Asaldura morfologiko eta biokimikoak eragiten ditu. Asaldura hauek hasieran itzulgarriak badira ere, denbora igaro ahala itzulezinak bihurtzen dira eta nekrosia ager daiteke. Denbora hau aldagarria da zelula motaren arabera: burmuinetako zelulentzat 3-5 minutu, aldiz, miokardio, giltzurrun eta gibeleko zelulentzat 30 minutu.
Iskemia ez da hipoxiarekin nahastu behar. Azken honetan ere oxigeno horniduraren gutxitzea dagoen arren, ez baita metabolito pilaketarik ematen eta horregatik, beti da itzulgarria.
Etiologia
Iskemia gorputzeko atal batzuetako odol fluxu desegokia bezala ere deskriba daiteke, odol hodien uzkurketa edo blokeoaren ondorioz. Honen arrazoiak hainbat izan daitezke:
Alde batetik, kaltetutako organoarekin erlazionatutakoak daude. Kasu honetan ehun bakoitzaren funtzioaren asaldura emango da. Hanketako iskemian esaterako "klaudikazio intermitentea" agertuko da, miokardioko iskemiak bularreko angina sortuko du...
Beste batetik, iskemia guztietan agertzen diren sintomak daude Hauetan aipagarriena oinazea da. Oinaze hau areagotu egingo da ehunaren oxigeno beharrak handitzen diren heinean. Ariketa fisikoarekin ere areagotu egingo da. Hala ere, zenbait kasuetan ez da oinazerik agertzen eta hau iskemia isila bezala ezagutzen da. Kalteturiko zonaldean zurbiltasuna eta hotza ere agertuko dira.
Lesioak
Lesio itzulgarriak
Oxigenoaren gabeziak denbora gutxi irauten duenean, lesioak itzulgarriak izango dira.
Oxigeno gabezia dela eta, metabolismoak glikolisi anaerobiorarako joera izango du eta honen ondorioz, alde batetik ATP eskuraketa gutxituko da eta bestalde, azido laktikoaren kontzentrazioa gehituko da zelula barneko azidosia agertuz.
Beraz, zelula barnean pH baxua egongo da. Honen eraginak kromatinaren uzkurdura, erribosomen banantzea (proteinen sintesia kaltetuz) eta Na/k ponparen inhibizioa izango dira. Ponparen jarduera etetea dela eta, sodioa zelula barnean metatzen joango da, likido euspena areagotuz eta edema sortuz.
Odol fluxua denbora egokian lehengoratuz gero, dena normaltasunera itzuliko da lesioak itzuliz.
Lesio itzulezinak
Iskemiaren baldintzak mantenduz gero aldiz, lesioak itzulezinak izango dira.
Zelula barneko pH balio baxuek lisosomen deuseztatzea eragingo dute bere barneko entzimakzitoplasman aske geratuz. Zelula mintzaren asaldura emango da deuseztatzera iritsiz. Mintz honen osagaiak diren fosfolipidoen degradazioa ere emango da mintzaren erregulazio gaitasuna galduz.