Jakuta[1] (errusieraz: Якуты, Jakuty) edo sakha (sakheraz: Сахалар, Sakhalar) ekialdeko Siberiako herri handienetako bat da, kulturari dagokionez oso errusiartua dagoena. XX. mendearen amaieran 380.000 inguru ziren[2]. Gehienak Jakutian bizi dira, baina Amur, Magadan eta Sakhalinen ere hedaturik daude.
XV. mendetik aurrera zabaldu ziren sakhak mendebaldetik Baikal aintziraren iparraldeko lurraldeetara eta Lena ibai arroaren erdialdeko lurraldeetan finkatu ziren XVII. mendean. Jakutak turkiarrak dira jatorriz, familia horretakoa da sakhera, beren hizkuntza, eta evenk izeneko herri siberiarrarekin nahasi ziren. Oraindik orain, jakutak erdi-nomadak eta abeltzainak dira eta, Siberiako beste herri batzuek ez bezala, zeramika eta burdina lantzen dituzte aspaldidanik. Guztiz bizkortu da jakuten errusiartzea XX. mendean zehar.