Gerediaga Elkartea1965ekoekainaren 7an sortu zuten Durangaldean, "Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea" izenarekin, eskualdeko bizitza sozial eta kulturala berpiztu nahian. Frankismoaren testuinguruan, Elkarteen lege berri bat aprobetxatuz sortua, izan ere, Bizkaian erregistratu zen lehenengo kultur elkartea izan zen.[1] Egoitza nagusia Abadiñon daukate, Astolako Auzitegi Etxean.
Astola Aldizkaria2007an jaio zen, publiko orokorrari begira, Durangaldeari buruzko ikerketa gaiak eta historia biltzeko asmoarekin. Aldizkaria euskaraz zein gaztelaniaz idazten da eta urtean behin argitaratzen da.[2]
Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa
1967an egin zen lehenengo Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa, Mañarian. Urtero, Durangaldeko elizate edo uri baten egiten bada ere, parte-hartzaileak Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko artzainak dira.[3]
Durangoko Azoka
1965ean, elkarte sortu berria zela antolatutako lehenengo ekintzetarikoa izan zen Durangoko Azoka, Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzako ekoizpena ezagutarazteko, baita euskalgintzako sektoreen topalekua izateko ere.[4]
Ezpatadantzari Eguna
Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna 1967. urtean antolatu zen lehenengoz, Iurretan. Dantzari dantza, edo Ezpatadantza, galtzeko arriskua zelako. Egun horretan, dantzari dantza osoa, aurreskua eta erregelak dantzatzen dira. 2009az geroztik ere Dantzaroa ospatzen da, non eskualdeko beste dantza batzuk ere lekua dute: Garaiko Gernikako Arbola dantza, ElorrionErrebonbilloen arma alardea, Durangoko Platilo Soinua, Iurreta eta Garaiko nesken sokadantza, Gorularien estanpa, Arkudantza eta Domingillo dantza.[5]
Merinalde Eguna
Durangoko Merinalde Eguna Gerediaga baselizan egiten da, foru zelaiean dagoen eraikinean, egun Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzetako bat dena. 1997tik eta bi urterik behin, Durangaldeko Teila saria banatzen du Gerediaga Elkarteak Durangoko Merinaldeko kanpoko norbaiti, Durangaldearekin izan duen lotura aitortzeko eta eskualdearen alde egindako lana eskertzeko.[6]