasoekin batera. Udaratik udazkenera bitartean ehiza ikasten dute, eta, independentzia irabaztean bakoitza bere bidea hasten du.
Azeri emeak oro har sei edo zortzi bular-guruin ditu. Aldi berean, guruin bakoitza 8tik 20ra hodi galaktoforo ditu.
Azeri arrak, beste kanidoak bezala, makulua du. Zakilarekin batera, eskrotoa gorputzetik gertu sostengatzen da. Azeri espeziearen arabera esperma ekoizpena urteko sasoi desberdin batean hasten da[6][7][8][9].
Elikadura
Azeriak orojaleak dira. Batez ere, intsektuak bezalako ornogabeez zein narrastiak eta hegaztiak bezalako ornodun txikiez elikatzen dira. Hala ere, badaude beste animalia batzuen arrautzak edo landare mota ezberdinak jaten dituzten azeriak ere. Espezie gehienak harrapakari generalistak dira, baina gutxi batzuk (azeri txakurra adibidez, karramarro-jalea) elikadura espezifikoagoa dute. Azeri gehienek 1Kg inguru jaten dute egunean, eta janari soberakinak hosto, elur eta lur azpian gordetzen dituzte gerora kontsumitzeko. Ehizatzeko metodoa ingurunean kamuflatu eta harrapakinaren gainera salto egitea da. Ehizatu nahi duten harrapakina aukeratu ostean, lurrean makurtzen dira, eta, atzeko hankez baliatuta, harrapakinaren gainera salto egiten dute. Ehizatzea errazten dien ezaugarria hortz kaninoen presentzia da. Horiei esker, harrapakinaren lepoa eutsi eta astindu egiten dute hil arte, edo behintzat, erraiak ateratzea posible izan arte[10].
Kanidoen taldean soilik bi espeziek dute zuhaitzak eskalatzeko gaitasuna: azeri grisak eta azeri mapatxe.
Egoera
Azeri gehienen populazioen tamaina estimatzea zaila izan. Hainbat ikerketa daude benetako tamainen estimazioak egiten saiatzen ari direnak. Kasu batzutena errazagoa da, espezie batzuk lurralde zehatz batzuetara mugatuta daudelako. Baina, beste kasu batzuetan, ia ezinezkoa da.
Zailtasun horiek guztiek alde batera utziz adituen arabera gaur egungo azeri espezie askoren tamaina txikitzen ari da. Gizakiak duen eraginaren ondorioz gertatzen ari da beherakada hau. Arazo nagusiak habitat murrizketak eta zatiketak dira. Espezie arrunten egoera, berriz, egonkor mantentzen da, Vulpes vulpes edo azeri gorriaren kasuan bezala. Kasu honetan populazioaren tamaina jakitea ezinezkoa da bere hedadura zabalarengatik. Horregatik, hauen estimazioak lurralde zehatzetara murrizten dira eta, hala ere, oso zaila da. Populazioa egonkorrean dauden beste espezie batzun adibideak: Lycalopex culpaeus, Vulpes lagopus edo Cerocyon thous dira. Hauen egoera IUCN-ko zerrenda gorrian: arrisku gutxiko espezieak.
Erreferentziak
↑Macdonald, David Whyte; Sillero-Zubiri, Claudio. (2004). The biology and conservation of wild canids. Oxford University Press ISBN978-0-19-851555-5. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
↑ abLloyd, H. G.. (1981). The red fox. (2. impr. argitaraldia) Batsford ISBN978-0-7134-1190-4. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
↑Nowak, Ronald M.; Macdonald, David W.; Kays, Roland W.. (2005). Walker's carnivores of the world. Johns Hopkins Univ. Press ISBN978-0-8018-8032-2. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).