Piłsudskiren independentziaren aldeko ekimenak eta ideologia sozialista zirela eta, Errusiako tsarrak etengabe esetsi zuen. Lehen Mundu Gerra hasi zenean, behar-beharrezko ikusten zuen Piłsudskik indar aliatuak Errusiaren eta Alemaniaren aurkako gerran garaile irtetea, Polonia aske geratuko bazen. Bere herrikideekin batera Errusiaren aurka borrokatu ondoren, Alemaniak eta Austria-Hungariak Poloniaren independentzia onar zezaten lortu zuen 1916an. 1917ko Errusiar Iraultzak eta Aliatuek Alemania eta Austria-Hungaria menderatzeak Polonia askatzeko aukera ekarri zuten.
Poloniako estatu berriko lehendakari hautatu zuten 1918an. Ahaleginak egin zituen Polonia Sobietar BatasunekoArmada Gorriaren erasoetatik babesten. Lituaniarekin eta Ukrainarekin batera estatu federal bat osatzen ahalegindu zen, baina 1920an Armada Gorriaren erasoak atzera eragin zuen.
Polonian konstituzio demokratikoa onartu zenean (1922), lehendakaritza utzi zuen. Hala ere, bere lagunen bitartez gobernatzen zuen, eta 1926an, ekonomiaren larriune batean, armadarekin Varsovian sartu eta agintea lortu zuen estatu kolpearen bidez. Hortik hil arte modu diktatorialean gobernatu zuen.
1930 ondoko urteetan Hitlerrek behin eta berriro egin zion Alemaniarekin Errusiaren aurkako aliantza bat osatzeko proposamena. Hitzarmen bat sinatu zuen Alemaniarekin, hamar urtez elkarri erasorik ez egiteko. Barne politikari dagokionez, armada osatzeari ekin zion, baina albo batera utzi zuen ekonomia garapena.