Hargin lana eraikuntza sistema tradizional bat da, hormak eta paramentuak eraikitzeko, haiek osatzen dituzten elementuak edo materialak (harlangaitzak, gehienetan)[1] eskuz jarrita. Elementu horiek landuta edo landu gabe egon daitezke, edo oso lanketa zakarrez[2]. Hargin lana egiteko material ohikoenak adreiluak, eraikuntza harriak (marmola, granitoa eta kareharria),[3] harri urtua, hormigoizko blokeak, beirazko blokeak eta hesi-hormak dira.[4] Hargin lana, oro har, eraikuntza modu oso iraunkorra da. Alabaina, faktore batzuek eragin nabarmena izan dezakete harri hormaren eraikuntzaren iraunkortasunean, besteak beste: erabilitako materialek, morteroaren eta eskulanaren kalitateak, eta unitateak mihiztatzen dituen txantiloiak.
Sistema honen bidez, erabilitako materialen hondakinak murriztu egiten dira, gehienak berrerabil daitezkeenez, eta fatxada sostengatzaileak sortzen dira; beraz, altuera handiko eraikuntzetarako egokia da, eraikuntzaren zatirik handiena egiturazkoa baita.
Azalpena
Hargin lanez egindako horma batek harlangaitzezko unitateak ditu, gehienetan buztinezkoadreiluak, egitura independente baten alde bietan edo bakar batean instalatuta. Horrela, adreiluzko hargin lana apaingarria da nagusiki, ez egiturazkoa, hormaren benetako egitura zurez edo harlangaitzez egina egoten baita. Adreiluzko estaldura egitura hormari lotzen zaio metalezko estekak erabilita eta piezen arteko morteroaren bitartez. Gehienetan, aire espazio bat uzten da adreiluzko estalduraren eta egitura hormaren artean. Buztinezko adreilua, oro har, guztiz iragazgaitza izaten ez denez, egitura hormari, askotan, urarekiko erresistentea den gainazal bat eransten zaio, (eskuarki, mundrun papera), eta drainatze zuloak uzten dira adreiluzko estalduraren oinarrian, aire espazioaren barruan metatzen den hezetasuna drainatzeko. Hormigoizko blokeak, harlangaitzak eta harlanduak oso antzera erabiltzen dira.[5]
Hormetan erabiltzen diren materialen antolaketari eta loturari adreilu zoladura esaten zaio.
Gaur egun, piezak lotzeko, eskuarki, zementuzko, karezko eta hareazkomorteroa erabiltzen da, ur kantitate egoki bat edo igeltserotzako zementuzko mortero bat gehituta, zementuaren hondakinekin egina. Antzina, lokatza edo buztina ere erabiltzen zen, beste elementu natural batzuk gehituta, hala nola lastoa, edo, landa eremu batzuetan, behi eta zaldi gorotzak.[6]
Erabilerak
Harlangaitzez egindako hargin lana hormak eta eraikinak egiteko erabili ohi da. Gaur egun, adreilua eta hormigoi blokea dira herrialde industrializatuetan erabiltzen diren harlangaitz mota ohikoenak. Hormigoizko blokeak, batez ere nukleo hutsak dituztenak, aukera handikoak dira hargin lana egiteko. Oro har, konpresioarekikoerresistentzia handia daukate, eta zehar karga arinak dituzten egituretara hobeto egokitzen dira, nukleoak betegarririk gabe daudenean. Aldiz, nukleo batzuk edo guztiak hormigoi hutsarekin edo altzairuz indartutako hormigoiarekin betetzen badira, askoz erresistentzia handiagoa du trakzioari dagokionez eta egituren alboei dagokienez.[7]
Aldeko faktoreak
Adreiluak, harriak eta gisako materialak erabilita, eraikin baten masa termikoa handitu egin daiteke.
Harlangaitzez egindako hormak erresistenteagoak dira jaurtigaiekiko, esate baterako urakanek edo tornadoek airean bidaltzen dituzten hondakinak.[8]
Aurkako faktoreak
Muturreko klima hotzetan, harlangaitzez egindako hormaren degradazioa errazago gerta daiteke, izozte eta desizozte zikloekin lotutako dilatazio hedapen eta uzkurdura indarren eraginez.
Harlangaitza pisutsua denez, oinarri sendo batean eraiki behar da, hormigoi armatua balitz bezala, ongi bermatuta gelditu dadin eta pitzatu ez dadin.
Hormigoia albo batera uzten bada, hargin lana ez da egokia makina bidez egiteko, eskuz egin beharra dago gehienbat, eta habeen egiturak baino kualifikatuagoko eskulana behar du.
Harlangaitzezko hormek arazo bat dute: hormaren pisuaren mende daude, batez ere, beren lekuan irauteko; izan ere, bloke edo adreilu bakoitza morterozko geruza mehe baten bidez soilik dago konektatuta hurrenarekin. Horregatik, ez dute ongi erantzuten lurrikaretan, hau da, eraikin osoa horizontalki astintzen denean. Lurrikaretan, harlangaitzezko horma sostengatzaileak dituzten eraikin askok behea jotzen du; are eta gehiago, eraikin astunen kasuan.[10]
Hargin lanak
Harri lehorreko hormak
Harri lehorreko hormak harriz edo adreiluz eraikitzen dira, morterorik edo beste orerik erabili gabe, piezak bata bestearen gainean jarrita. Harlangaitzak banan-banan aukeratu behar dira, multzoak egonkortasuna izan dezan. Batzuetan, harri txikiak edo legarrak erabiltzen dira, harlangaitzak finkatzeko eta haien arteko hutsuneak betetzeko.
Horma lehor mota horren adibideak aurki daitezke Andeetan, batez ere Perun eta Boliviako iparraldean; Euskal Herrian, kareharri grisez edo gorriz egindako horma lehorrak ohikoak dira landa eraikuntza tradizionaletan. Teknika bera oso hedatua dago, baita ere, Mallorcan, Menorcan eta KataluniakoPriorat eta Terra Alta eskualdeetan.
Harrizko hormak
Hargin lanetan erabiltzen diren harrizko blokeak landuak edo landugabeak izan daitezke, baina batean zein bestean eraikinaren kantoiak, ate zangoak eta antzeko eremuak landuta egon ohi dira. Izan harlangaitzak, izan harlanduak edo izan bien nahasketa bat, piezak altuera uniformeko ilara ildaskatuetan jartzen ahal dira, harriak kontu handiz hautatuz edo ebakiz; alabaina, hargin lan askotan piezak ez daude lerrokatuta.
Hargin lan arrunta
Harlangaitzak karez edo zementuz egindako mortero batekin elkartuta egiten da. Piezak ahalik eta gehien egokitu behar dira, morteroz bete beharreko hutsarteak ahalik eta gutxien izan daitezen. Tarteak betetzeko legarra kanpora agertzen dela utz daiteke, soilik gero paramentuaemokatu behar baldin bada.[11]
Harlangaitz kareztatua
Hargin lan mota honetan, harlangaitzak kanpoko paramentua egiteko aurpegian bakarrik lantzen dira, hormak eraiki ondoren karez estaliko baitira. Harlangaitzek ez dute forma edo neurri jakinik, baizik eskuratu bezala jartzen dira, elkarri ahalik eta hobekien egokituta. Hormen barruan legarrak erabil daitezke, hutsuneak bete edo berdintzeko, baina ez ageriko paramentuan.[12]
Harlangaitz itundua
Hargin lan mota honetan, harlangaitzak juntura eta paramentu aurpegietan forma poligonal gutxi-asko erregularretan lantzen dira, elkarrekiko egokitzapena aurpegi aski lauetan gertatu dadin beti.
Mota honetan ez dira legarrak erabiltzen, eta kanpoko paramentuko harlangaitzak prestatu behar dira, ageriko aurpegiek forma poligonala izan dezaten eta alboetako harlangaitzen hutsunea bete dezaten. Erpin berean harlangaitzen lau ertz egotea saihestu ohi da.
Harlangaitzak baino zabalagoa izan behar denean horma, lehenik ageriko paramentuetako harlangaitzak ezarri behar dira, eta, ondoren, betegarriko harlangaitzak, behar izanez gero, legarrak erabilita. Tarterik tarte, bi paramentuak lotu behar dira, horma alderik alde zeharkatzen duten parpainarriak[13] erabilita, multzoa trinkotzeko behar bezain luzeak. Horma alderik alde hartzeko parpainarri bakarra aski ez bada, bi edo gehiago jartzen dira, txandaka, erdi lodieraraino, eta, behar izanez gero, buztanetatik irabiatzen dira, metalezko bridekin.[14]
Harlangaitz itunduko horma batean ilara horizontalak eratzen badira, juntura bertikalen lerroak txandakatu egin behar dira, eta aldameneko bi ilaratako junturaren artean gutxienik 20 cm utzi behar dira.[15]
Adreilu zoladura trinkoa bi adreilu ilara edo gehiagoz egiten da, piezak horizontalki ezarrita, horman zeharka jarritako adreiluz elkartuta.[16] Adreilu horizontalen eta zeharkakoen konbinazioak zenbait zoladura sortzen ditu, hala nola zoladura arrunta (bost ilara horizontal eta seigarrena zeharka), ingelesa, eskoziarra edo flamenkoa.[17] Zoladurak indar eta ahalmen isolatzaile desberdinekoak izan daitezke. Bertikalki mailakatutako loturak indartsuagoak izan ohi dira eta pitzadura gutxiago pairatzeko joera dute, mailakatu gabeko loturen aldean. Hormigoizko habeekin ere indartu daitezke.[18]
Uniformetasuna eta landugabetasuna
Oro har, nazio industrializatuetan eskuragarri dauden adreilu mota eta estiloen aukera zabalari esker, asko alda daiteke adreilu zoladuren azken emaitzaren itxura. 1950 eta 1970 bitarteko hamarkadetan egindako eraikinetan, ohikoa zen adreiluen uniformetasun eta doitasuna maila handia. Ordutik, estilo hori antzutzat jo izan zen, eta itxura zaharkituagoko edo latzagoko lanak egin izan ziren. Adreiluzko gainazal batzuk bereziki landugabeko itxuran egin ohi dira, adreilu erreak, kolore ilunagokoak edo forma irregularrekoak erabilita. Beste batzuetan, adreilu zaharrak berrerabiltzen dira, nahitara, edo adreilu berriak artifizialki zaharkitzen dira zenbait gainazal tratamendu aplikatuz. XX. mendearen amaieran, arte estilo librean oinarritutako saioak ezagutu ziren, ilarak ez zuzenak eginda, nahita, baizik eta inprimaketa organikoagoak itxuratzeko ehunduta.[19]
Hormigoizko bloke arruntak edo, batzuetan, adreilu zulatuak erabiltzen dira gaur egun (concrete masonry unit CMU, ingelesez), batez ere, hargin laneko hormak eraikitzeko.[23] Oro har, adreilu arruntak baino askoz handiagoak dira, eta, beraz, askoz bizkorrago jasotzen dira tamaina handiko hormak. Gainera, zementu eta hormigoi blokeek adreiluek baino askoz ere ur gutxiago xurgatzen dute. Sarritan, egitura nukleo gisa erabiltzen dira, adreilu xaflatuen hargin lanetan, edo lantegi, garaje edo industria estiloko eraikinetan, itxura hori onargarria edo desiragarria denean. Blokeak, askotan, iztuku gainazal batez estaltzen dira, dekorazioari begira. Gainera, maiz zementua erabiltzen da piezak lotzeko, zuntz sintetikoak dituena; horrek erresistentzia gehigarria ematen ahal dio hormari. Gainazalak itsasteko zementuak, usu, kolore bat izaten du aurretik, eta tindatu edo pintatu egin daiteke. Horren ondorioz, gainazal bukatua iztukuaren antzekoa geratzen da.[24]
Estaldurako hargin lana
Eraikin isolatu gehienek, hormigoizko blokeak, adreiluak, harria, estaldurak edo horien konbinazioren bat erabiltzen badute ere hormak altxatzeko, barne isolamendu bat izan ohi dute zurezko hormen artean, izan beira zuntzezko blokeak, izan igeltsuz estalitako plaka isolatzaile zurrunak, izan igeltsuzko panelak.[25] Klima gehienetan era horretako isolamendua askoz eraginkorragoa da hormaren kanpoaldean, eraikinaren barrualdeak harri hormaren masa termikoa baliatu ahal izango baitu. Nolanahi den ere, teknika honek kanpoaldeko gainazalen bat eskatzen du, eguratsarekiko erresistentea, isolamenduaren gainean, eta, ondorioz, garestiagoa da.
Gabioiak
Gabioiak (italierakogabbione hitzaren mailegua, «kutxa handi» esan nahi duena, latinezkocavea «kutxa» hitzetik eratorria) altzairugalbanizatuz egindako saskiak dira, tamaina ertaineko harri hautsiz betetzen direnak. Horiek unitate bakar gisa jokatzen dute, atzeraemanguneekin pilatuta, estaldura edo euste horma bat osatzeko. Abantaila hauek ditu, besteak beste: drainatzeko gaitasuna, malgutasuna, uholdeekiko erresistentzia, ur jarioa goitik jasatea,[26] eta erresistentzia handia edukitzea izozteek eragindako kalteekiko eta lurzorutik datorren ur emariekiko. Gabioien balio bizitza loturik dago, noski, osatzen duten kablearen erresistentziari, eta klima gogorretan erabiltzen bada (adibidez itsasertzean, ur gaziko ingurunean), korrosioarekiko erresistentea den kable bat erabiltzea komeni da.[27] Gabioi moderno gehienak angeluzuzenak dira.
Lehenago, gabioiak zumez egindako saski zilindrikoak izaten ziren maiz, bi muturretan irekiak, eta gehienetan aldi baterako eraikuntzetarako erabiltzen ziren.