Jerry Garcia —jaiotza-izena: Jerome John— (San Francisco, Ameriketako Estatu Batuak, 1942ko abuztuaren 1a - Novato, Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak, 1995eko abuztuaren 9a) gitarra-jotzailea izan zen.
Bizitza
Oso gazterik hasi zen musikarako eta, batez ere, gitarrarako zaletasuna erakusten, eta 1960ko hamarraldiaren hasierarako tresna horren birtuosoa zen. 1965ean Grateful Dead taldea sortu zuen, Robert Hall, Ron "Pigpen" McKernan eta William Bill Kreutzmannekin batera. 1967. urtean eman zuten argitara lehen diskoa, The Grateful Dead eta Woodstockeko jaialdi ospetsuan parte hartu zuten handik bi urtera, 1969an. Kaliforniako acid rock joerako talde nagusia bihurtu zen Grateful Dead hurrengo urteetan, eta 1970eko hamarraldian psikodeliaren aitzindari izan zen.
Hala ere, 1980ko hamarraldian kaosa nagusitu zen taldean. Besteak beste, osasun-arazo larriak izan zituzten. Garciak heroinazalea zela aitortu zuen 1982. urtean, eta koma diabetikoan sartu zen 1986an. Grateful Dead taldeak 1990ean eman zuen argitara bere azken diskoa, Without a Net (Sarerik gabe), eta handik bost urtera jo zuten azken kontzertua. Azken kontzertua eman eta hilabetera, bihotzekoak jo zuen Jerry Garcia, eta hil egin zen. Jerry Garcia bat-batekotasunaren eta adierazpen librearen alde agertu zen, hedabideen, merkatuaren eta politikaren presioari aurre egin zion, eta artistaren eta gizonaren askatasunaren alde borrokatu zen, bere karrera guztian zehar.
Erreferentziak