Kanadako historia duela 20.000 urte hasi zen. Lehen biztanleak orain dela 20.000 bat urte heldu ziren Kanadara, ur mailaren beheratzeak igarobidea libre utzirik Asiatik zetozen ehiztari taldeek Beringko itsartea igaro zutenean.
IX. mendea - XV. mendea
IX. mendeanirlandarrek, bikingoek Islandiatik bidali baitzituzten, San Lorenzoko golkoan hartu zuten egoitza. 1000. urte inguruan bikingoak Leif Eriksonen agintepean Labradorko kostaldera joan ziren, eta Vinland (“Mahasti lurraldea”) jarri zioten izena lurralde hari. Lehen talde horiek ez ziren ordea zabaldu.
XVI. mendearen bigarren erdian euskal baleazaleek Ternuako kostaldeetan hartu zuten egoitza eta dirudienez baita Eskozia Berrian ere; gero frantsesek egotzi zituzten handik, XVII. mendearen lehen erdian. Lehen kolonizazio saioak Samuel Champlainek egin zituen, eta hark fundatu zuen Quebec1608an lehen frantses kolonoak eramanda.
1627an Richelieuk Frantzia Berriko konpainiari eman zion salerosketa monopolioa, baina kapital faltaren ondorioz asmo hark ez zuen onik izan. 1663anLuis XIV.ak, Colberten aholkuz, Frantzia Berria, Kanada alegia, erregearen agintepean ezarri zuen, eta handik aurrera kolonia moldeko administrazioa izan zuen. Indiar irokiarrak menderatu zituzten; etorkinak ugaritu ziren eta kolonia 20 urtean 2.000 biztanle izatetik 10.000 izatera igaro zen. 1684an beste gerra bat hasi zen irokiarren kontra, larruen salerosketa zela eta. Ingelesekin ere garai hartan hasi ziren istiluak; Hudsongo badiaren kostaldean bizi ziren ingelesak.
Ipar Ameriketako britainiar kolonien matxinada hasi zenean, Kanadako biztanle britainiarrek laguntza eskaini zieten, baina, frantses hizkuntzako biztanleen leialtasunari esker, koloniak erregetzari leial jarraitu zuen. Ipar Ameriketako Independentziaren gerraren ondoren (1775-1783), erregetzari leial ziren kolono asko Kanadara joan ziren eta Brunswick Berriko eskualdea sortu zuten.
Britainiar biztanleen olde berri honen ondorioz idatzi zen 1791ko Konstituzio Agiria, lurraldea bi zatitan banatzen zuena: Kanada Garaia (Ontario, hizkuntzaz ingelesa), eta Kanada Beherea (Quebec, frantsesa), bakoitzak bere parlamentua zuela.
XIX. mendea
1812an Estatu Batuetako osteak sartu ziren Kanadan, eta han geratu ziren 1814an, Ganteko itunaren bidez, Ingalaterraren eta Estatu Batuen arteko bakea izenpetu zen arte. 1817-1832 artean Britainia Handitik zetozen 120.000 etorkin heldu, eta biztanleen kopurua 1.400.000ra igo zen. 1837-1838 artean gobernuari erantzukizun handiagoa eta metropoliarekiko askatasun gehiago eskatzen zioten matxinadak piztu ziren, eta Lord John Durhamek, Londrestik etorrita, bi koloniak batzea erabaki zuen (Batasunaren Agiria, 1840).
Konstituzio berri honek Kanadaren alderdi britainiarrari askoz indar handiagoa ematen zion, parlamentuan parlamentari kopuru bera ematen baitzien frantsesei eta ingelesei, nahiz eta jatorri frantsesekoak askoz gehiago izan. 1848an erreformazaleek ministerioaren erantzukizun osoa onartzea lortu zuten biltzar legegilearen aurrean. Urte horretan bertan ekonomia egonkortasun garai bat hasi zen, komunikabide berriak sortu eta, Krimeako Gerraren ondorioz, gari esportazioak gehiagotu zirelako
Mendebalerako emigrazioak eta Canadian Pacific Railwayen sorrerak indiarren matxinadak eragin zituzten 1869, 1884 eta 1885ean. Mendebaleko hedapenak lurraldea zabaldu zuen Saskatchewan eta Albertako probintziekin. Elkartu zen azkena Ternua izan zen, 1949an.
XX. mendea
1931. urtean, Westminsterko estatutuaren bitartez, burujabetza osoa lortu zuen Kanadak. Bigarren Mundu Gerran lehen aldiz parte hartu zuen Kanadak gerra batean estatu burujabe gisa, eta Ingalaterraren bihi horniduraren ziurtatzaile izan zen gainera. 1935etik aurrera, John Diefenbakeren gobernu kontserbadorearen garaian izan ezik, liberalek izan zuten agintaritza. 1968anPierre Elliot Trudeau aukeratu zuten Lehen Ministro; hizkuntza ofizialtzat onartu zituen frantsesa eta ingelesa eta konstituzioa berritzen saiatu zen, baina mendebaleko probintzietako kontserbadoreek kontra egin zioten; horrez gainera, Quebeceko Liberazio Frontearen indarrezko nazionalismoari ere aurre egin behar izan zion.
Joe Clarken garaipenaz kontserbadoreek hartu zuen berriz aginpidea 1979an, baina Clarkek urte hartan bertan aurkeztu behar izan zuen dimisioa. 1980an Trudeauk irabazi zituen hauteskundeak, baina 1984an alderdi liberalaren buruzagitza utzi eta dimisioa eman zuen. Turner izan zen haren ondorengo alderdi liberalaren eta gobernuaren buru gisa, baina urte hartako irailean alderdi kontserbadoreak irabazi zituen hauteskundeak.
Martin Brian Mulroney hautatu zuten Lehen Ministro, eta kontserbadoreek irabazi zuten berriz 1988an. Thatcherren eta Reaganen politikei jarraitu zien Mulroneyk ekonomian; aurrekontuen defizita murrizten eta inflazioa jaisten saiatu zen, enpresak liberalizatzeko neurriak hartu zituen, zergak eraberritu zituen, eta kanpoko inbertsioak erakartzeko ahaleginak egin zituen (zenbait hitzarmen sinatu zituen, besteak beste, Estatu Batuekin).
1990eko hamarraldian tentsio egoerak izan ziren Quebeceko abertzaleen eta gobernu federalari nagusitasuna ezagutzen ziotenen artean. Izan ere, 1986an hitzarmena sinatu bazen ere, Quebeceko eskakizunei jarraituz, Kanadako konstituzioa aldatzeko, bi probintziak ez zuten onartu aldaketa proiektua eta bertan behera gelditu zen. Dena dela, 1992rako beste proposamen bat egin zen, eta erreferendumera eraman zen, baina ez zen onartu. Politikan gorabehera handiak izan ziren arren, ekonomian ahalegin berezia egin zuen Mulroneyk, baina 1993an, ekonomiaren gainbeheraren eta gorabehera politikoen eraginez, bertan behera utzi zuen bere kargua.
Kim Campbell izan zuen ondorengo, Kanadako Lehen Ministro izatera iritsi zen lehenengo emakumezkoa, hain zuzen ere. Baina urte hartan bertan hauteskundeak egin ziren eta liberalek irabazi zuten, gehiengoz. Jean Chrétien izan zen garaile. Bloc Québecois delakoak indar handia hartu zuen, halaber, Quebecen independentziaren alde agertu izanari esker, eta harrezkero Quebectarren eskakizunak areagotu egin dira.
1995eanQuebecen independentziari buruzko erreferenduma egin zen eta ezezkoa atera zen, oso tarte txikiagatik, eta Chrétienek hauteskundeak aurreratu zituen, bere kargua galtzeko beldur baitzen. 1996an Kanadako gobernuak probintziei eskumen gehiago eman zizkien, Bloc Québecoiseko buruzagi Lucien Boucharden eskutik, nazionalismoak baretzearren eta, batez ere, Quebecen independentzia grina baretzearren.
Baina Quebeci emandako eskumenak zirela-eta, areagotu egin zen mendebaldeko probintzien etsaitasuna gobernu federalaren kontra. 1997an hauteskundeak egin ziren eta alderdi liberala atera zen berriro irabazle, baina lekuan lekuko alderdi erregionalisten indarra areagotu egin zen. 1998an, lurralde barrutietako hauteskundeak egin ziren Quebeceen eta Bloc Québecoiseko buru Lucien Bouchardek lortu zuen berriro garaipena, baina ez zuen lortu independentziari buruzko erreferenduma antolatzeko adinako indarrik. 1999an, Ottawako gobernuak autonomia eman zion Kanadako ipar-ekialdeko Nunavut lurraldeari.
XXI. mendea
2000. urteko hauteskundeetan, Kanadako Alderdi Liberalak irabazi eta Jean Chrétien izendatu zuten lehendakari. 2003an, Chrétien erretiratu egin zen eta Paul Martin izan zen haren ordez lehendakari. 2004ko hauteskundeak Martinen alderdi liberalak irabazi zituen berriz, baina berehala ustelkeria salaketa handiak izan zituen.